Josu Erkoreka
01
Marzo
2008
Entrevistas

Hitza

Josu Erkoreka
01
Marzo
2008
Entrevistas

Erkoreka: "Espainian ez dugu lekurik gure nortasuna onartzen ez badute"

MAITE ZABALONDO

Zortzi urte egin ditu Josu Erkorekak (Bermeo, 1960) madrilen, EAJren diputatu legez. martxoaren 9an aukeratua izanez gero, beste lau urte egingo ditu.


Nolako esperientzia izan da orain artekoa?

Polita, baina batzuetan gogorra. Ni joan nintzenean, 2000. urtean, Aznarrek irabazi zituen hauteskundeak gehiengo absolutuagaz, eta PSOEren hautagaiak dimititu egin zuen. PSOEk planteamendu guztia berritu eta zuzendaritza-batzordea osatu arte gure kontra hasi ziren. Inbestidurako debatea nire lehenengo debatea izan zen, benetan gogorra. PSOEri kasurik egin barik, PPren karga guztiak gure kontra joan ziren. Zur eta lur atera nintzen eta neure buruari galdetu nion, baina zer egiten dut hemen? Zapaterorekin giroa bestelakoa zen. Beste izaera bateko pertsona da eta konbentzimendu demokratiko handiagoak ditu. Egia da, gehiego absolutua ez izatean, belarriak apur bat makurtu egin behar dituzula.

Madrilen Euskadi defendatzeko EAJk talde sendoa gura du. Zeintzuk lirateke helburu nagusiak?

Guk Madrilen era guztietako politika egiten dugu. Zapaterogaz autodeterminazioaren eskubideari buruzko zuzeneko eztabaidak izan ditut behin baino gehiagotan. Gure sorbidea eta gure helburua Euskadi da. Euskadi eta euskal herritarron aldeko jarduera dugu han. Bertoko PSOEren eta PPren hautagaiak euren Madrilgo agintarien azpitik jokatzen dute eta Euskadi ez dute kontuan ezertarako. Guretzako Euskadi gure jarduera guztiaren helburu nagusia da Beraz, lau helburu nagusi aipatuko ditut: lehenengoa, Lehendakariak mahai gainean jarritako proposamena da. Lehen pausoa hauteskundeetatik datorren gobernu espainolagaz akordio bat lortzea da. Akordio horretan Euskal Herriaren normalizazio politikoaren oinarriak jarriko lirateke. Bigarrenez, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoa murrizten duen legedia atzera botatzen lanean jarraitzea. Hirugarren, maila ekonomikoan eta sozialean Euskadik dituen erronkak defendatzea. Garapen ekonomikoa, batez ere, teknologiaren aldetik dator eta hor hainbat inbertsio egin behar dira gure enpresen eta sare industrialaren produktibitatea areagotzeko. Laugarren, ingurumenaren babesa egongo litzateke. Programaren atal oso bat dugu horretarako. Erronka garrantzitsuak ditugu, tartean, aldaketa klimatikoarena.

Beste estatu bat posible dela dio EAJk.

Gure burua naziotzat dugu, baina horrek ez du esan gura gai ez garenik beste nazio batzuekin elkarbizitzeko. Guk esan gura dieguna da: estatua zuen erara antolatuta duzue, baina guk hor ez dugu lekurik gure nortasun nazionala onartzen ez baduzue. Onartuz gero gai izango gara edozeinekin elkarbizitzeko. Hori nahi dugu. Kirol selekzio nazionala izaten ez digute uzten, eta hainbat arlotan murrizketak daude. Aldaketa behar da eta PPk eta PSOEk ez dute hori ekarriko. Horregatik sortu genuen Galeuscat, alternatiba moduan. Demokrazia alternatibak egitea eta izatea da. Alternatibarik ez duen demokrazia, demokrazia pobrea da.

Zuk esana da ETAren amaiera adostua ez bada, terrorismoa ez dela guztiz desagertuko. ETArekin hitz egitearen aldekoa al zara?

Labur esateko, azken momentua elkarrizketatua izango da. Hau da, ETAren izenean mahai baten inguruan inork ez badu esaten zergatik, zelan, noiz eta zertarako erabaki duten indarkeria bazter batean uztea, inoiz ez dugu jakingo ETA amaitu den edo ez. Horrek behartzen gaitu segurtasun dispositibo guztiak, eskolta guztiak mantentzen. Horretarako ETAk amore eman beharko du. Borondatea eta kanporako jarrera eskatzen du eta egun ez dira baldintzak betetzen. Baina betetzen diren edo ez jakiteko, norbaitek zubi bat izan behar du ETArekin, noizean behin kontaktua izateko. Gobernu batek zubia euki beharko luke. 2005an hartutako erabaki horretan agertzen diren baldintzak ez dira betetzen, baina horrek ez du kentzen ezin direla eman.

