Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena-

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1975ean Emakumeen Nazioarteko Eguna izendatu zuen martxoaren 8a dela eta, EAJ-PNVk aitortzen eta aldarrikatzen du emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubideaz gain, funtsezko eta beharrezko faktorea dela Euskadiko giza garapenerako, garapen sozialerako eta ekonomikorako

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena- 06Martxoak
2020
2020 MartxoaK 06 |
EBB

PARTEKATU

Berdintasuna giza eskubidea da, eta demokratiko jotzen den edozein gizartek errespetatu eta bultzatu egin behar du. Berdintasunak aukera ematen du emakumeek zein gizonek beren gaitasun guztiak garatzeko eta erabakiak genero-estereotipoek ezarritako mugarik gabe hartzeko.

Erabakiak hartzerakoan emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua izatea aldez aurreko betekizuna da edozein gizarte demokratikotan. Hala adierazten da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunean, non era berean eskatzen baita gobernuek neurri guztiak har ditzatela eta beharrezko estrategiak abian jar ditzatela emakumeen eta gizonen ordezkaritza eta partaidetza orekatua sustatzeko erabaki, kudeaketa eta ordezkaritza eremu guztietan.

Euskadi aitzindaria izan da berdintasun-politikak bultzatzen. 2005ean Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea ezartzea aurrerapauso garrantzitsua izan zen gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrerako bidean. Lege hori ezartzeari esker, besteak beste, nabarmen handitu dira euskal administrazio publikoek berdintasuna bultzatzeko egituretara bideratutako baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta baliabide materialak. Ildo beretik, administrazio horietan ugaritu egin dira berdintasun-planak, koordinazio-egiturak eta lankidetza-sareak, bai eta arlo horretan prestakuntza berezia duten enplegatu publikoak ere. Hala eta guztiz ere, eta urrats garrantzitsuak eman diren arren, egindako lan guztia ez da nahikoa izan giza eskubideen urraketa eta emakumeen diskriminazioa desagerrarazteko, horien gainean gauzatzen den indarkeria barne, hori baita haien adierazpenik larriena. Horregatik, EAJ-PNVk Lege horren aldaketa bultzatzen du, lege horrek lehenagotik aurreikusten zituen politikak eta jarduketak indartzeko eta egungo testuinguru juridiko-arauemaile eta sozialetik eratorritako behar berrietara egokitzeko, indarkeria matxistaren gaitza desagerrarazteaz gain.

Berriro ere aldarrikatzen dugu ezein emakumek ez duela tratu txarren biktima izan behar, eta inork edo ezerk ez duela justifikatzen emakume batenganako indarkeria baliatzen duen gizona.

Genero-desberdintasuna gizarte gisa aurre egin behar diogun erronka nagusietako bat bada, erronka hori gainditzeko, indarkeria matxistari amaiera emateko ahalegin guztiak egin behar ditugu, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko gizartea kontzientziatzeko lana areagotuz, batez ere belaunaldi gazteenen eta gizonen artean, eta haren jatorria bereziki azpimarratuz: gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk konpromiso hauek hartu ditu:

1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko urrats sendoak ematen jarraitzea, balio-aldaketa sustatuz, norabide horretan aurrera egiten jarraitu ahal izateko.

2. Herritarrak kontzientziatzea berdintasunaren gizarte-balioaz eta horrek gizarte aurreratua lortzeko dituen ondorioez.

3. Emakumeen aurka ematen den edozein indarkeria mota salatzea.

4. Erakundeetatik berdintasun-politikak bultzatzen jarraitzea.

5. Prestakuntza gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko behar den funtsezko oinarria den aldetik, prestakuntza-plan bat garatu eta ezarri behar dugu gure kargu publikodunentzat.

6. Bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko ekintzak garatzea, erantzunkidetasuna bultzatuz kontziliaziorako bide bakar gisa.

7. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen duten jarduerak edo ekintzak babestea, bai eta genero-indarkeriaren aurkako ekintzak eta ekimenak ere.

8. Gure alderdikideei, emakume zein gizonei, martxoaren 8a dela eta antolatutako ekitaldiekin bat egitera gonbidatzea.

Interesatu Zaitez