Euskal Taldeak Kongresuaren babesa lortu du Santander eta Bilbo arteko tren zerbitzua hobetzeko

Osokoak onetsi duen testuaren bidez Espainiako gobernuari eskatzen zaio hobekuntza batzuk egin ditzala egoera “penagarrian” aurkitzen den trenbide zati honetan, bai eta geltokiak konpon ditzala eta gainegitura moldatu ere

Euskal Taldeak Kongresuaren babesa lortu du Santander eta Bilbo arteko tren zerbitzua hobetzeko 30Azaroak
2021
2021 AzaroaK 30 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Kongresuko osoko bilkurak Euskal Taldearen legez besteko proposamena babestu du gaurko saioan. Proposamen horren bidez, Santander-Bilbao trenbidean hobekuntzak egiten jarraitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Ekimenaren aurkezleak, Iñigo Barandiaran Garraio arloko bozeramaile jeltzaleak, esan du zerbitzua tamalgarria dela linea horretan eta bere bi ibilbide nagusitan: Karrantza-Bilbao eta Marron-Santander. Ildo beretik aldarrikatu duenez “linea hori garraio publiko nagusia da eskualde horretako herritarrek era guztietako zerbitzuak eta aukerak eskura ditzaten. Mugikortasuna eskubide bihurtzeko esparruan, eskubide hori ez betetzea da biztanle horiek aukera-berdintasunetik aldentzeko arrazoi nagusia”.

Diputatu jeltzaleak gogora ekarri duenez, ekimena erregistratu zenetik eta Osokoan eztabaidatu arte “berrikuntza” handi bat eman dela, Euskal Taldeak linea honi buruzko bi zuzenketa jasotzea lortu du 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan. Horietako batean ondorengoa aurreikusten da: “Estatuak bere gain hartzea 2022ko lehen hiruhilekoan ezarritako zerbitzu-mailaren berrikuspena egiteko betebeharra, tren-zerbitzu publikoaren betebeharren maiztasuna handitzeko, distantzia ertainekoa eta zabalera metrikokoa”, iragarri du Barandiaranek. Bigarrena dagokio Aranguren eta Karrantza arteko ibilbidean elektrifikazioa egiteko 2 milioi euroko partidari.

Iragan uztailaren 28an Aitor Esteban Sabin Etxean batzartu zen Santander-Bilbao Trenaren Defentsarako Plataformarekin. Topaketa horren ondorioz, Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak galdera bat egin zion irailaren 29an gobernuari kontrola egiteko Osoko Bilkuran Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministro andre Raquel Sánchezi. Ondoren, zuzenketa bi EAOetan jasotzea lortu zen eta orain Euskal Taldeak Kongresuko Osokoaren babesa jaso du Barandiaranen esanetan eskualde osoarentzat “ezinbestekotzat” jotzen den trenbide linea hobetzeko neurriak hartzen jarraitzera begira.

Jarraian eransten dugu adostutako testua, EAJ-PNVren eta Parlamentuko hainbat talderen artean adostutako transakzio-zuzenketaren ondorioz.

Horregatik, EAJ-PNVren taldeak, Legez besteko Proposamen honen bidez, zera eskatzen dio Gobernuari:

1. 2022ko lehen hiruhilekoan ezarritako zerbitzu-maila berrikustea, Bilbo-Karrantza konexioan distantzia ertain--zabalera metrikoko trenbide-zerbitzu publikoaren maiztasuna optimizatzeko eta, bere garaian, handitzeko, bidaia-denbora historiko txikienak berreskuratzeko, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Renfe Viajeros SME SAren artean indarrean dagoen kontratuan ezarritako prozeduraren arabera, eta horri buruz indarrean dagoen legeriaren gainerako baldintzak betetzea, gastu-igoera barne.

2. Ildo horretan egin beharreko inbertsioetan, 2021-2025 aldian, 85 milioiak zertarako erabiliko diren zehaztea, bai eta egin beharreko jardueren kronograma ere; horien artean, honako hauek jaso beharko dira:

a. Geltokiak eta geralekuak egokitzea, eta, bereziki, erabiltzaile guztien irisgarritasuna errazteko neurriak hartzea..
b. Gorabeherei buruzko denbora errealeko bidaiarientzako informazio-sistemak, informazio-panelen eta/edo bozgorailuen bidez.
c. Txartelak jaulkitzeko eta erosteko sistemak egokitzea, bai eta bidaiarien beste sistema publiko batzuetakoekin koordinatzea eta bateragarri egitea ere, transbordoen kasuan tarifa eta txartel bakarra eskuratzeko aukera erraztuz. Intermodalitatea arrazoizko prezioan jartzea.
d. Trenbide-pasaguneak kentzea eta/edo egokitzea, bereziki zerbitzuen erregulartasunean eragin handiena dutenak.
3. Bide-azpiegitura eta -gainegitura egokitzea; horretarako, beharrezkoa da::
a. Katenaria, seinaleztapena eta komunikazio-elementuen mantentzea egitea, bai eta bide-elementuak berritzea ere.
b. Tren-flotaren prebentziozko mantentzearekin eta berritzearekin jarraitzea; zabalera metrikoko tren berriak eta gainerako material mugikorra erosteko prozesuak osatuz.
c. Lubakiak, tunelak, zubiak eta ezpondak erregulartasunez mantentzea.
d. Denborazko abiadura-mugak pixkanaka ezabatzea.
e. Operadoreekin batera, zabalera metrikoko salgaien trenetan zabalera aldakorreko ardatza sartzeko neurriak aztertzea.
f. ADIFek laguntzea logistika- eta industria-zentroen eta salgaien garraioko zentroen (Bilboko Portua, etab.) sustatzaile pribatuek sustatzen dituzten RFIGerako konexioak inplementatzen eta baimentzen.

4. Oraindik hobetu gabe dauden tarteen elektrifikazioa amaitzea, besteak beste:

a. Tren elektrikoak berehala zirkulatu ahal izatea dagoeneko gaituta dauden zatietan, eta, bereziki, Aranguren-Karrantza tartean, horretarako beharrezkoak diren jarduketak amaitu ondoren, bai eta Orejo-Karrantzan ere, bere garaian..
b. Trenbidea bikoiztea Nueva Maliaño eta Astillero-Orejo zatietan

5. Zerbitzuko langileak, mantentze-lanetakoak, kontu-hartzaileak edo geltokietako langileak gehitzea. Adifen kasuan, indarrean dagoen Urte Anitzeko Enplegu Planaren aurreikuspenen arabera. Renferen kasuan, mantentze eta esku-hartze lanetarako eta aurrez aurreko salmenta behar duten geltokietan behar adina langile bermatzen jarraitzea.

6. Modu osagarrian, Santander-Bilbo abiadura handiko linea bat ezartzea helburu duten azterlanak bizkortzea, Kantauriko eta Mediterraneoko korridorearen zati gisa – Bereziki, informazio-azterlanari dagokionez –, A-8 autobideko trafiko handia murrizteko, batez ere Laredo eta Bilbo arteko zatian.

Interesatu Zaitez