Iñigo Urkullu EAJren EBBren presidente eta lehendakarigaia gaur arratsaldean komunikabideen aurrean agertu da urriaren 21eko hauteskundeen ondorioz legebiltzar ordezkaritza lortu duten alderdi politikoekin lehen harreman erronda amaitutakoan. Urkulluk azaldu duenez “Lehen topaketa honen aurrean izan dugun helburua izan da, hiru gai nagusiak aurkeztea, hurrengo lau urteotarako "Herri egutegi" gisa planteatzen dugun egitasmoa osatzen dutenak, hau da: Akordio ekonomiko eta soziala,krisialdi ekonomikoari erantzun eraginkorra emateko eta, berriz ere, enplegua sortzen hasteko; Euskadin Bake eta elkarbizitza zerumuga berria finkatzea; eta Euskal autogobernuaren etorkizunari ekitea".
Urkulluk gogora ekarri du "erakunde arteko egonkortasunerako aurkezten dugun proposamena, Herri honetako erakunde guztiek eskura izan dezaten beren kudeaketa lanari ekiteko tresnarik garrantzitsuena, hau da, aurrekontuak Gure lehentasunik nagusiena da akordio zabalak lortzea, Herriak dituen arazoei erantzun ahal izateko. Eta, gure lehentasuna ere bada Gobernu bat osatzea; Euskadiri, egoera honek eskatzen digun egonkortasuna, lidergoa eta konfiantza emateko".
“Lehen harreman erronda honen ostean, azpimarratu nahi dut konbentzituta nagoela, oinarri behar bezain sendoa dugula, Herri honen etorkizunaren onerako etorriko diren akordio garrantzitsuak lortzeko" azaldu du
Jeltzaleen buruak amaitzeko azaldu duenez "zentzu honetan eskertu nahi dut bilerak egin ditugun lau Alderdion jarrera. Batzar guztietako giroan izan da nagusi, elkarrizketa ireki eta eraikitzailea".