Ortuzar: "Herri honek momentu erabakigarriak bizi izan dituen guztietan hor egon da EAJ, eta orain ere egongo da"

EBBren presidenteak gaur hitz egin du Gatikako lehen batzokiaren irekiera ekitaldian, eta alderdikide jeltzaleak deitu ditu egungo egoera zailean “aurpegia ematera”, Euskadik “lidergoa, konpromisoa eta dedikazioa” espero baititu EAJ-PNVrengandik
02
Apirila
EBB
PARTEKATU
02 Apirila | EBB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

“Herri honek une erabakigarriak bizi izan dituen guztietan, hor egon da EAJ, eta beti asmatu du, beti jakin du zer egin behar zen. Herri hau, gaur den moduan bada, eta Herri bikaina da, izan da EAJk erabaki zuzena hartu duelako. Eta oraingo honetan berriro egingo dugu. Hori egiteko sekretua zuek zarete. Momentu latzetan behar da militantzia, alderdikideak kalean, agerian, zer garen eta nor garen erakusten. Une txarretan espero du jendeak lidergoa, konpromisoa, dedikazioa. Eta, hemen , Euskadin, jendea EAJren zain dago, EAJ hori delako: lidergoa, konpromisoa….. eta dedikazioa… lana!. EAJ konfiantza da” Hau da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur Gatikako pilotalekuan Bizkaiko herri horretako lehen Batzokia inauguratzeko EAJ-PNVk antolatu duen ekitaldian batu diren 300 inguru alderdikideri luzatu nahi izan dien mezua. Inaugurazioa 11:30ean egin da Ikurrina igoz, eguna gogoratzeko plaka bat agerian jarriz eta aurreskua lehen eta Euzko Abendaren Ereserkia, euskal ereserkia, interpretatuz. Ortuzar izan da ekitaldian Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidente andrearekin, Gatikako alkate andre Onintze Amezagarekin eta Uri Buru Batzarraren presidente Alex Peláezekin, bai eta alderdikide eta EAJ-PNVko barne eta herri ordezkari askorekin ere.

Gaurkoa hitzordu berezia zen talde jeltzalearentzat. Batzoki bat irekitzea berez da ospatzeko arrazoia, baina Gatikako topaketa are ospakizun bereziagoa izan da: EAJ-PNVren lehen mitina izan da ‘normaltasun berrira´ iritsi garenez geroztik 2020an pandemia hasi ondoren, eta alderdikideekin eta herritarrekin berriz elkartzeko une pozgarria izan da jeltzaleentzat . “Kaleko militantziara itzuli behar dugu, Alderdia dinamizatzera eta mugiaraztera, berriro ere aurrera egitera erakunde gisa eta Herri gisa”, esan du Ortuzarrek, eta euskal herriak, beste herri batzuekin batera, azken aldi honetan bizi izan dituen zailtasunen birpasa egin du, bereziki pandemia eta Ukrainako inbasioak eragin dituen ondorio ekonomikoak. Errealitate horiek oso testuinguru konplikatua eratu dute eta EAJ-PNV eta alderdikideak derrigortzen dituzte beren onena ematera. Eta berak zuzentzen duen Alderdia martxan dago, dagoeneko, baieztatu du Ortuzarrek, eta aste honetako bi adibide argi aipatu ditu. “Hiru Ahaldun Nagusien erantzuna, neurri fiskalekin, langile autonomo, garraiolari eta baserritarren egoera arintzeko, neurri handi batean garraioaren grebari amaiera ematen lagundu duen zerbait; eta Lehendakariak, Ahaldun Nagusien laguntzarekin ere aurkeztu zuen aparteko inbertsioen plana, Euskadiko ekonomian 500 milioi euro bideratzeko. Pédro Sánchezek bere iragarpena egin zuenetik 24 ordu eskasetara, gure Erakundeek, beren ahalmenen barruan, erantzuna eman zuten Madriletik zetorrena osatuz eta hobetuz. Hori da arintasuna, hori da eraginkortasuna, hori da erantzuna. Lidergoa, konpromisoa, dedikazioa, konfiantza. EAJ eredua”, ziurtatu du,
Ortuzarrek gogora ekarri du EAJ-PNVk gizartearekin elkartzen daramatzala hainbat aste “Entzunez Eraiki” entzuketa aktiboko prozesuaren bidez. Proiektu hau da “Euskadi goitik behera ibiltzea, jendeari entzuteko, etxekoei zein etxekoak ez direnei, gauzak nola ikusten dituzten esan diezaguten, gure proposamenen balorazioa jasotzeko, Herri gisa nondik joan behar dugun erabakitzeko eta akordio zabalak lortzeko. Lehenik eta behin, entzun, ondoren eraikitzeko”. “Prozesu serioa da”, esan du, eta “serio” hitza azpimarratu nahi izan du, EAJ-PNVk berea abian jarri zuenetik bi astetara ezker abertzaleak martxan jarri zuena gogoan, baina amaitutzat eman duena jada, Euskalduna Jauregian asteazkenean egin duen ekitaldiarekin, “paper bakar bat ere ez zuten eman beren proposamenarekin, esloganak eta argazkia besterik ez”, kritikatu du. “Prozesu baten eta beste baten arteko diferentzia agerikoa da. Bai eta emaitza ere. Urria-azaroa bitartean iritsiko da gurea eta ikusiko duzue gure konbentzioa, non agiri bat aurkeztuko dugun”, esan du Ortuzarrek.

