Gaur goizean, Vitoria-Gasteizen ospatu den ekitaldian, Mikel Legardak, Diputatuen Kongresurako Arabako hautagaiak A-20ko hauteskundeen ondorioz sortuko den gobernuak aurreko legealdian galdutako baloreak berreskuratzeko beharra azpimarratu du, besteak beste aniztasunaren aitortza.
Eta baita elkarrizketa, itunak gauzatzea, gizarte kohesioa sustatzea eta erakundeen kudeaketa lan garden eta zorrotza.
Mikel Legardak, Diputatuen Kongresurako Arabar jeltzaleen zerrendaburuak gaur goizean, Vitoria-Gasteizen adierazi duenez "Euzko Alderdi Jeltzalea baloredun alderdia izan da beti. Eta, gure balorerik nagusienak aniztasuna izan behar du. Interes eta sentsibilitateen aniztasuna aitortzea. Eta, aniztasun hori elkarrizketaren, fede onez eginiko negoziaketaren, elkar ulertzearen eta itunaren bidez gauzatzen da. Behin eta berriz, nazio aniztasuna ukatu dute eta aurrekaririk ez duen herrialde krisia eragitea lortu dute. Eta, aldi berean, ez dute arazorik izan krisi ekonomikoa helbururik okerrenarekin erabiltzeko, gero eta birzentralizazio gogorrari ekiteko. Behin eta berriz saiatu dira gure autonomia politikoa kentzen, eta nolabaiteko autonomia administratiboarekin asetzea nahi dute. Horregatik, EAJ-PNV elkarren arteko aitortzaren balioa aldarrikatzen du nazio politiko gisa aitortuak izan gaitezen, aldebikotasun egoeran hitz egiteko, hitzartzeko, estatus politiko berria erdiesteko”, azpimarratu du Legardak .
Josu Erkoreka, Administrazio Publikoko eta Justiziako sailburua, ondoan izan duela, Diputatuen Kongresurako hautagai jeltzaleak azpimarratu du gehiengo zabal batek askatasun osoz adierazitako borondatea errespetatzeko beharra. "Demokrazia eta askatasuna dira gure baloreak, guztionak. Oinarri demokratikorik oinarrizkoenak exijitzen du hiritargoaren gehiengoaren borondateari balore arautzailea ematea,eta horrek berarekin dakar tartean dauden eragile politiko eta instituzionalek behar besteko doikuntzak negoziatu beharko dituztela borondate horren adierazpenari erantzuna emateko. Batzuek behin eta berriz tematu dira gehiengoak askatasun osoz adierazitako borondateari erantzuna ez ematearekin, adierazpen askatasuna ere ukatzen dute. Begiratu,bestela, Trebiñurekin gertatzen dena, edo `Mozal legea´ . EAJ-PNVk ongizate esparru eta eredu ekonomiko propioa proposatzen ditu. Erakutsi egin dugu funtzionatu egiten duela. Araban egin dugu. Zerbitzu publiko jasangarriak eta iraunkorrak garatzeko konpromisoak geureganatu ditugu, beste balore bat kontuan izan dugulako, gizarte kohesioaren balorea,alegia. Kohesio horrek, ezinbesteko dugun gizarte itun hori, PPk enpleguaren eta oinarrizko zerbitzu publikoen prekarizazioaren bidez urratu duena" aldarrikatu du Legardak.
Almudena Otaolarekin, Senaturako hautagaiarekin batera, Legardak zera baieztatu du "gizarte kohesiorik gabe ez dago garapen ekonomiko iraunkorrik, gobernu onaren baloreak errespetatzen ez badira ere halakorik egongo ez den neurri berean, hau da, gardentasuna, zorroztasuna, aurrekontuen egonkortasuna, herritarren parte hartzea, seriotasuna eta konpromiso etikoa. Euzko Alderdi Jeltzalea alderdi serioa da. Ustelkeriaren legealdi honek politikaren konfiantza galtzeko egoera honetara ekarri gaituen krisia gainditzeko modu bakarra dago. Eta baloreetan oinarritutako garapena lortzeko, kultura hori behar da. Edozein herrialde aurreraturen giltzarria da. Hortik dator EAJ-PNVk hezkuntzarekin daukan ardura handia. Baina, azken lau urte hauetan ere gure hezkuntza sistema bereziak etengabeko erasoak pairatu ditu Madriletik ”.
Hautagai jeltzaleak hitzaldia amaitzeko orduan bakea eta bizikidetza ekarri nahi izan ditu gogora. "Rajoyk Lehendakariaren eskaintza bakar bati ere erantzun ez dion arren, indarkeriaren amaiera ordenaturako bidean urrats bakarra eman ez duen arren, ETAren amaierari ekin nahi ez diolako lau urte galdu arren, oroimen historikoa beren interesen arabera kudeatu duten arren, hori guztiaren gainetik ere, EAJ-PNVk egunero lan egiten du bakea eta bizikidetza finkatzeko, eta eskua luzatuta dauka: aniztasunean oinarri, euskal herria nazio politiko gisa aitortzea gogoan, elkarrizketarekin eta gizartean bizikidetza normalizatuan estatus politikoa lortzeko negoziaketa eta itunaren bidez" azpimarratu du Legardak .