Ez dut zalantzarik. Azken 25 urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen ezagutzari dagokionez egondako bilakaera oso positiboa izan da. Baina, aurrerapausoa handia izan bada ere, tamalez, oraindik hutsuneak egon badaude.
Jakinekoa da Gernikako Estatutuak maila bereko status ofiziala aitortzen diela euskarari eta gaztelaniari. Baina, gure ingurura begiratu besterik ez dugu euskararen eta gaztelaniaren ezagutza eta, batez ere, erabilera simetrikoak ez direla eta euskara oraindik hizkuntza gutxitua dela ikusteko.
Usteak, hainbat kasutan, ustel bihurtu zaizkigu. Hizkuntza kontuak, erabilerari dagokionez, uste baino ustelagoak izan dira. Euskara irakatsi bada ere, milaka neska-mutikok euskaraz ikasi badute ere, euskara hartu duten horiek, askok bederen, ez darabil ikasitakoa bere eguneroko bizitzan: lagunartean, etxean, lanean... Zer dela eta? Hor dago gakoa, hor dago aztergaia, hor dago berandu baino lehen bertatik bertara behatu eta arteztu beharrekoa eta, egoerari aurre eginez, hobetu beharrekoa.
Hutsune eta gabezia horiei aurre egiteko hainbat neurri, ekimen eta politika jarri dira martxan urte hauetan guztietan. Batzuk oso emankorrak izan dira, beste batzuk ez horrenbeste. Baina, guzti-guztiak, zalantzarik gabe, euskararen hobe beharrez hasitako ekimenak izan dira. Are gehiago, euskararen hobe beharrez eta, aldi berean, herritarrei zor zaien begirunerik handienarekin abian jarri eta hezurmamitutakoak.
Hala ere, begi bistakoa da, egindako bideaz gain, aurrerantzean ere bide luzea dugula egiteke euskararen ezagutza eta erabilera normaltze aldera. Eta normalizazio hori lor-tzeko artez eta moldez eragin beharko du administrazioak zein norbanakook. Maila guztietako administrazioek neurri zehatzak hartu beharko dituzte euren eragin esparruetarako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza elkarlanean aritu beharko dira. Era berean, gutariko bakoitzak konpromiso zehatzak hartu beharko ditu, gizarteak oro har konpromisoak hartu beharko ditu eta ardura politikoren bat duen orok ere hala egin beharko du. Beharrezkoa da gu guztion partehartzea eta erantzukizuna.
EAJk aurrera egin nahi du eta aurrerako bide horretan euskal gizartea izan nahi du bidelagun. EAJk bide hori denborak eta erri-tmoak neurtuz eta errespetatuz egin nahi du, zuzena eta bidezkoa den malgutasunez jokatuz baina iparra galdu gabe. Horiek dira gure bide-erakusleak: malgutasuna, progresibotasuna, eskuzabaltasuna, esfortzua eta gure eskura dauden eta beharrezkoak diren baliabide guztien erabilera. Horiek bai, ez ordea batzuek darabilten liskar eta politizazio nahia.
Bidea luzea eta malkartsua izango bada ere, bide hori erakargarria da. Saria, berriz, itxaropentsua, hizkuntzen arteko ezberdintasun sozialik gabekoa, hizkuntzak erabiltzeko aukera berdintasunez jantzitakoa, egiazko hizkuntza-askatasunez araututakoa.
Hizkuntzen artean ezberdintasun sozial gutxiago dugun neurrian, euskara eta gaztelaniaren erabilera-aukeren artean berdintasun handiagoa lortzen dugun neurrian, gutariko inork ez dio berak aukeraturiko hizkun-tza erabilerari uko egin beharrik izango. Hizkuntza-askatasuna handitzearekin guztion bizikidetza aterako litzateke sendoturik, eta guztiok irabazle.
EAJk ez ditu inolaz ere ezberdintasunak berdindu nahi, aukeretan nahi du berdintasuna. Horrek garamatza aukera gutxien dituen eta egoera ahulenean dagoen hizkuntza, euskara, sustatzera. Baina ez ezeren kontra, ez gaztelaniaren kontra, haren ondoan baizik. Gizarte, ez bakarrik elebiduna, eleaniztuna nahi dugu. Geureak ditugun euskararen eta gaztelaniaren ondoan, Europan dabiltzan hizkuntzetan moldatuko diren gazteak hezi nahi ditugu.
EAJ itxaropentsu dago euskararen etorkizunari begira landu beharreko hizkuntza-politikaren inguruan sortutako ekimenen aurrean, eztabaida horiek ireki eta zabalak izango baitira hedadurari eta parte-hartzaile kopuruari dagokionez. Horrela, batetik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarritako Euskara 21 ekimena dugu, www.euskadi.net/euskara21 web orrian irakur daitekeena. Bertan ikusgai dagoen oinarrizko txostenak hainbat ezaugarri ditu: lan tresna da, partaidetza sustatzeko eta gogoetak jaso-tzeko irrikitan dagoen txostena, atzeraelika-tzea lortzeko bidea, aniztasunaren isla.
Bestetik, EAJren baitan jaiotako Think Gaur Euskadi 2020 ekimena dugu (www.thinkgaureuskadi2020.com). Think Gaur Euskadi 2020 EAJk Euskadiren etorkizunari begira egiten duen apustua da, EAJren ahaleginaren jarraipena, Euskadiren etorkizuna amestu eta irudikatzeko aukera ematen digun ekimena da. Euskadi eta euskara mundu zabalean kokatu nahi ditugu. EAJk bihar-etziko, gaur bertan hasi eta hurrengo urteetako Euskadiren nondik norakoa eta luze-zabalera aurrikusi nahi ditu, besteak beste, euskararen arloan.