Eurodiputatu jeltzaleak babesa eman dio gaur, asteazkenarekin, abenduaren batetik aurrera Ursula von der Leyen alemaniarra buru izango duen komisarioen elkargo berriari
Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak babes kritikoa eman dio gaur, asteazkenarekin, komisarioen elkargo berriari, eta esan du jarraipena egingo diola "ez baitago denbora galtzerik euskal eta europar herritarren alde lan egiteko orduan, testuinguru geopolitikoa gero eta ezegonkorragoa delarik, Errusiak eragin duen gerrarekin, Donald Trump bere muga-zergekin mehatxu egiten ari dela eta Europan goraka doan eskuin muturrarekin. Duela sei hilabete egin ziren Europako hauteskundeak, eta hasi egin behar dugu lanean, premiazkoa delako", azpimarratu du, eta ohartarazi duenez "ezker eta eskuin erradikaleko indar politiko batzuek nahiko luketen bezala komisarioen elkargoa bertan behera uzteak AEBekiko eta Txinarekiko arrakala handitzea "ekarriko lukeela," gero eta ezegonkorragoa den mundu batera, lanpostu eta inbertsio gehiago arriskuan jartzera, orain arte lortutako eskubide sozialak eta eredu sozialaren eraldatzera".
Europako Parlamentuak Estrasburgon gaur egin den osoko bilkuran egindako eztabaidan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak konpromisoa hartu du bere lehen ekimena "lehiakortasunerako iparrorratza" izan dadin, hiru zutabetan oinarrituta: Txinaren eta Estatu Batuen aurrean berrikuntzan dagoen arrakala ixtea, deskarbonizazio- eta lehiakortasun-plan bat, eta segurtasuna handitzea eta dependentziak murriztea. Halaber, agintaldiko lehen 100 egunetan industria-itun garbia, automobilgintzarekin elkarrizketa estrategikoa, merkatu bakarra, eskubide sozialak, migrazio-ikuspegi "justua" baina "zorrotza" indartzea eta zuzenbide-estatua Europako proiektuaren erdigune izaten jarraitzea hitzeman du.
"Ondo hartzen diren ekimenak dira, baina von der Leyen oso lausoa izan da proposamen horiek guztiak praktikara eramateko moduari dagokionez. EAJ-PNVren aldetik oso adi egongo gara, gure babesa ez baita txeke zuri bat", ohartarazi du Agirregoitiak, eta azpimarratu du alderdi jeltzaleak egin ohi duena egingo duela:" Euskadiren interesak defendatuko ditu, eta onena dena Europako proiektua indartzeko, Renew Europe taldearen parte den "gehiengo europazale" baten bidez, EAJ-PNV talde horretan baitago Europako parlamentuan.
Europako Renew taldeak 5 kide izango ditu elkargo berrian, horietako bi lehendakariorde exekutiboak eta garrantzi handiko gaiak eramango ditu, hala nola industria-politika, berdintasuna, kanpo ekintza, zabalkuntza, zuzenbide-estatua eta demokrazia, eta horrek ordezkari gehien dituen bigarren talde politiko bihurtuko du, Europako Alderdi Popularraren atzetik eta lau izango dituen Alderdi Sozialdemokrataren aurretik.
"Gainera, Viktor Orbanen komisarioari sexu- eta ugalketa-eskubideak bezalako eskumen garrantzitsuak kentzea lortu dugu, eta von der Leyeni eskatu diogu Raffaele Fito italiarrak bere gobernu nazionaletik erabat independentea izan behar duela, itunek eskatzen duten bezala, eta zuzenbide-estatuaren baldintzazkotasun-mekanismoa aplikatzeko konpromisoa hartu behar duela. Bistan da badirela gustatzen ez zaizkigun gaiak. Ez zaigu gustatzen ez Orbanen hautagaia ez Giorgia Meloni italiarrarena, Raffaele Fito, presidenteordetza exekutibo bat beteko duena, baina gobernu guztiek dute komisario bat izendatzeko eskubidea. Egin behar duguna da erreformak martxan jarri, itunen aldaketa beto eskubidea ezabatzeko eta entzunaldien prozedura berrikusteko, aukeratutako hautagaiak kargurako egokiak direla eta ez garela merkatu batean eroriko bermatzeko", baloratu du Agirregoitiak.
Elkargo berriaren onarpena, aurreko legegintzaldietan baino zatituago dagoen Europako Parlamentuan, entzunaldi-prozesu korapilatsu baten ondoren iritsi da, beto gurutzatuen eta interes alderdikoien defentsaren ondorioz ilundu dena. "Guk oso serio hartu dugu prozesu hau. Euskadiri mesede egiten dion guztiaren aurrean lagundu eta azpimarratuko dugu, ahotsa altxatuko dugu eta gure ongizatea eta balioak arriskuan jartzen dituen edo atzera egiten duen guztiaren aurrean zutik jarriko gara".
Teresa Ribera espainiarra sei presidenteorde exekutiboetako bat dela gogoan ohartarazi duenez “gainerakoek bezala,egunero erakutsi beharko du esleitu zaion karteraren buru izateko gai dela". Agirregoitiak Espainiako PPren estrategia ere deitoratu du, "bere talde europarraren babesa ere galdu duelako".