Bizkai Buru Batzarraren buruak ez du ezkutatu nahi izan harritu egin duela EH Bilduk erabili izan duen neurri bikoitzak, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan “errez” adostu ahal izan den arren, talde horri txarretsi dio gainerako lurraldeetan “oso jarrera ezbardinak” erakutsi izana
Iñigo Ansolak, Bizkai Buru Batzarraren buruak, begi onez jo du eta balioetsi du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EH Bildu batzarkide taldearen artean aurrekontuen inguruan adostu den akordioa, zeinaren bidez EH Bilduk abstentzioa bozkatuko baitu Bizkaiko Foru Aldundiak 2025rako aurkeztu dituen kontuen bozketan, datorren ostiralean, abenduak 27, Gernikako Batzar Etxean egingo den bilkuran; akordio honek Ganberako 51 eserlekuetatik 46 gehitzen dituelarik. Bizkaitar jeltzaleen buruak Bizkaia Irratiko mikrofonoetan aldarrikatu duenez “beti esan dogu Euzko Alderdi Jeltzalean, nahiz eta erakunde batzutan gehiengo absolutua geure alde euki, akordioetara heltzearren, inoiz ez genduzala ateak itxiko. Eta, gaur berton ikusi danez, esan geinke Bizkaiko Foru Aldundiak erakutsi dauala akordioetara heltzeko gaitasuna daukala, gehiengo absolutu hori baliatuteko beharrik izan barik”, azaldu du. BBBren burua, hala ere, harrituta agertu da EH Bilduk “lurraldearen arabera jarrera ezbardinak” dituela ikusita, batez ere Bizkaian akordioa “errez” adostu dela ikusita.
Gogora ekarri duenez “Bizkaiko Aldundiaren aurrekontua 2.174 milioi eurokoa izango da eta akordioa adostu da “EH Bildu taldeagaz, hurrengo hiru urteotarako 33 milioiko partidak onartuz”. “Ateak zabal-zabalik daukaguz beti akordioetarako eta, kasu honetan, ikusi da borondatea eta herriaren alde lan egiteko gogoa dagoanean, erreza da adostea”, adierazi du. Horregatik txarretsi dio EH Bilduri “lurraldearen arabera eta erakundearen arabera jarrera ezbardinak erakustea”. Esate baterako, “Eusko Jaurlaritzari begira be, gauza bera esan geinke. Ikustea besterik ez dago, pasa dan astean bertan Eusko Jaurlaritzagaz akordioetara heltzerik ez zala egon. Gipuzkoan bertan be ez da modurik egon EH Bildugaz akordioetara heltzeko eta, jakin badakit, Euzko Alderdi Jeltzaleak eginahalak egin dituela akordioetara heltzeko; eginahalak, ganera, esango neuke, Bizkaian baino indar handiagoagaz, baina ez da modurik egon”, deitoratu du.
Ansolak egiaztatu ahal izan du akordioek “egonkortasuna” dakartela, “Euskadin harro aldarrikatu behar doguna”, eta esan du egonkortasun horrek ere badakarrela “ongizatea herritarrentzat”. EAJ-PNV da “herriaren zerbitzura dagoan alderdi politikoa, beti izan dan moduan, eta holan jarraituko dau”, eta zentzu horretan gaineratu duenez “zenbat eta egonkortasun handiagoa, orduan eta hobeto guztiontzat”.