Iritzia
26Apirila
2006
26 |
Iritzia

Europa gehiago, irtenbide gisa

Iritzia
Apirila 26 | 2006 |
Iritzia

Konstituzio Ituna impasse batean da. Herrialde gehiago sartzeko egutegiak eztabaida handiak dakartza Estatu kideen artean. Euroguneko Europako ekonomiaren hazkundea, 2005eko hirugarren hiruhilekoan, % 0,3 besterik ez da izan. Europak, ikerketa eta garapeneko inbertsio pribatuari dagokionez, atze atzean jarraitzen du, munduko ekonomia nagusien artean. Eta Europar Batasuneko energia inportazioek, % 50era iritsi direlarik, arriskuan jartzen dute gero eta garestiagoa den petrolioaren mendekotasunak jadanik trabatzen zuen suspertze ekonomikoa. Eta, bien bitartean, interes tasek gora egin dute, eta, hartara, are gehiago ito dituzte lehendik ere nahiko ahulduta zeuden etxeko ekonomiak.
Ziurgabetasun aldi honetan, gogoan izan behar dugu europarrok azken mende honetan aurre egin behar izan diegun zailtasunak, demak, ez direla txikiagoak izan, eta ondo baino hobeto gainditu ditugula. Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, askok uste zuten Europa betiko suntsituta zegoela. Europako herrialdeen arteko batasun, lankidetza eta elkartasun asmo irmoari esker, baina, kontinentea laster asko berreraiki zen. Hori guztia egin ahal izateko, ezinbestekoa izan zen europarrok EUROPARI BAI esatea, gure beldurrak, gorroto fratrizidak eta egoismo nazionalak menperatuta.
Zirraragarria da Europak dema eta jakinkizun hauei nola erantzuten dien ikustea, baina ez da segurua arrakastatsu irtetea, ez baldin badugu Europar Batasun politikoa bultzatzen. Europar proiektuari lotzen ez bagatzaizkio, baztertuta geratuko gara, politika eta ekonomia arloetan egitura sendoak eta neurri handikoak eskatzen dituen eta gorantz datozen potentzia berriak dituen elkarmendekotasuneko mundu honetan. Mundu multipolar berri honek europarroi eskatzen digu huts hutsik nazionalak diren mugak eta interesak berriz gainditzea, dema global berriei egokiro aurre egin ahal izateko.
Horregatik, EUROPA GEHIAGO izatearen alde egiten du EUROBASKek, irtenbide gisa. Horrela, aniztasuna eta nortasun nazionalak errespetatuz, XXI. mendeko europar gizarte berria eratu ahal izango dugu. Gizarte kohesionatua, aktiboa eta itxaropentsua. 1951n sortu zen proiektu hura, europarroi 50 urte baino gehiagoan bakea, oparotasun ekonomikoa eta askatasuna eman digun proiektua, baina gaur egun Europako herritarren itxaropenei erantzuten ez diena, politikaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik berritzeko gai izango den gizartea. Horregatik, beharrezkoa da europar eraikuntzari egindako kritikak aintzat hartzea. Baina kritika horiek ez dituzte ezkutatu behar erdietsi diren lorpen itzelak, ez eta Europar Batasunak europarroi eskaintzen dizkigun jarduteko eta etorkizunean arrakasta izateko aukera handi handiak ere.

PARTEKATU