“PPk beldurrezko botoa emateko egindako deiaren aldean, EAJ-PNVk ilusioz eta proposamenez beteriko gobernuaren aldeko apustua egin duela” adierazi du Ramiro Gonzalezek

De Andresek Eusko Alderdi Jeltzaleak gobernatzea ekiditeko egindako zentro-eskuineko alderdien batasunerako deiak “ideiengatik eta jarduteko moduagatik zaharra den alderdi bat erakusten duela” baieztatu du diputatu nagusia izateko hautagai jeltzaleak.

“PPk beldurrezko botoa emateko egindako deiaren aldean, EAJ-PNVk ilusioz eta proposamenez beteriko gobernuaren aldeko apustua egin duela” adierazi du Ramiro Gonzalezek 14Apirilak
2015
2015 ApirilaK 14 |
Araba

PARTEKATU

Arabako diputatu nagusia izateko EAJ-PNVren hautagaiak, Ramiro Gonzalezek, erantzun egin dio duela gutxi Javier de Andrés diputatu nagusiak PP erreferente modura hartuta zentro-eskuineko alderdiak batzeko egindako deiari, eta jarduera horrek "nazionalismoari gobernatzeko aukera kentzen diola" adierazi du. Diskurtso horren aurrean, Eusko Alderdi Jeltzaleak ilusioz eta proposamenez betetako gobernu baten aldeko apustua egin du. “PPk beldurrezko botoa eman eta EAJ-PNVk gobernatzea ekiditeko egindako deiak ez du funtzionatuko lurralde honetan. De Andresek iragana eta ideiengatik eta jarduteko moduagatik zaharkituta dagoen alderdi bat ordezkatzen du eta ez du inor engainatzea lortuko. Espainiako eskuinean ere daude berriagoak eta modernoagoak diren alderdiak. Arabarrek aldaketarako gogoa dute, lurraldearen sendotasuna berreskuratu ahal izateko, PPren gobernuaren legegintzaldi honetan galdu duten sendotasuna. Eusko Alderdi Jeltzalea da gobernu berri horren buruan egon daitekeen bakarra”, adierazi du.

PPren gobernuak lau urteotan erakutsitako pasibotasuna eta konformismoa nabarmendu ditu Ramiro Gonzalezek. “Paralisiaren legegintzaldia izan da, legegintzaldi galdua". PPren foru gobernuaren inkongruentzia azpimarratu du puntu horretan. Izan ere, dirurik ez zuela eta beraz ekonomia berriz aktibatzeko neurriak hartu ezin zituela zioen, eta orain 2014ko likidazioan 9,7 milioi euroko saldo positiboa dago. Kopuru horri aurrekontuaren luzapena gehieneko gastua baino 6,2 milioi gutxiagoan geratu dela gehitu behar zaio. “Guztira, 16 milioi euro bideratu ahal izango ziren ekonomia eta enplegua berriz aktibatzera, baina PPk ez du ezer egin diru horrekin. Ez du proposamenik eta besteen proposamenak galarazi baino ez du egin nahi", azpimarratu du diputatu nagusia izateko hautagai jeltzaleak.

Zentzu horretan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren % 41eko igoera eztabaidatua ekarri du gogora, eta baita ere De Andresen gobernuak gorakada hori jaistea ahalbidetzen zuen proiektua eta gardentasunari buruzko araua epez kanpo aurkeztu zituela. Era berean, Alderdi Popularrak oposizioaren ekimenei  boikota egiteko eta horiek ekiditeko asmoa duela aipatu du hautagai jeltzaleak. “PPk dekretuz gobernatzeko asmoarekin jarraitu du, Biltzar Nagusietan duen gutxiengoa ekiditeko eta bere interesak Arabaren interesen gainetik jartzeko. Horregatik, haien jarduteko modu autoritarioa eta inposaketaren politikak atera dituzte argitara”, jarraitu du diputatu nagusia izateko hautagai jeltzaleak.

Jarduteko modu horren aurrean, oposizioak mahai gainean foru arauaren hainbat proposamen jarri zituela azaldu du Eusko Alderdi Jeltzaleak. PPren kritikak gorabehera, gehieneko gastua errespetatzen zen proposamen haietan, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta ekonomia berriz aktibatzeko. EAJ-PNVk gai horretan aurkeztutako foru arauaren proposamenei egin die erreferentzia Ramiro Gonzalezek: “Enpresen esportazioa hobetzeko arau bat bultzatu genuen, onestea lortu genuen lankidetzarako proiektuak sustatzen zituena. Hala ere, gazteen eta langabezian denbora luzea zeramaten pertsonen mugagabeko kontratazioa bizkortzea lortu nahi zuen araua bidean geratu zen, Alderdi Popularrak blokeatu egin baitzuen”, esan du.

Javier De Andresek duela gutxi egindako adierazpenei egin die erreferentzia Ramiro Gonzalezek, deia egin baitzien Espainiako eskuineko alderdi guztiei, Eusko Alderdi Jeltzaleak gobernatzea ekiditeko. “Denei deitu die, VOXetik hasi eta Ciudadanos-eraino, eta eskaera horrek Alderdi Popularrak boterea galtzeko duen beldurrari bakarrik erantzuten dio. Argi dago PP alderdi zaharra dela, dituen ideiengatik eta jarduteko moduagatik, eta beraz, iraganaren erakusle da. Espainiako eskuinean ere daude alderdi berriago eta modernoagoak”, nabarmendu du Ramiro Gonzalezek, eta bukatzeko adierazi du “buruan Eusko Alderdi Jeltzalea bakarrik izan dezakeen foru gobernu berri baten beharra dagoela”. Gure alderdia sendoa, bateratua eta gizarteari irekia da, eta horrela aurre egingo diegu hauteskundeei. Horregatik guztiagatik, erantzuna eman diot De Andresi: beldurrezko botoa emateko egindako deiak ez du inor engainatuko eta horren aldean, ilusioz eta itxaropenez betetako mezua da nirea".

Interesatu Zaitez