EAJ-PNVren EBBren adierazpenak ELA-STV-k Kutxabank-en etorkizunaz esandako gezurren aurrean

Atzokoan ELA-STV sindikatuko buruek Kutxabank-en etorkizunaz esandako gezur larrien aurrean, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak zera adierazi nahi du:

EAJ-PNVren EBBren adierazpenak ELA-STV-k Kutxabank-en etorkizunaz esandako gezurren aurrean 06Maiatzak
2014
2014 MaiatzaK 06 |
Berria

PARTEKATU

-Gezurtia da egia esaten ez duena, eta atzokoan ELAko buruek ez zuten egia esan. Ezin da geldiarazi oraindik hasi ez dena, gertatu ez dena geldiarazterik ez dagoen modu berean, Kutxabank-en ustezko pribatizazio horrekin gertatzen den moduan. EBBk irmotasun osoz gaitzesten ditu, beraz, atzo ELA-STV sindikatuak egindako salaketak.

-Kutxabank bere ezarleen agindupean dago, bere bezero eta erakunde sortzaileen mende dago. ELAk, beraz, ez dagokion egitekoa bereganatu du; ez du ordezkaritza ez Kutxabank-en ezta erakundeetan ere. Kutxabank-ez hitz egin aurretik, komenigarria litzateke ELA-STVk berak erakundearekin duen egiazko harremana argitzea; bezeroa ote den, ezarlea ote den, edo, esate baterako, bere erresistentzia kutxak Kutxabank-en gordetzen ote diren.

-ELA-STV manipulazio demagogikorik zatarrean erori da, eta bere asmoa euskal gizartea beldurraraztea baino ez da, euskal gizartea orokorrean, eta bereziki Kutxabank-eko bezero eta ezarleak. Arduragabekeria da, beraz, Herri honetan lidergo soziala bilatzen duen erakundearen aldetik. Edozein kasutan, salaketak hain dira arrazoigabeak, ezen berez deskalifikatzen baitira.

-Beste behin ere, ELA-STVk bat egin du ezker abertzalearen estrategiarekin. Elkarrekin abiatu dira Kutxabank ahultzeko estrategian, interes partikular eta politikoek gidatuta. Estrategia honek ez du onurarik ekarriko, eta bai kaltea, sindikatu horrek defendatzen eta ordezkatzen omen duen gizartearentzat.

-Hiru euskal kutxak iraganean eta Kutxabank orain aldian, esku onetan egon dira, daude eta egongo dira, ondo kudeatuta. Baieztapen horren erakuslerik argiena da bizirik dirautela eta erabat autonomo jarraitzen dutela, Espainiako erakunderik gehienak ez bezala. Azken hauek zati handi batean desagertu egin dira, interbenituak izan dira edo banku handiagoek hartu dituzte, Nafarroako Aurrezki Kutxarekin gertatu zen bezala. Ondorioz, EBBk begirunea eskatzen eta exijitzen du euskal kutxetako zuzendari talde eta langileentzat, egunez egun, urte luzeetan bezeroen konfiantza irabazten jakin dutelako, eta gure aurrezki kutxak Espainiar Estatuko finantza sistemaren kaudimen mailarik gorenean jarri dituztelako.

-EAJk hautestontzietan eman zaion erantzukizun instituzionalaz baliatuta, euskal gizarteari bermatzen dio Kutxabank-ek euskal finantza erakundea izaten jarraituko duela, gaurko aurrezki kutxek banku fundazio bilakatuta kudeatuta; Kutxabank-en egitasmoak Gizarte Ekintza garatzen eta sustatzen jarraituko duela,  giza garapenera eta gure Herriaren garapen jasangarrira bideratuta; eta bere presentzia eta parte hartzea mantenduko duela, Euskadiko ehun sare ekonomiko eta industrialaren baitan.

Interesatu Zaitez