Opinión
24Diciembre
2007
24 |
Opinión

Schengen, 1837

Opinión
Diciembre 24 | 2007 |
Opinión

Abenduaren 21ean, Angela Merkel, Donal Tusk eta Mirek Topolanek, Alemania, Polonia eta Txekiako buruzagiek elkarrekin ezabatu zituzten euren Estatuen arteko muga-kontrolak. Asteburuan beste horrenbeste egin da Austria, Italia eta Esloveniaren artean ere.  Nork esango zuen gero orain hogei urte, Alemania biak elkartuko zirenik, Burdinazko Hesia apurtuko, Gerra Hotza amaituko eta mugak kenduko?
Mugabako Europak 24 estatu biltzen ditu honez gero --3,6 milioi kilometro karratu eta 404 milioi lagun- Schengen eremuaren barruan. Kanpoan gelditu nahi izan dute oraingoz Britainiar Erresumak eta Irlandak, eta barruan dira, berriz, Norvegia eta Islandia, Europako Batasunaren partaide izan ez arren.

Oraindik ez dira 60 urte, Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean (1945) Robert Schumanek Europako Batasunaren lehen oinarriak jarri zituela (1950). Geroztik  Europak hamaika urraspide jorratu ditu --ez beti nahi bezain egokienak-- baina, jira eta buelta, munduko egitasmo politikorik baketsuena, aurreratuena eta gizatiarrena osatu ahal izan du. 

Euskaldunok ez gara inoiz mugazale izan. 1820 urterarte, gure Hegoaldeko mugak Balmasedatik Tuteraraino zihoazen. Baina Espainiako gobernuak Ebroko aduanak Bidasoara pasatzea erabaki zuen eta Gipuzkoako Diputazioak kontrako jarrera  jakinerazi zion 1837an: "Tal vez llegará un tiempo en que las potencias, que van modificando mucho el ramo de las aduanas, las supriman todas por común acuerdo y utilidad".

Jakina, Espainiako gobernua omen zen orduan aurrerakoia eta Gipuzkoako Diputazioa, berriz, atzerakoia. Baina, 170 urte geroago, Schengen-eko hitzarmenak etorri behar izan du bakoitza bere lekuan jartzeko.

COMPARTE