Udalak 13 milioi euro suspertu ditu Donostian inbertsioak egiteko

Eneko Goiak adierazi du, Covid-aren krisiaren eragina udal kontuetan 45 milioi ingurukoa dela. Alkateak azpimarratu du indarreko gobernu programa dela egoerari aurre egiteko tresna.

Udalak 13 milioi euro suspertu ditu Donostian inbertsioak egiteko 27Urriak
2020
2020 UrriaK 27 |
DONOSTIA

PARTEKATU

Donostiako alkate Eneko Goiak aditzera eman du, hirian inbertsioak egiteko geldi zeuden hainbat aurrekontu-sail suspertuko direla, eta guztira 13 milioi euro izango direla. Era berean, Udalak soberakinaren 6,7 milioi euro erabiliko ditu udal zerbitzuen maila mantentzeko eta Covid-19aren krisiaren ondorioz sortutako hainbat beharri aurre egiteko, eta ez du baztertzen finantzatzeko beste hainbat bidetara jotzea.

Eneko Goiak inbertsioak berriro egiteari eta Udalaren finantza-aurreikuspenei buruzko iragarpena egin du gaur Donostiako Udaletxean egin den hiriko Politika Orokorreko udalbatzarrean.

Horiek horrela, Goiak zehaztu du, diru-sarreren gutxitzearen eragina udal kontuetan gutxi gorabehera 45 milioi eurokoa izango dela. Eta aurreikuspen hori udaberriaren hasieran, hain zuzen ere, pandemiaren hasieran, egindakoa baino baikorragoa da. Izan ere, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik aurreikusitako diru-sarreren gutxitzea txikiagoa izango da, eta beraz, Udalak aurrekontuan zehaztutakoa baino 23 milioi euro gutxiago jasoko ditu.

Udal tasa eta zergen bilketaren aurreikuspena gutxitu da, eta Udalak aurreikusitakoa baino 8 milioi euro gutxiago galduko ditu.

Horri guztiari honakoa erantsi behar zaio: Udalak 6 milioi euroko ez-ohiko diru-sarrerak lortu ditu, eta gastu arruntari eutsi ahal izan dio oinarrizko zerbitzuak kaltetu gabe. Hortaz, 2020rako aurreikusitako defizita, egun, 40 eta 45 milioi euro artekoa da.

Horren harian, Donostiako alkateak segidakoa esan du: “Defizita handia da, baina itxaropentsu gaude eta egoera ekonomikoari erabakigarritasunez aurre egiteko prest gaude. Eta horretarako, udal kontuetan ez-ohiko esfortzuak egingo ditugu donostiarrek merezi dituzten kalitatezko zerbitzuak mantentzeko".

Eneko Goiak adierazi du udal gobernuak etorkizunari helduko diola zuhurtziaz. Izan ere, hori izan da orain arte mantendu den jarrera eta, ondorioz, Udalak zuzenean kaltetuak izan diren sektoreei lagundu ahal izan die. Eta zuhurtzi horren ondorioz, ekonomia arloan erabakiak ezin izan dira hartu finantziazioaren helmuga guztiz osatuta izan arte. Eta horrek Udala behartu du inbertsioen egutegia moldatzera.

Goiak honakoa gaineratu du: “Ez diegu uko egiten hiriak aurrera egiten jarraitzeko behar dituen inbertsioei, baina beranduago egin beharko ditugu, egoera ekonomikoak hala behartuta".

Era berean, alkateak esan du, Udala gai dela zorra handitzeko 26 milioi euro arte, baldin eta egoerak hala beharko balu, hain zuzen ere, egun ahal dena baino zor bikoitza. Eta horrekin batera iragarri du, udal gobernuak aurrekontua 2021eko lehen hiruhilekoan egingo duela, behin udalaren finantza eta zerga helmuga argituta.  

Gobernu programa indarrean

Halaber, alkateak Udalaren mugarri nagusienak azaldu ditu, martxoan pandemia hasi zenetik. Eta honakoa esan du:  "Nahiz eta gidoia aldatu behar izan dugun, duela urtebete EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu programaren helburuek inoiz baino indar handiagoa dute".

Ildo beretik, Goiak azpimarratu du etorkizunean udalaren eginkizunaren giltzarri iraunkortasuna izan behar duela, bai arlo sozialean, baita ekonomikoan eta ingurumen arloan ere.

Era berean, eginkizun publikotik harago, alkateak komunitateari deia egin dio egoerari aurre egiteko: "Elkarlanean, batera, aurre egin behar diogu egoerari. Gure ohiturak aldatu behar ditugu, eta kontsumitzen dugunean tokiko merkataritzan egin behar dugu;  ostalariei lagundu behar diegu; musukoa jarri behar dugu; eskuak garbitu behar ditugu; eta hiriko kultura-jardueretan parte hartu behar dugu. Guztiok dugu zer egiteko, baita lokal baten edo etxebizitza baten jabeak ere, bertan bizi den edo bere jarduera ekonomikoa gauzatzen duenari alokairuekin lagunduz".

Alkateak mezu baikor bat eman nahi izan du bere hitzaldia amaitzeko: "Urakanaren erdian gaude, baina Donostiak beste hainbat krisiri aurre egin dio, eta oraingoan ere aurre egingo dio".

Interesatu Zaitez