Euskadiko alderdi nagusiaren sorreraren 129. urteurrena bete dela, Andoni Ortuzarrek zorion mezua zabaldu du amaitu den aldirako ezarri ziren helburu nagusiak lortu direlako, hau da, Ajuria Eneara EAJ-PNVko Lehendakaria eramatea eta Bruselan eta Estrasburgon eurodiputatu jeltzalea izatea. Hala ere, Ortuzarrek ez du ahaztu nahi izan helburuak “espero baino zailtasun handiagoekin” lortu direla eta horrek “sentsazio gazi-gozoa” utzi diela EBBren buruak alderdikide jeltzale guztiak deitu ditu “Alderdia biziberritzeko lan zorrotz eta zintzoa” egitera, EAJ-PNVk Euskadiko “lider politikoa” izaten jarrai dezan eta Herri osoari erantzun berri bat eman ahal izan diezaion
Hurrengo Alderdi Egunean izango da, irailaren 29an, Forondako zelaietan. Bertan, Euzkadi Buru Batzarrak eta EAJ-PNVren Aberri Batzarrak alderdikide jeltzaleei eta euskal gizarteari emango dizkiete ezagutzera Batzar Nagusiaren ildo nagusiak. Bilera horretarako lanak egingo dira irailaren 29tik aurrera eta hurrengo sei hilabeteetan, eta Euskadiko alderdi politiko nagusiaren Aberri Exekutiba berria aukeratzearekin amaituko dira. Hala iragarri du EBBren presidente Andoni Ortuzarrek gaur, Albiako Lorategian, EAJ-PNVren sorreraren 129. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian. Ospakizunean izan dira Euzkadi Buru Batzarreko burukideak; Imanol Pradales Lehendakaria; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Bilboko Alkatea, Juan Mari Aburto; Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietako presidentak, Ana Otadui eta Irma Basterra, hurrenez hurren; eta talde jeltzaleko barne eta herri kargudun ugari. Ohorezko aurreskua eta lore eskaintza egin dira EAJ-PNVren fundatzaileak, Sabino Arana, bertan duen estatuaren aurrean, Ortuzarrek hitza hartu aurretik. “Alderdi Egun berezia izango dugu. Gure momentua izango da, alderdikide guztiona. Inplikatu egin beharra dago. Lanean murgildu. Forondatik mezu argi eta sendoa atera behar da, mezu argia Alderdi honen alde eta Herri honen etorkizunaren alde. Eta Alderdi Egun honetarako aukeratu dugun goiburuak dena esaten du, asmo argia dauka: ‘Alderdia gara’. Harro egoteko moduko gauza da gaur arte ekarri ahal izatea, eta erantzukizun handia da etorkizunera eramatea. Hilabete garrantzitsuak datoz, hilabete garrantzitsuak alderdi honentzat. Harrotasunez esaten dugu alderdikideen erakundea garela, non batzarrek erabakitzen duten. Bada, aukera paregabea daukagu orain horrela dela erakusteko. Erabakitzeko boterea, aukeratzeko boterea, gure batzokietan egongo da. Zuen eskuetan, zuen borondatean. Eta dena hasiko da irailaren 29an, Forondan”, ziurtatu du Ortuzarrek. Egun horretan, buru abertzaleak iragarri bezala, EBBa Forondan batzartuko da eta Aberri Batzarraren ezohiko bilera deituko du, barne erakunde biek batera eta alderdikide guztien aurrean 2025ko Batzar Nagusirako datak eta ildo nagusiak ezagutzera eman ditzaten.
Bertaratuak agurtu ondoren, Ortuzarrek aitortu du duela urte beteko ospakizunetik hona urtea “politikoki bizia eta zaila” izan dela, baina talde jeltzaleak bere buruari ezarri zizkion helburuak lortu dituela. Egin du, hori bai, “espero genituenak baino zailtasun handiagoekin” eta “sentsazio gazi-gozoarekin”, aitortu du Ortuzarrek. Buru jeltzaleak era berean aldarrikatu duenez, “aurkitu ditugun oztopoak gorabehera eta Alderdi gisa ditugun arazoak gorabehera, gaur gure artean daukagu Euskadiko Lehendakaria, EAJ-PNVko Lehendakari berria, bere gobernuarekin elkarlanean urrats sendo eta ausartak ematen ari dena, pausu onak, norabide onean, gure Aberriak dituen erronkei heltzeko”. Ortuzarrek Alderdi osoaren babesa adierazi die Pradalesi eta bere Gobernuko sailburu guztiei. Ortuzarrek ildo beretik baloratu du EAJ-PNVk Europako Parlamentuko eserlekua lortu duela eta Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalea Bruselan eta Estrasburgon lanean ari dela dagoeneko “estremismoek eta populismoek baldintzatzen duten Europako agenda politiko konplikatuarekin”. “Beraz”, amaitu du, “Alderdi gisa markatuta genituen helburu politikoak bete ditugu: alde batetik, Euskadiko hauteskundeak irabaztea Lehendakari jeltzalea izateko eta, bestetik, Europako Parlamentuan Alderdiaren presentzia bermatzea, eta pozik egon behar dugu, inguruko herrialdeetan gauzak zelan diren ikusita. Gure inguruari begiratuta, panorama politikoan aldaketa eta inestabilitatea dira nagusi”.
Euskal erakundeak “esku onetan” eta legealdiak “hasi berritan”, EAJ-PNVri dagokio orain “guretzat denbora ateratzea”, esan du Ortuzarrek 2025ean egingo den Batzar Nagusia gogoan. “Patxadaz eta soseguz gure barne erakundeari begirada sakona dedikatu behar diogu, Alderdiari eta bere etorkizunari. Barne prozesuak aktibatu behar ditugu, gure organo politiko gorena berriro deitzeko. Hori guztia borobiltzeko, datorren urteko ospakizuna izango dugu, 130 urte beteko baititugu. Alderdi gutxi dira zenbaki horretara iristen direnak, baina efemerideak balio egin behar digu iragan arrakastatsuari baino, etorkizun esperantzagarriari begiratzeko. Beraz, datozen hilabeteak topera aprobetxatu behar ditugu Alderdiari indarra emateko”, esan du. “Lan handia egin beharko dugu, lan zintzoa, Euzko Alderdi Jeltzaleak lider indartsua izaten jarrai dezan, Herri honetako lider politikoa. Hemendik aurrera ere, Alderdia gai izan dadin Euskadiri gizarte eredu bidezko eta ordenatua eskaintzeko; oparotasuna, oreka soziala eta kalitatezko zerbitzu publikoak izan ditzagun. Gure aberriaren autogobernu eta burujabetza osoa lortzeko bidean, ibilbide sinesgarria planteatzeko gai izan gaitezen. Asmo handiko ibilbide bat. Erronka honek merezi du esfortzua, eta hauxe da momentua Alderdiak Herri honi erantzun sendoa eman diezaion. Momentua da, bai, Alderdi honek Herri osoari erantzun berria eman diezaion. Alderdiak eman behar du erantzuna, gaurko euskal gizartearekin berriro konektatzeko. Iruñean egin genuen, 77an; Zestoako Batzarrean ere egin genuen, egoera kaxkarrean, 1987ko zatiketaren ondoren; eta oraingo honetan berriro tokatzen zaigu, asmatzea tokatzen zaigu, Alderdia biziberritzeko tekla sakatu eta euskal gizartearekin konektatzeko gaitasuna indartu. Tokatzen zaiguna ere bada gure erakundean pertsona egokienak aukeratzea etorkizunerako bidai hori egiteko”, adierazi du.