EAJk San Migelen Auzo Etxea eraikitzeko proiektua bultzatuko du, paddle-pistak estaliko ditu eta beste ikastetxe batzuetara ere hedaraziko du patioak eskola-orduetatik at erabiltzeko programa

San Migelen auzo etxea eraikitzeko proiektuak 2,2 milioi euroko inbertsioa egitea eragingo luke, eta antzinako Hernán Cortés eskolak birmoldatu eta zabaltzea du xede.

EAJk San Migelen Auzo Etxea eraikitzeko proiektua bultzatuko du, paddle-pistak estaliko ditu eta beste ikastetxe batzuetara ere hedaraziko du patioak eskola-orduetatik at erabiltzeko programa 19Maiatzak
2015
2015 MaiatzaK 19 |
Berria

PARTEKATU

San Migelen auzo etxea eraikitzeko proiektua, paddle-pistak estaltzea eta patioak eskola-orduetatik at erabiltzeko “Patioa zabalik” deritzon programa beste ikastetxe batzuetara ere hedaraztea. Horra hor kultura eta kirola Udalerriaren ongizaterako eta garapen sozial eta ekonomikorako gako bilakarazte aldera EAJk egin dituen proposamenetako batzuk, Basauriko gaur egungo alkatea eta alkate izaten jarraitzeko EAJren hautagaia den Andoni Busquetek eta Kultura eta Euskara zinegotzia eta oraingoan ere hautagai jeltzalea den Nora Peredak  gaur azaldu dutenez.

San Migelen auzo etxea eraikitzeko proiektuak 2,2 milioi euroko inbertsioa egitea eragingo luke, eta antzinako Hernán Cortés eskolak birmoldatu eta zabaltzea du xede. Ondokoa da proiektu honen helburua: eraikin horretan, kulturaren arloko zenbait ekipamendu eta zerbitzu eskaintzea, berbarako, ludoteka, mediateka, ikasteko gelak, entsegu-gelak,  herritarrentzako arreta bulegoa eta abar. Horrezaz gainera, EAJk kultura sustatzen jarraituko du, kulturaren arloko eskaintza zabaltzen eta berritzen duten aukera eta programa berriak abiaraziz, bai jarduerei dagokienez eta bai ordutegiei dagokienez ere; halaber, Social Antzokiaren, kultur etxeen eta auzo etxeen programazioa eta asteburuetako kaleko jarduerak bultzatu eta hobetuko ditu, Basauriko Udala kultura alorrean erreferentziagune bilakaraziz. 

Era berean, Bizkotxalden erabilera askotarako gune estalia, “Aisigune” izenekoa,  prestatzea ere proposatzen du, herri ekitaldiak eta kultura, kirol eta beste arlo batzuetako ekitaldiak bertan egite aldera. “Jarduera mota hau herrigunera hurbilaraztea da gure asmoa, kultura eta kirola hedarazi ez ezik, arlo horiek herriko merkataritzan eta ostalaritzan duten eragina areagotzea xedetzat hartuz”, azaldu du Andoni Busquetek. 

Udalerriko gazteentzako aisia alorreko aukerak hobetzeko xedez, EAJk aurrera egingo du Ariz-Benta-Uribarri aldean gaztegune bat ezartzeko proiektuarekin, Basozelai Gaztelu eta San Migeleko gazteentzako guneez gain. Hain zuzen ere, azken gune hori oraingo legegintzaldian abiarazi zen, 2014ko martxoan. 

Kirol alorrari doakionez, EAJk sendotu egingo du Udalerriko kirol instalazioetan hobekuntza-lanak areagotzeko bideratu duen politika eta, besteak beste, Artunduagako kiroldegiko paddle-pistak ere estaliko ditu. Basauriko egungo alkateak adierazi duenez, beren beregi eta jendaurrean aintzatetsiko dute auzotarrek eta Udalerriko elkarteek, kolektiboek eta klubek gizarte, kultura eta kirol arloetan egin duten lan eskerga, horretarako ekitaldi berezia antolatuz.

Patioak eskola-orduetatik at erabiltzeko “Patioa zabalik” deritzon programa, azken lau urteotan abian dagoena, beste ikastetxe batzuetara ere hedaraziko da. “Gaur egunean, asteburuetan, jaiegunetan eta oporraldietan Basozelai Gaztelu Kareaga Goikoa, Sofía Taramona eta Soloarte ikastetxeek zabaltzen dituzte beren patioak, eta heldu diren urteetan beste ikastetxe batzuetara ere hedaraztea da gure asmoa, Basauriko familientzat aisiagune eta jolasgune izan daitezen”, adierazi du Nora Peredak.

Euskarari dagokionez, EAJk aurrera egingo du gure hizkuntza Udalerriko kulturgune eta gizarte-gune guztietan erabiltzea bultzatzen, legegintzaldi honetan abiarazi genuen ildoari jarraiki, familia, lan, merkataritza eta ostalaritza arloetan ere erabil dadin euskara, eta are, Udaletxean bertan ere. Horri dagokionez, Andoni Busquetek gogorarazi du lau urte hauetan gehitu egin dela euskaltegiaren eskaintza akademikoa, eta horrezaz gainera, ondokoak ere aipa ditzakegu: osoko bilkuretan aldibereko itzulpena egiten da, “Geuria” aldizkaria argitaratzen hasi da, ‘Berbalagun’ ekimena abian jarri da, Udalaren langileen artean euskera ikastea bultzatzen da, Social Antzokiaren euskarazko programazioa sendotu egin da, eta abar.

EAJ lantzen ari den beste proiektuetako bat San Migeleko Finaga aldeko arkelogia-guneari buruzko Interpretazio Zentroa sortzea da, eta beste egitasmo bat "gure herriaren eta gure nortasunaren ezaugarrien ezagutza bultzatzea da, bereziki ikastetxeetan beren beregiko programak sustatuz”.

Interesatu Zaitez