Aforo murriztua izango duen ekitaldi politikora mugatu du EAJ-PNVk 2021eko Alderdi Eguna

Andoni Ortuzar, Iñigo Urkullu eta Aitana Agirre EGIkideak hitz egingo dute datorren igandean Forondan 12:00etan hasiko den ekitaldi politikoan

Aforo murriztua izango duen ekitaldi politikora mugatu du EAJ-PNVk 2021eko Alderdi Eguna 23Irailak
2021
2021 IrailaK 23 |
EBB

PARTEKATU

Ekitaldi politiko xumea izango da, Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Aitana Agirre EGIkidea hizlari izango dituena, EAJ-PNVk, irailaren 26an, igandea, 2021eko Alderdi Eguna ospatzeko aukeratu duena, aurtengoa 45.a izango delarik. Oraindik Covid-19aren pandemiaren kontrako borrokan murgilduta gaudelarik, aurtengo Alderdi Egunak ez du aurreko edizioen antzik izango, EAJren urteroko ospakizuna jai giroan egin ohi delako.Aurten ere, Forondako zelaietan ez da egongo ez jairik, ez txosnarik, ez musikarik, ez aurreskurik, ez desfilerik, ez umeentzako jolasik, ezta herri bazkaririk ere. Ekitaldi politikoa baino ez da egingo, pandemiaren biktimak gogoratzeko eta omentzeko gogoa nagusi izango delarik.

Ia adierazle guztiek bilakaera ona erakutsi duten arren, Euskadik osasun larrialdi egoeran jarraitzen du, eta egoera horrek denok derrigortzen gaitu erantzukizunez eta arduraz jokatzen jarraitzera eta gure eguneroko jardunean indarrean dauden osasun neurriak zorroztasun osoz betetzera. Hori ere bada EAJ-PNVren helburu nagusia 2021eko Alderdi Eguna antolatzerako orduan. Eta, horregatik, Forondako zelaiko edukiera oso murriztuta egongo da datorren igandean. Edukiera beteta dago dagoeneko, Aberri Batzarreko kideentzat, Euzkadi Buru Batzarreko eta Herrialde Buru Batzarreko burukideentzat, erakundeetako ordezkarientzat, EGI gazte erakundeko kideentzat eta EAJ-PNVren Uri Erakundeetako ordezkarientzat erreserbatu diren eserlekuak jarriko baitira. EAJ-PNVko alderdikideek, bai eta hiritargo osoak, ekitaldi politikoa zuzenean jarraitu ahal izango dute EAJ-PNVren webgunearen bidez (www.eaj-pnv.eus), bai eta talde jeltzalearen sare sozialen bidez ere.EAJ-PNVk hartuko du telebista seinalea, eta satelite bidez zabalduko du.

Ekitaldi politiko honekin, EAJ-PNVk euskal gizarteari helarazi nahi dion mezua da pandemiaren bilakaera positiboak denoi ahalbidetzen digula, bakoitzari bere esparruan, Covid-19a baino lehenagoko espazioak eta jarduerak berrekuratzen joatea, hori bai, zuhurtziaz eta sen onez jokatuz. Halaber, talde jeltzaleak topaketa hau baliatuko du hurrengo hilabeteetara begira garatuko duen lan politikoa azaltzeko, Euskadik aurrera egitea lortuko duen uste osoarekin.Alderdi honetan euskal hiritargoak jarri duen konfiantzari erantzun nahirik, EAJ-PNVk lan egin du, lan egiten ari da eta lan egiten jarraituko du euskal emakume eta gizonok krisi honetatik are indartsuago irten gaitezen, eta egingo du gure Herriaren eraldaketari heltzeko asmo irmoarekin, gaur egun dituen eta hemendik aurrera izango dituen erronkei erabakimen osoz helduz: berdintasuna, iraunkortasuna, demografia eta digitalizazioa. Horietan datza Euskadiren etorkizuna eta horretan egongo da EAJ-PNV, prozesua lideratzen.

Lehen Alderdi Eguna 1977ko irailean ospatu zen Aralarko San Migelen , Nafarroan. Ordutik aurrera, EAJ-PNVk urtero eta etenik gabe antolatu izan du mendebaldeko Europako panorama politikoan bakarra den ospakizuna. Iaz, iraileko azken astean, 100.000 biztanleko 350 eta 480 kasu arteko intzidentzia tasarekin eta artean txertaketa-prozesua hasi gabe, Euzkadi Buru Batzarrak ekitaldi txiki bat egin zuen Forondan, 80 pertsonarekin eta Covid-19aren biktimak gogoratuz eta omenduz. Aurtengo ediziorako, itxuraz behintzat, pandemia kontrolpean dagoela eta 12 urtetik gorako euskal hiritarren %85k txertoa jaso duela gogoan, EAJ-PNVk egoki jotzen du, urrats txiki baina sendoekin, normaltasunerako bidea hartzen hastea, edukiera murriztuarekin egingo den Alderdi Eguna antolatuz. Gonbidatuek 11:30ean egon behar dute Forondan, apurka-apurka, bakoitzari dagokion eserlekuan jartzeko. Ekitaldi politikoa 12:00etan hasiko da eta aurreikusita dago 13:00etan amaitzea. Une horretan, gunea modu antolatuan eta seguruan hustuko da.

Interesatu Zaitez