Zer irizten diozu EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteari?

Garbi dago, 2002ko legearen debatean agertu ginen moduan, horren kontra gaudela. Gainera, egur asko eman ziguten. Funtsezko eskubideak daude jokoan, demokrazia batean ezinbestekoak direnak. Larriena da inoiz indarkeriazko jarduerarik izan ez duena kartzeleratu dela. Beti bereiztu izan da, Ezker Abertzalearen baitan, indarkerian sartuta dagoen jendea eta espresio politiko hutsa duena. Beraz, tratamendua ere bereiztu egin behar da. Politika egiten utzi egin behar zaie. Batetik, arrazoi estrategikoengatik, ahotik kentzeko ez zaiela beste irtenbiderik utzi biolentzia baino. Eta bestetik, neurri batean helburu pedagogiko bat betetzeko. Benetako demokrazia bada zabaltasun nahikoa izan behar du, alderdi politiko guztien espresio ideologiko guztiei aukera emateko. Gero Baltazar Garzon etorri zen dena ETA dela esanez. Gero PP etorri zen dena ETA dela esanez. Horren ondorioz sortu zuten alderdien legea, eta horren ondorio larrienak orain datoz. Garzonek esan zuen «todo es ETA y lo demostrare», baina ezin izan due ezer frogatu. Batasunaren aurka kautelazko neurriak hartu eta bost urtetan ez du ezer frogatu. Horregatik onartu zen alderdi politikoen legea. Hor mendeku bat dago.

Kontzertu Ekonomikoaz asko egin da berba. Zergatik da hain garrantzitsua EAEk zerga propioak jartzeko ahalmena izatea?

Politika fiskalak egin ahal dituzulako. Horren bitartez ekonomia aurrera edo atzera eraman ahal duzu, gauza batzuk bultzatu ahal dituzu, mugimendu enpresarialak eta pertsonalak bideratzeko aukera ematen dizu... Tresna indartsua da. Beste erronka bat ere badugu, `blindajea´deitzen dioguna. Gaur egun, Batzar Nagusietan onartzen duten foru arau bat edozeinek errekurritu ahal du auzitegian. Gure ustez, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean bakarrik errekurritu beharko lirateke, eta horretarako legitimazioa duten erakundeek bakarrik. Behin planteatu genuen hori, eta PPk eta PSOEk ezezko botoa eman zioten.

Arrantzak zuen jardunean garrantzia hartuko duela esan zenuten Bermeoko ekitaldian.

Azken urteetan kofradiekin, arrantzaleekin, andrekin harreman handia izan dugu, eta eurek bultzatuta hainbat ekimen aurkeztu ditugu Madrilen ere, Europan arrantzaleen interesak defendatzeko. Bermeo herri arrantzalea da, eta baxurako arrantza ez da duela 20 urtekoa. Bere erronkak ditu eta neurri eta ideia argiak behar dira. Bokarta ere babestu egin behar da. Eta berdelagaz ere arazo bat dago. Baimendutako kuota baino askoz gehiago arrantzatzen da. Eta ez baxurakoek bakarrik, denak sartzen dira hor. Erronkak zeintzuk diren argi ditugu eta arrantza sektoreagaz batera lanean ari gara, presioa egiteko. Gero arraina egongo den edo ez beste kontu bat da. Bermeon andrazkoen egoera ere aipatu nuen. Sareginak eta neskatilak gizarte segurantzaren aurrean baztertuta daude.

Genero indarkeriaren kasuak gero eta gehiago direla ikusita, EAJk zerbait proposatzen al du?

Harreman afektibo oso intimoa dagoen inguru batean, oso zaila da noiz sartu jakitea. Zeregin handia dago eta hoberena jesarri eta aztertzen hastea da.

EAJk gizarte segurantzaren eta enpleguaren politiken alde egiten du. Zer esan ahal duzu horretaz?

Azken legealdian ekimen bi egon dira Kongresuan. Bat, alargunen pentsioak igotzeko eta bestea aurrejubilatuen egoera hobetzeko. Laguntza gehiago behar dituzte.

Zer egiteko prest egongo zinatekete Urdaibai Biosfera Erreserba iraunkor mantentzeko?

Udalerriek zerbait egiteko planen bat badu, zabalik nago Madrilen inplikazioa eskatzen duen plana bideratzeko. CO<->2 biltegiarena guretzako ezuztekoa izan da. Bermeoko eta Mundakako alkateei esan diet hoberena gobernu berria osatu arte itxarotea dela. Orduan ikusiko dugu gaia zelan dagoen. Lanean ari naiz.
COMPARTE