Opinión
03Diciembre
2007
03 |
Opinión

Quirola

Opinión
Diciembre 03 | 2007 |
Opinión

JOSE de Arteche zenak aitortu zuen (De Berceo a Carlos Santamaría, 1968), berak neologismotzat jo arren 'quirola' XIII. mendeko hitza zela, Justo Garatek gogoratu bezala (Euskera XII, 1967) Berceoren olerkietan azaltzen da-eta.

Egia da Justo Garatek hori esan zuela, egia den bezala hainbat urte lehenago Augustin Anabitartek (Euskal Esnalea, 1919) 'kirol' hitza erabili zuela. Aurretik, berriz, Azkuek bere hiztegian (Diccionario Vasco-Español-Francés, 1905) jasoa zuen eta, ordurako, bildua XVI. mendeko errefrauetan (Refranes y Sentencias comunes en Bascuence declaradas en Romance, 1596).

Garbi dago 'kirol' hitza ez dela asmatu berria, zeharo zaharra baino. Hizkuntzalariek ez dute honetaz inolako zalantzarik. Baina soziologoek galdetu lezakete, ostera, ea zelan arraio "quirola" agertzen den Erdi Aroan, Errioxan, kirola ingelesek asmatu bazuten XIX. mendean.

Kontua da 'quirol' hitzak ez duela jatorriz joko edo ariketa fisikorik esan nahi, olgeta edo jolas atsegina baino. Baina, XIX. mendean, ingelesek 'sport' hitza berrasmatu zuten joko edo ekitaldi fisikoa adierazteko eta ondoren etorri zen antzinako berba zaharraren egokipena frantsesez, gaztelaniaz zein euskaraz.

Jakinekoa, beraz, zelan izan zen aldaketa historikoa. Auskalo, ordea, nor izan ote zen aldaketaren lehenbiziko eragilea. Hau da, 1905eko Azkueren hiztegian 'kirol' hitza jostaketaren sinonimoa zen; 1919. urtean, berriz, Anabitartek idatzi zuen: euzkotarrak txapeldun dira kirol askotan. Nahiz eta, Javier Díaz Nocik dioenez, ARGIA aldizkariaren kirol-saila Jolasak deitu 1920ko hamarkadan, eta ez Kirolak.

COMPARTE