Gizarte bazterkeria arriskuan dauden Arrigorriagako emakumeen premien berri izateko, eta udal zerbitzu eta baliabideak zenbateraino ezagutu eta erabiltzen dituzten jakiteko, udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasun sailek azterketa sakona egin dute 2014. urtean zehar; orotara, aurrez aurreko 35 elkarrizketa eta 377 inkesta egin dituzte horretarako.
02Abenduak Azterlanaren emaitzak emakume taldeen arabera aurkeztu dira, arlo hauek desberdinduta: lortutako ondorio nagusiak, emakume talde bakoitzarekin kontuan hartu beharreko jarduera printzipioak eta emakumeen egoera hobetzeko jarduera proposamen zehatzak.
Lortutako informazioari dagokionez, emakume nagusien taldean ikusi da gehienak (% 86) 65 eta 85 urte artekoak direla, ia denak pentsiodunak (% 65,6) edo erretiratuak (% 28,8) direla; erdiak (% 50,2) bakarrik bizi dira, eta % 8k laguntza sozialen bat jaso du.
Talde horretako kideek denbora asko ematen dute familiako beste pertsona batzuk zaintzen; hamar emakumetik seik batez ere gizarte zerbitzuak, osasun zentroak eta ospitaleak, Kultur Etxea eta Erretiratuen Zentroa ezagutzen dituzte, eta erdiak erabili egiten dituzte.
Elkarrizketatuen artean talde nagusia aniztasun funtzionaldunen emakumeen kolektiboa da (% 68), horietako % 35 Abusun bizi da, eta emakume horien guztien ia bi herenek ez dute inolako laguntza sozialik jasotzen. Talde horretako emakumeak dira udal zerbitzuei buruz gutxien dakitenak; horrez gain, onartzen dutenez, gehien erabiltzen dituztenak ere badira (% 60), batez ere Gizarte Zerbitzuak, ospitale eta osasun zentroak eta herriguneko etxea.
Atzerriko etorkin emakumeen taldea kolektibo gazteena da; izan ere, emakume horietako erdiek (% 52,4) 30 eta 45 urte artean dauzkate, % 10, berriz, 18 eta 30 urteen bitarteko tartean dago, eta gainerako % 40a, azkenik, 45 urtetik gorakoa da. Emakume horien jatorriari dagokionez, % 45 Latinoamerikatik iritsi da, Saharaz hegoaldeko Afrikatik % 33, Europa Ekialdetik % 14 eta Magreb ingurutik % 5.
Emakume talde horren premia nagusiak etxebizitzari (% 71), enpleguari (% 71), elikadurarako diru-laguntzei (% 62) eta prestakuntzari (% 61) dagozkie. % 19k genero indarkeria pairatu izana adierazi du; ehuneko hori beste taldeetan adierazitakoa baino zertxobait altuagoa da; izan ere, datu hori % 12koa izan baita aniztasun funtzionaldun emakumeen taldean, eta % 2koa, berriz, emakume nagusien kolektiboan.
Azterlanean, gainera, emakumeek beraien beharrei erantzuteko aurkitzen dituzten oztopoen zenbait alderdi ere landu dira, esaterako segurtasun pertsonalik eza, autoestimu falta edo generoaren arrail teknologikoa; emakumeen eta gizonezkoen berdintasunari lotutako gaiak dira, berdintasun legala lortu arren oraindik indarrean dagoen desberdintasun errealaren egoerari dagokionez zenbateraino jakitun dauden zehazteko; bukatzeko, antzemandako zailtasunak gainditzeko hobekuntza zehatzen proposamenak eta jokatzeko printzipioak jaso dira.