Ortuzar Montenegrora bidaiatuko da Mendebaldeko Balkanetako herrialdeak EBn integratzea aztertzeko egingo den foroan parte hartzera

EBBren presidentea eta Kanpo Gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako, Kotor-en izango dira bihar Europako Institutu Demokratak Serbia, Montenegro, Albania, Ipar Mazedonia, Bosnia-Herzegovina eta Kosovoren etorkizuna aztertzeko egingo duen mintegian

Ortuzar Montenegrora bidaiatuko da Mendebaldeko Balkanetako herrialdeak EBn integratzea aztertzeko egingo den foroan parte hartzera  25Martxoak
2022
2022 MartxoaK 25 |
EBB

PARTEKATU

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta Europako Alderdi Demokrataren presidenteordea eta Kanpo Gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako bihar, larunbata, Europako institutu Demokratak Kotor-en (Montenegron) egingo duen mintegian izango dira, Mendebaldeko Balkanetako zazpi herrialdeetako sei Europako Batasunean integratzeko prozesua aztertzeko. Herrialde hauek dira Montenegro, Serbia, Albania, Ipar Mazedonia, Bosnia-Herzegovina eta Kosovo. Erregio horretako zazpigarren herrialdea, Kroazia, Europako Batasunean sartu zen 2013an. Montenegro, Serbia, Ipar Mazedonia eta Albania gaur egun dira Batasuneko kide izateko hautagai ofizial eta negoziaketa prozesua ireki da lehenengo biekin, Bosnia-Herzegovina eta Kosovo, hautagai potentzialtzat jotzen diren bitartean.

Mendebaldeko Balkanetako erregioaren egonkortasun geopolitikoa oso baldintzatuta eta benetan mehatxatuta dago egun Ukrainaren inbasioaren eraginez. Erabat ulergarri gertatzen diren arrazoiengatik Errusiak eragin duen gatazka belikoa oso presente egongo da topaketa honen barruan aurreikusi diren eztabaida foroetan. Eskualde horrek garrantzia estrategiko handia hartu du azken aldian Europako segurtasunari dagokionez, baina baita gero eta garrantzia geoestrategiko,ekonomiko eta komertzial handiagoa ere, Errusia, Turkia eta Txina bezalako eragileak, bai eta Pertsiar Golkoko herrialdeak ere eskualde horretan inbertitzen ari direlako, eta horrek ere mehatxatzen du esandako Estatuak Europako Batasunean integratzeko prozesua. Montenegro, IEDEren mintegiaren anfitrioia izango delarik, erregio horretan Europaren alde dauden herrialdeen arteko lehenetakoa da.

Burzakok gogora ekarri duenez “Europako Batasunak ibilbide orri bat aurreikusi zuen eskualde horretarako,`Berlingo Prozesua´ izenekoa, Angela Merkel kantziler ohiaren hasierako bultzada jaso zuena. Plan honek proposatzen du herrialdeek lehenik eta behin beren erregioan duten egituraketa normalizatzea eta finkatzea, ondoren, Batasunera sartzeko urratsak ematen has daitezen. Azken fase honetara iristeko, zalantzarik ez dago Estatuek hainbat urrats eman behar dituztela alderdi ekonomikoan, fiskalean edo azpiegituretan, besteak beste erakundeen erreforman, botere banaketan eta balore eta estandar demokratikoen sustapenean. Eta Europako Batasunak du, dugu, ibilbide horretan bidelagun izateko derrigorra”.

Mintegira joango dira Mendebaldeko Balkanetako esandako sei herrialde hauetako agintariak, bai eta Alemania, Frantzia, Italia, Polonia, Kroazia eta Euskadiko ordezkari politikoak eta Europako Parlamentuko diputatuak ere. Topaketako anfitrioia izango da Miodrag Vlahovic, Montenegroko Kanpo gaietarako Ministro ohi eta bere herrialdeko independentziaren eta ondoren OTAN erakundean sartzeko prozesuaren inguruko erreferendumean zeresan handia izan duen pertsona. Beste hizlariak izango dira Aldo Bumci, Albaniako Kanpo gaietarako ministro ohia eta Andrea Angeli italiarra, Nazio Batuen, OSCE eta OTANen goi ordezkari ohia.

Montenegrora egingo duena izango da Andoni Ortuzarren 24. nazioarteko bidaia 2013ko urtarrilean Euzkadi Buru Batzarraren presidente aukeratua izan zenez geroztik.

Interesatu Zaitez