Erantzun harmonizatua eman behar dugu inflazio handiak eragindako ondorioak arintzeko

Ianko Gamboa: "Gaur balioztatzen ari garen Foru Dekretu Arauan jasotako neurriak, foru gobernuaren erantzuna dira egungo egoera zailari aurre egin eta egoera sozioekonomikoa egonkortzeko beharrezko diren baliabideak edukitzeko”
Erantzun harmonizatua eman behar dugu inflazio handiak eragindako ondorioak arintzeko
21
Iraila
Gipuzkoa
PARTEKATU
21 Iraila | Gipuzkoa

“Prezioen gorakadak krisiaren aurkako neurriak aplikatzen jarraitzera behartzen gaitu: inflazioak Gipuzkoari eragin diezazkiokeen egungo eta etorkizuneko ondorioak aurreikusiz. Gure zerga-sistema egokitu behar dugu, benetako egoerari erantzun harmonizatu eta eraginkorra emateko eta inflazioaren ondorioak arintzeko. Deflaktazioa euskal erakundeek koordinatuta hartzen duten neurri teknikoa da, bizitzaren kostuaren igoeraren ondorioak arintzen lagunduko diguna. Ikasturte politiko honetan bertan, Batzar Nagusiok aurrekontuen lehen foru-arauan % 1,5eko deflaktazioa onartu genuen, eta 2022ko inflazioaren garapena ikusita, hiru aldundiok tarifa beste % 4 gehiago deflaktatzea erabaki genuen. Guztira, % 5,5”, adierazi du Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNV batzarkide Ianko Gamboak, prezioen gorakadaren ondorioak arintzeko presako zerga neurri berriak onesten dituen Foru Dekretu Arauaren baliozkotzeari buruz. Gogoratu behar dugu ez dela hau deflaktazioa aplikatzen den lehen aldia. Azken urteotan ohikoa izan da EAEko eta Nafarroako zerga-administrazioek beren tarifak deflaktatzea inflazioaren garapenaren arabera.

“Foru Dekretu Arau honetan jasotako neurrien eragin ekonomiko txostenak azaltzen dituen datuak argiak dira: deflaktazioa eta 200 euroko pizgarriak 84,2 milioiko inpaktua izango dute, eta horietatik 64 milioi 35.000 eurotik beherako zerga-oinarria duten zergadunentzat izango dira. Horrek esan nahi du, dekretu honen ahalegin fiskalaren % 76 urteko 35.000 eurotik beherako errentetara bideratuko dela” azpimarratu du Ianko Gamboak.

EAJ-PNVko batzarkideak adierazi duenez, fiskalitatetik modu eraginkorragoan erantzungo diogu inflazioaren ondorioak arintzeko helburu nagusiari, zuzeneko laguntzen bidetik baino. Eta gainera, aplikatutako neurrien onurek azkarrago eragingo diete herritarrei, inolako izapide gehigarririk egin beharrik izan gabe.

“Laburbilduz Inflazio altuaren ondorioak arintzeko erantzun harmonizatua eman behar dugu erakundeek. Gaur baliozkatutako Foru Dekretu Arauan jasotako neurriak, foru gobernuaren erantzuna dira egungo egoera zailari aurre egin eta egoera sozioekonomikoa egonkortzeko beharrezko diren baliabideak edukitzeko” amaitu du Gamboak.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