Osasunari, migrazioaren kudeaketari, etxebizitzari eta Europako funtsei lotutako 22 neurri planteatu ditu guztira, “euskal herritarren ongizatea defendatzeko”
Imanol Pradales Lehendakariak proposamen bat helarazi dio gaur Espainiako “Gobernuari Europan eta Estatu osoan dagoen mediku gabezia arintzeko. Errealitate ukaezina da hori, eta erantzun bat eman behar diogu. Legealdi hasiera honetan, osasunaren aldeko akordio handi bat lantzeko oinarriak jarri ditugu, Osakidetza indartzeko eta etorkizuneko osasun-sistema bultzatzeko neurriak hartzeaz gain. Hala ere, badira, tamalez, gure esku ez dauden eta Madrilen parte-hartzea eskatzen duten gai batzuk. Salbuespenezko egoeren aurrean, ezinbestekoa da salbuespenezko irtenbideak bilatzea”, azaldu du.
Santanderren egindako Presidente Autonomikoen Konferentzian helarazi dio proposamena Lehendakariak Sanchez presidenteari, “profesionalekin izandako elkarrizketan eta Osasun Sailaren azterketa teknikoan oinarrituta”. Jasotzen dituen neurrien artean daude, besteak beste, Lehen Mailako Arretan borondatezko lanbide medikoan jarduteko gehieneko adina 72 urtera igotzea; mediku egoiliarrentzako Unitate eta Ikastetxeen akreditazio-gaitasuna Euskadira transferitzea; espezialitaterik gabeko medikuak udaldietan jarduteko gaitzen dituen 3 urteko aldi iragankorra baimentzea; BAME plazak aurrez aurre aukeratzea; edo atzerrian prestatutako espezialista profesionalen tituluak homologatzeko prozesua bizkortzea.
“Ahal diren neurri guztiak hartu behar ditugu. Gure esku dagoenarekin egiten ari gara dagoeneko, eta gaur planteatu ditudan horiek gauzatzea oso erraza da Madrilen borondate politikoa baldin badago”, argitu du Lehendakariak.
Era berean, 22 neurri planteatu ditu, guztira, lehentasunezko beste eremu batzuetan, hala nola migrazioaren kudeaketan, etxebizitzan eta Europako funtsetan. Lehenengoan esparruan, Kanarietako Gobernuarekin adostutako proposamena partekatu du. “Koordinazio hobea behar da berehalako bi jarduera-eremutan: helduaroan dauden migratzaileak eta familia-erreferenterik ez duten adingabeak. Euskadi ‘Iparraldeko Muga’-tzat jo behar da, eta diru-hornidura handiagoa izan behar du migrazio bidean dauden pertsonei duintasunez laguntzeko. Egungo Atzerritartasun Legea aldatzeko eskatu dugu ere, gizarteratzeko eta laneratzeko eskumen gehiago izan ditzagun, besteak beste”.
Familia-erreferenterik ez duten adingabeei “dagokienez, harrera-akordio egonkorra, kalitatezkoa eta erantzunkidea” proposatu dute, “banaketa orekatua, koordinatua, ordenatua eta bidezkoa bermatuko duena”. Helburu horrekin, “banaketarako formula” bat proposatu dute, 5 adierazletan oinarrituta: Biztanleria osoa; Harrera (azken sei hilabeteetan ehun mila biztanleko hartutako adingabeen batez bestekoa); Biztanleko BPG; Langabezia eta Elkartasuna (azken bost urteetan hartutako adingabeak).
Etxebizitzari dagokionez, Lehendakariak hiru eskari jarri ditu mahai gainean Espainiako Gobernuarentzat: babestutako etxebizitzak eraikitzeko eta etxebizitza-parkea birsortu eta birgaitzeko inbertsio berriak; Estatuko Lurzoruaren Legea aldatzea; eta etxebizitza babestuak eraikitzeko udalekin itundutako hirigintza-plangintza egokia duten lurzoruak Eusko Jaurlaritzari dohainik transferitu ahal izatea.
Azkenik, “Europako funtsen kudeaketa, koordinazioa eta banaketa hobetzeko” eskatu du, “Euskadik funts horiek modu bidezkoagoan eta eraginkorragoan esleitzeko gaitasuna izan dezan. Esleipenak azkarrago egin, eta gauzatze-datak malguagoak izan behar dira; izan ere, egungo moduan, enpresek eta administrazioek epe eskasegia dute proiektuak garatzeko”.
Iturria: Irekia