EAJ-PNVk bere ordezkari nagusiak batu ditu 'Entzunez Eraiki' entzuketa prozesua abian jartzeko azken xehetasunak finkatzeko

“Gizarteak nahi duena entzun behar dugu, alderdi gisa prozesatu eta ekintza bihurtu Euskadik Nazio gisa aurrera egin dezan eta euskal hiritargoaren etorkizuna hobeto berma dezagun”, ezarri du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek

EAJ-PNVk bere ordezkari nagusiak batu ditu 'Entzunez Eraiki' entzuketa prozesua abian jartzeko azken xehetasunak finkatzeko 12Otsailak
2022
2022 OtsailaK 12 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EAJ-PNVk gaur goizean batu ditu bere barne eta herri ordezkari nagusiak `Entzunez Eraiki´ abian jartzeko azken xehetasunak erabakitzeko eta finkatzeko. Entzuketa aktiboko prozesu hau ezagutzera eman zuen talde jeltzaleak iragan azaroan egin zuen Batzar Nagusian, eta datorren astean bertan jarriko dute abian. Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon, egin den topaketan , Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak herri edo barne erantzukizunak dituzten EAJ-PNVko emakume eta gizonei eskatu die prozesuari “gogotsu eta ilusioarekin” heltzeko “EAJ-PNVk etorkizunaren alde egiten duen apustua delako: erantzun nahi dugu eraikitzeko, Euskadi altxatzeko eta gure Herriak nahi duen tokira eramateko”, baieztatu du. Bertan batu diren 70 bat ordezkariren artean izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria eta bere Exekutiboa osatzen duten zazpi sailburu jaun-andre jeltzaleak; Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ahaldun nagusiak, hurrenez hurren, Unai Rementeria, Markel Olano eta Ramiro González; EAEko hiru hiriburuetako alkate Juan Mari Aburto (Bilbo), Eneko Goia (Donostia) eta Gorka Urtaran (Vitoria-Gasteiz); Eusko Legebiltzarreko presidente andre Bakartxo Tejeria; Nafarroako Parlamentuko eta Napar Buru Batzarraren presidente Unai Hualde, eta talde jeltzalearen bost Herrialde Batzarren burukideen zerrenda luzea.

Ortuzarrek baieztatu duenez mundu mailan ematen ari diren aldaketa handi eta sakonen testuinguru honetan, euskal herritarrok “adi” egon behar dugu. “Adi egon behar dugu, gurea moduko Herri txikia izanik, aldaketa horiek guztiak onerako etor daitezen eta, aldi berean, inguruan ditugun arrisku guztiak saihesteko ere. Horixe da, hain zuzen, `Entzunez Eraiki´ proiektuaren xedea: euskal gizartearen giharrak berriz sendotzea, Euskadiko lehen alderdiaren eta Herriko elementu dinamikoenen arteko harreman prozesuaren bidez, denon artean etorkizuna eraiki dezagun. Berriro ere, Euskadi goitik behera ibiliko dugu gizarteak nahi duena entzuteko, alderdi gisa prozesatzeko eta, garrantzitsuena dena, euskal herritarron etorkizuna hobeto bermatzeko, Herri gisa izan gaitezen eta izan dezagun gizarte honek nahi eta merezi duena”. Ortuzarren hitzetan “EAJ-PNVk lan hori ez du egingo Sabin Etxean sartuta, ezta gure Batzokietan sartuta ere. Think Tank elitistekin ere ez dugu egingo. Herriko plazan egingo dugu, jendearekin. Gure gizartearekin hitz eginez. Eta data bat jarriko dugu. Ematen du urrun geratzen dela, baina hor dago, eta ematen du mundu osoan izango dela esanguratsua: 2030a. Planetaren iraunkortasuna eta bideragarritasuna dugu jokoan”, esan du buru abertzaleak.

Interesatu Zaitez