Amaitzeko, EBBko presidenteak baieztatu du euskal herria “itsasoaren ondoan bizi den Herria” dela. “Ezagutzen ditu ekaitzak eta enbatak, eta egin duen itsasaldian olatu horietan nabigatzen jakin izan du, hainbatetan erraldoiak izan diren arren. Oraingoan ere jakingo dugu. Herritarrei bidali behar diegu itxaropen, konfiantza eta lasaitasun mezua. Une bakoitzean egingo dugu egin behar dena, arazoen gainetik eginez¬- egongo baitira- gauzek funtziona dezaten. Baina horretarako Alderdiak prest egon behar du, bizirik egon behar du, ausarta izan behar du. Momentu handien EAJ-PNV izan behar du”.

Onintze Amezagak, Gatikako alkate andreak, gaur goizeko ekitaldi politikoan hitz egin du. Bere lehen hitzekin, Gatikako herritargoari bere esker onik zintzoena adierazi nahi izan dio pandemiaren aurrean erakutsi duen jarreragatik. “Handienetatik hasita eta txikietaraino, benetan nabarmentzeko jarrera erakutsi duzue. Arauak betetzeko egin duzuen ahalegina eskertu nahi dizuet, ondokoak zaintzeko egin duzuena, zuhurtziaz, arduraz eta eskuzabaltasunez jokatzeko egin duzuena”, aitortu du. Amezagak iragan udan hartu zuen aginte makila aurreko alkate andre Leixuri Arrizabalagaren eskutik, eta EAJ-PNVk Gatikaran duen proiektuaren sendotasuna balioetsi du. “Urte bete luzea geratzen da oraingo legealdia amaitzeko, eta 2019an hitzeman genituen konpromisoen %80 betetzera iritsi gara . Alderdi honetan egin ohi dugun moduan kudeatzen ari gara, arduraz, konpromisoarekin, kudeaketa zorrotzarekin eta gardentasunez”, baieztatu du. Zentzu honetan, Gatikak hurrengo urteotan izango dituen erronkak aurreratu ditu, zeinak EAJ-PNV dedikazio handiz lantzen ari baita : Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren onarpena eta eskola berria. “Saiatu behar dugu hobetzen, gure herriak hobera egin dezan eta aurrera egiten jarrai dezan egunez egun. Gauzak gerta daitezela, gertatzen jarrai dezatela. Hori da gure konpromisoa eta gure erronka”, bermatu du.

Gaurko eguna lehenaren eta orainaren arteko mugarria izan da Gatikako jeltzaleentzat. “Lortu egin dugu. Gure herrian batzokia irekitzea da Gatikako alderdikideen asmo partekatuaren eta lan bateratuaren emaitza”, ziurtatu du Alex Peláezek, EAJ-PNVren Gatikako Uri Buru Batzarraren presidenteak. Peláezek bere esker ona adierazi nahi izan die azken urte hauetan guztietan “lan egin ahal izateko edo hauteskunde kanpainak prestatzeko,beren lokalak, beren etxeak ere, EAJren zerbitzura jarri dituzten pertsonei,”. Peláezek udal zerrendak osatzeko urratsa eman duten pertsonen konpromisoa ere eskertu nahi izan du. “Oposizioan 20 urte eman ondoren, azken urteotan lortu dugu Gatikak 180 graduko biraketa ematea. 2007an iritsi ginen Alkatetzara Jesús Mari Fullaondorekin; 2015ean Leixuri Arrizabalaga lehen alkate andre bihurtu zen, eta 2019an ere lortu zuen gehiengo nagusiarekin; eta orain makila esku onez darabil Onintze Amezagak. Hauxe da ondo egindako lanaren ondorioa, ilusioa pizten digun proiektuaren eta lantalde prestatuaren emaitza. Baina, honek denak ez luke funtzionatuko gaur hemen zaudeten pertsonak gabe. Talde honen motorra zarete. Zuek zarete Gatikako Euzko Alderdi Jeltzalea. Zuek zarete batzoki hau”, baieztatu du.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