Eusko Jaurlaritzak datozen asteetan itxiko du Atzerritarrentzako Lan-baimenen eskualdaketa

Transferentzien Batzorde Mistoan sinatu da gaur Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketaren eta Zinematografia-eta Ikus-entzunezko Jardueraren eskumenen eskualdaketa. Era berean, Erakundeak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Azpibatzordearen bilera egin da, aurreratuagoak dauden 4 eskumenen eskualdaketa bizkortu eta ixteko.

Eusko Jaurlaritzak datozen asteetan itxiko du Atzerritarrentzako Lan-baimenen eskualdaketa 16Abenduak
2024
2024 AbenduaK 16 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Transferentzien Batzorde Mistoa Madrilen bildu da gaur, azaroaren 26an Imanol Pradales Lehendakariaren eta Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidentearen artean egindako Aldebiko Lankidetza Batzordean adostutako bi eskumenak Euskadira eskualdatzeko: batetik, Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailaren esku geratuko dena; eta bestetik, Zinematografia- eta Ikus-entzunezko Jarduera, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren esku geratuko duena.

Transferentzien Batzorde Mistoan parte hartu dute Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak; Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Noël d 'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak; Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak eta Begoña Pérez de Eulate Autogobernu zuzendariak.  Espainiako Gobernuaren aldetik, Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa izan da bileraren buru.

Eskumen garrantzitsuak Euskadirentzat

Ubarretxena sailburuak balioan jarri ditu eskuratutako bi eskumen berriak, "Euskadirentzat garrantzia handiko bi eskumen dira; itsasertzaren kudeaketak aukera emango digu Euskadiko kostaldeari lotutako proiektu eta azpiegitura berri guztien inguruko erabakimena izateko eta eskumen honi esker, proiektuak bizkortu ahal izango ditugu eta itsasertza lurralde-antolamenduko estrategia orokorraren baitan txertatu” nabarmendu du.

Hemendik aurrera, Euskadik, itsasorako sarbideetan urbanizazio-proiektuak, pasealekuak, bidegorriak egiteko baimenak kudeatu eta eman ahal izango ditu. Baita ere linea elektrikoak edo komunikazioa lineak, ontziralekuak, pantanalak edo ontzitegi finkoak eraikitzeko emakidak ere.

Halaber, trantsizio energetikorako funtsezkoak diren azpiegiturak bultzatu ahal izango dira, hala nola, linea elektrikoak edo haize-sorgailuak; eta arrantza-proiektu berriak ere bai, Getaria parean hegalaburra gizentzeko kaiolak jartzeko edo Jaizkibelen Natura Sarea itsasorantz zabaltzeko.

Eskumen honen eskualdaketaren balorazio ekonomikoari dagokionez, Estatuari ordaindu beharreko kupoari %6,24ko kenkaria aplikatuko zaio transferitutako funtzioen Estatuaren  urteko 4,3 milioi euroko kostua, alegia. Eskualdatzen diren zerbitzuei atxikitako langileak 14 izango dira.

Zinematografia-eta Ikus-entzunezko Jarduerari dagokionez, puzzlearen azken piezatzat jo daiteke, kulturaren arloan Gernikako Estatutua amaituta dagoela baieztatzeko.

Eskumen honi esker, Euskadik zinema eta ikus-entzunezkoen garapenerako eta ekoizpenerako funts publikoak kudeatu eta indartu ahal izango ditu, euskarazko ikus-entzunezko lanak ekoizteko, banatzeko eta erakusteko; eta ikus-entzunezkoen alfabetatze-politikak ere  gauzatu ahal izango dira (zinema-aretoak sustatzea, adibidez). Halaber, autonomia-erkidegoetako telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publiko eta pribatuek egin beharreko ekarpena biltzeaz eta banatzeaz arduratuko da Jaurlaritza, eta beraz, zinematografia eta ikus-entzunezkoak gaztelaniaz besteko hizkuntza koofizialetan sustatzeko funtsari egindako ekarpenen bilketa kudeatzeko gaitasuna ere izango du Euskadik.

"Hizkuntza propioa duen herrialde txikia gara eta lehentasunezkoa da ikus-entzunezko eremuan euskara indartzea eta horretarako baliabide gehiago izatea" azpimarratu du Maria Ubarretxenak egindako adierazpenetan.

Transferentzia honen balorazio ekonomikoaren arabera, Estatuari ordaindu beharreko kupotik 1.900.000 euro kenduko dira.  

Eskualdatzeke dauden gainerako eskumenak

Transferentzien Batzorde Mistoaren aurretik, Erakundeak Koordinatzeko eta Transferentziak Bultzatzeko Azpibatzordearen beste bilera bat egin da Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, eskualdatzeke dauden 27 eskumenei bultzada emateko.

Zentzu horretan, lehen blokeko 4 transferentziak lantzeaz arduratzen ari den lantaldea sustatzea adostu da aurtengo urteari lotutako eskumenen blokea ixteko. Eskumen horien artean daude: Atzerritarrentzako Lan-baimenak, Itsas Salbamendua, Meteorologia eta Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentro Nazionala.

Ildo horretatik, sailburuak iragarri du datozen asteetan itxiko dela Atzerritarrentzako Lan-baimenen eskualdaketa, "aurreikuspena da, 2025ean atzerritarren lan baimenak Euskadin izapidetzen hasi ahal izatea", zehaztu du Ubarretxenak. Gernikako Estatutua osotasunean betetzeko gainerako transferentzien inguruan, sailburuak nabarmendu du bi gobernuen arteko sintonia ona dela eta adostutakoa betetzeko konpromiso eta erabakia irmoak direla.  Azkenik, sailburuak eskerrak eman dizkie ministroari eta estatu idazkariari agertutako prestasunagatik eta Eusko Jaurlaritzako hiru sailburuei ere eskerrak eman dizkie, transferentziak gauzatzeko prozesu osoan zehar egindako lanagatik.

Interesatu Zaitez