Uribe Kostako hiru batzokitan eginiko erasoak eta EAJ-PNVren kontrako irain larriak gaitzetsi ditu Bizkai Buru Batzarrak

BBBk ohartarazi du berriro egiten hasi direla “garaiz eta lekuz kanpo dauden eta erabat ulertezinak diren” jarduera mafiosoak , “batzuek, ahoz behintzat, horren sakon defendatzen duten itxialdia urratzen dutenak”

Uribe Kostako hiru batzokitan eginiko erasoak eta EAJ-PNVren kontrako irain larriak gaitzetsi ditu Bizkai Buru Batzarrak 14Maiatza 14 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Bizkai Buru Batzarrak gaitzetsi nahi du Uribe Kostako hiru batzokik gaur goizaldean, osteguna, sufritu duten erasoa. Algorta, Berango eta Getxo Zaharrako egoitza jeltzaleak gaur goizean agertu dira “hitzaile” eta “carcelero” irainak “amnistia osoa” aldarrikapena eta Patxi Ruiz ETAko presoa egarri eta gose greban dagoela gogoratzeko mezua beren kanpoko hormetan margotuta, talde jeltzaleak egoera horrekin zerikusirik izango balu bezala. Pintada horietan PSOEren kontra ere egin da, “hiltzaile” deitzen zaio eta EAJ-PNVri “laguntzaile” deitu zaio. Portugaleteko Herriko Etxeak ere bart gauean antzeko erasoak jaso zituen. BBBk bere elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi nahi die Portugaleteko,Bizkaiko eta Euskadiko sozialistei. Gauzak horrela, BBBk berriro ere salatu eta gogoratu behar du halako jarduerak garaiz eta lekuz kanpo daudela eta guztiz ulertezinak direla . Halaber, ez dute laguntzen elkarbizitzaren bidea egiten ezta ezberdina errespetatzen ere, hori izan arren euskal gizartearen gehiengo nagusi batek behin eta berriz aldarrikatu duena, irrikan baitago bere historiaren orrialderik beltzena atzean uzteko.

Zoritxarrez, azken egunotan halako jarduerak berriro sortzen hasi dira eta gizarte zibila eta alderdi politikoak ezin gara horren aurrean besoak gurutzatuta geratu. Hiru batzoki horiek eta Portugaleteko Herriko Etxeak pairatu duten erasoez gain, Ean (Bizkaia) kutxazain automatiko bat nahita erre dute bart gauean. Horren ondorioz, zazpi pertsona etxetik atera behar izan dituzte egoerak eragin duen arrisku larriagatik. Beste alde batetik, iragan astean Izarran (Araba-Urkabustaiz) kaleko altzari gehienak agertu ziren pintada iraingarriekin eta mehatxuekin. Gaiztakeria horren irudiak kontzejuko jaiak antolatzen dituen taldearen Instagram kontuan agertu arren EH Bilduko alkateak edo bere gobernu taldeak ez dute inolako azalpenik edo erantzunik eman. Sabotaje horiek guztiak, gainera, goizaldean egin dira eta ,beraz, argi eta garbi urratu dira gaur egungo alarma-egoeran daukagun itxialdirako ezarri ziren neurriak. Paradoxa bat da, batzuek zilegi jotzen dutelako goizaldean kalera irtetea alderdi politikoen egoitzetan pintadak egitera edo kutxazainak erretzera, pertsonen bizitza arrisku larrian jarrita, baina, aldi berean, hilabete eta erdiren buruan botoa ematea bezalako oinarrizko eskubidea baliatzeko baldintzak ematen ez direla esaten dute. Horren ondorioa da demokraziak ez diela gehiegi axola.

Ekintza horiek agerian uzten dute azken hilabete hauetan bizi dugun salbuespen egoeran ere badirela xantaia, mehatxua, hertsapena eta iraina beren mesedetan erabiltzen jarraitu nahi dutenak. Oraindik ez dira konturatu euskal herritarrek, suntsitzea baino,eraikitzea eskatzen dutela, irainen ordez hitz egitea erreklamatzen dutela eta, mesprezuen ordez errespetua aldarrikatzen dutela.

Itxaso Atutxa BBBko presidenteak salatu du halako jarduerak “molde zaharrak” direla eta “gertatzen diren bakoitzean iraganera bueltatzen gaituztela”, eta “alderdi politikoen kontra egiten diren eraso mafiosoetatik harago doazela”. “Herritarrek eraikitzea eskatzen jarraitzen duten bitartean, batzuek jarraitzen dute demokrazian ez sinesten eta suntsitzeko gogoari eusten”, deitoratu du. Era berean nabarmendu du halako erreklamazioek beren “bide zilegi,demokratiko eta insituzionalizatua” dutela, eta gogoratu du EAJ-PNV foro ezberdinetan ari dela aldarrikatzen itxialdi honetan preso dauden pertsonen egoera “zaindu behar dela”, “baina guk nahiko genuke halako eskariak honelako bideetatik ateratzea”. “Beti esaten da talde txikiak direla halakoak egiten jarraitzen dutenak; ez dakit. Dakidana da ez direla desagertzen. Eta oso larria da. Ez gaude horretarako”, amaitu du.

Eraso horien egileei eskatzen diegu berehala utz diezaietela horrelako jarduerei; izan ere, irtenbideak eman beharrean, Bizkaiko eta Euskal Herriko gizartearen gehiengoak nahi duen bizikidetza oztopatu besterik ez dute egiten, gaur egun koronabirusaren pandemia garaitzeko ahalegin guztiak egin nahi baititu eta egin behar baititu. Eta Bizkaiko eta Euskadiko alderdi politiko guztiei eskatzen diegu publikoki bat egin dezatela salaketarekin.

Interesatu Zaitez