EAJ-PNV-k Mauthausen-en nekeak bizi zituzten euskaldunak gogoratu ditu, kontzentrazio esparruaren askapenaren 70. urteurrenean

Gaur, 2015eko maiatzak 5, Mauthausen (Austria) kontzentrazio esparruaren askapenaren 70. urteurrena betetzen den honetan, EAJ-PNV alderdiak naziek eragindako sarraskien biktima guztiak gogoratu nahi ditu, bereziki III. Reich-ek sortu zituen kontzentrazio esparruetan sartu zituzten berrehun inguru euskal erbesteratuak.

EAJ-PNV-k Mauthausen-en nekeak bizi zituzten euskaldunak gogoratu ditu, kontzentrazio esparruaren askapenaren 70. urteurrenean 05Maiatzak
2015
2015 MaiatzaK 05 |
EBB

PARTEKATU

Ehun bat euskal erbesteratuk gorriak ikusi zituzten Mathausen kontzentrazio esparrua, eta gaur betetzen dira esparru hura aliatuek askatu zuteneko 70. urteurrena.

EAJ-PNV-k berriz ere azpimarratu nahi du oroimen historikoa berreskuratzeko politika aktiboa behar dugula, egian, aitortzan eta justizian oinarritua, giza eskubideak berriro ere urratuak izan ez daitezen. Bidezkoa eta beharrezkoa da ideologia ezberdineko euskal herritarrek (abertzaleak, sozialistak, anarkistak eta komunistak) sufritu zuten bidegabekeria gogoratzea. Frankisten altxamenduaren garaipenaren ondorioz Euskaditik irten behar izan zuten eta Gurs-eko esparruan, Frantziako Biarnoan egon ziren erbesteko Euzko Jaurlaritzak Frantziaren alde egiteko deiari erantzuteko urratsa eman arte. Maginot lerroa indartzeko lana egin zuten. Ehunka errefuxiatu errepublikarrekin batera, euskaldun hauek beren borondatearen kontra Estrasburgoko leherkari lantegietara eraman zituzten, horren ondoren Mauthausen eta Dachau esparruetan sartzeko.

Euzko Alderdi Jeltzaleak oroimen berezia eskaini nahi die Mauthausen esparrutik bizirik irten zen eta aurreko urteko udan zendu zen Marcelino Bilbaori, eta Juan José Jausoro haren lagun minari. Jausoro Gernika Batailoiko gudaria izan zen eta 1945ko apirilaren 14an zendu zen Pointe de Grave askatzeko borrokan, Medoc-en iparraldean. EAJ-PNV-k era berean azpimarratu nahi du Agirre Lehendakariak Bigarren Mundu Gerra aldian lideratu zuen Jaurlaritzak askatasunaren eta tirania guztien kontrako borrokaren alde egin zuen apustu sendoak eragiten digun harrotasun sentimendua. Gudari haien izen guztiak euskal gizartearen oroimen kolektiboan gorde behar ditugu, irudika daitezkeen izurik ikaragarrienak pairatu arren, diktadura guztien kontra duintasun osoz borrokatu zen belaunaldiaren eredu diren heinean.

Interesatu Zaitez