Azken egunak erakusgarri handikoak izan dira. Bai Eusko Legebiltzarrean zuzenean bizi eta entzun izan ditugunengatik, Osoko Bilkuran zein Batzordean, eta baita, zenbait komunikabideren bitartez lau haizetara aireratu diren ideia eta mezuengatik ere. Eta egunek zeharo erakusgarriak izan direla diot, Oinarrizko Giza Eskubideeetaz gabiltzala, zein norabide “jarraitu behar ez den” erakutsi digutelako. Gogoratu besterik ez, nazioarteko tratatu bi baino ez aipatzearren, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 5.artikuloak eta Espainiako Konstituzioaren 15. artikuloek, tortura, zigor eta tratu txar anker, jasangatz eta iraingarriak ez jasateko eskubidea jasotzen dutela.
Iragan maiatzaren 16an, ostirala, Aralarrek aurkeztutako eta Hirukoak gehitu zuzenketarekin, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak, Espainiako Gobernuak tortura salaketen aurrean izaten duen jarrera gaitzesteko Legez Besteko Proposamena eztabaidatu eta onartu zuen. Bestalde, maiatzaren 20an, asteartea, Amnistia Internacional-eko ordezkariek, “Gatza zaurian” izenburupeko txostena aurkeztu eta tortura eta tratu txarren alorrean zenbait gomendio eskaintzeko agerraldia eskaini zuten Giza Eskubide Batzordearen aurrean. Eta, noski, komunikabideek ikuspuntu zeharo diferenteetatik aztertu dute albistea, zenbait kasutan, objektibitate eskas eta nolabaiteko manipulazio zantzuekin.
Benetan. Azken egunotan norbait zulo beltzean jausi delaren susmoa izan dut. Itzel handia den grabitazio alor batetaz gabiltza hizketan, tortura salaketen esparrua, alegia. Bertara hurbiltzen den edozein, edozer, harrapatuta gelditzen da, eta, kateatuta bezala, ezin irten liteke amarau horretatik. Putzu amaigabe eta ilun, beltz horretan erortzen da. Tortura eta berorren justifikazio, babes, isilean gorde edo salaketa ezarekin zerikusi duen edozer, zulo beltz bihurtzen da. Handituz, zabalduz doan zulo beltza. Hiritarren eskubide eta askatasunak bermatzeko sistema ezarri eta sendotzeko edozein ahalegin irensten duen zulo beltza da. Zeren, eskubide eta askatasun hauek guztiak, zaku berean doaz. Edo denak hartzen ditugu gure gain, edo, zakua jota dago.
Eta hori bilatzen du, hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean maiatzaren 16an onartu genuen Legez Besteko Proposamenak, beti ere, giza eskubideen aldeko nazioarteko erakunde eta elkarteek egindako gomendioen harira: “Eusko Legebiltzarrak Gobernu espainolak tratu txar eta tortura salaketen aurrean etengabe hartzen duen jarrera gaitzesten du, indar polizialak, salbuespen gabe, babestuz. Eusko Legebiltzarrak bereziki gaitzesten du, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura salaketen aurrean, Alfredo Pérez Rubalcaba, Herrizaingo Ministroak zortzi guardia zibilei adierazitako babesa”. Legez Besteko Proposamenean, era berean, “Gobernu espainolari eskatzen zaio, tortura delituengatik zigortutako personei barkamena sistematikoa eskaintzeari utz diezaiola”. Eskakizuna argi eta garbia da. Testuak horixe bera dio. Ez gehiagorik ez gutxiagorik.
Nazioarteko Zuzenbideak eta Oinarrizko Araudiek jaso bezala, tortura eta tratu txar era guztiak zalantzarik gabe, baldintzarik gabe eta une oro debekatuta daudela aintzat hartzen badugu, ezin genezake zulo beltzik onartu. Ezin onar liteke edonolako kasurik justifika lezaken opakotasun gunerik, toki ilunik. Terrorismoaren aurkako borroka ezin liteke balio gutxitu eta inkomunikazioa bezalako neurriak justifikatzeko argumentutzat erabili, inkomunikazioa tortura eta tratu txarren erabilera errazteko gunea baita, giza eskubideen aldeko nazioarteko erakunde eta elkarteek onartu bezala.
Gure eskubideak zaintzeko eta legea betearazteko arduradun diren agenteen lana babestu behar dugula onartzen badugu, hainbat polizia zerbitzu eta Estatu segurtasun indarretan dihardutenak, horien lana onartzen badugu, modu bertsuan, zenbait kriminalek –torturatzaileak kriminalak baitira- elkarte oso baten oinarrizko lan zintzoa estal ez dezaten zaindu behar dugu baita.
Horrela, eta gure segurtasun indarren funtzionamendu egokian laguntze bidean, ezin jaus gintezke tortura salaketa guzti-guztiak norabide beretik datozela dioen esaldi erraz horretan. Amnistía Internacional-ek tortura eta tratu txarrak jasan eta salatu dituzten hainbat lekukotasun eta personen testigantzak jasotzen ditu bere txostenetan, eta, horiek guztiek ez dute inolako zerikusirik ETA edo Euskal gatazkarekin. Giza eskubideen urraketaren biktima izan diren etorkinek, esaterako, “terroristaren esku-liburu” hori irakurri dutenik ere zalantza dut. Azken egunotan hitzetik hortzera horrenbeste aipatu den “eskuliburua” ezagutzen dutenik ere zalantzan jartzen dut, eta, zinez, ez dut uste, salaketa faltsuen ikastarorik jaso dituztenik ere.
Legution Juan Manuel Piñuelen erahilketa arbuiagarrien modukoek, gertaera mingarri eta gaitzesgarria, ezin eragotz lezakete instituzioek hiritarren eskubideen alde egiten duten jarduna. Giza eskubideen aldarrikapen eta defentsan testuingurua hutsal da, kontuan izaki, giza-eskubideen adiera, elkarbizitza unibertsal, besterenezin eta zatiezinen oinarrizko kontzeptuen multzo dela. Helburu batek bitartekoak justifika litezkeenik onartezintzat hartzen dugun modu berean, herritarren ordezkari gisa gure eginkizun da, une oro eta persona ororen askatasun eta eskubideak bermatzea.
Gutxiengo kontzeptu etikoak aintzat hartzeko gai ez bagara, Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenean jasotzen direnak kasu, eta, kontzeptuok helburu edo testuinguru zehatzetara baldintzatzen baditugu, arazoaren hein handi bat alboratuz gainera, gure Zuzenbide Estatua zitaltzen duen zulo beltz baten sartuta egongo gara bete-betean.