Opinión
23Octubre
2007
23 |
Opinión

Guggenheim gurea

Opinión
Octubre 23 | 2007 |
Opinión

Amatiño

Opinión

Euskadi Irratia


Guggenheim Museoak hamar urte bete ditu. Salzburgon edo Venezian egingo ote zen eta, atzenean, Bilbon bertan, "bertan Bilbo" alegia.
Bai, Bilbon bildu ziren orain hamar urte, beste inoiz gertatuko ez diren hiru abagune: maldan behera zetorren Frank Ghery arkitektua, une hartan krisiak jota ziharduen Guggenheim Fundazioa eta katarsi-premian zegoen Bilboko desherria. Eta, atzekaldean, euskal burujabetza fiskala. Erabakia Madrilgo gobernuak hartu behar izan balu, ez genuke gaur Guggenheimik izango.

Arrakasta da museoaren balantzea. Sinbologiaren aldetik, orain hamar urte Gernikako Arbola zen bizkaitarren ikurrik ezagunena. Gaur egun, ostera, Guggenheim museoa bera.

Hirigintzaz, egitasmo honek gorpuzten du berrikuntza eta tradizioaren arteko euskal leloa: hizkuntzarik zaharrena eta gizarterik modernoena.

Ekonomiaz, bikoiztu egin dira aurreikusiak zeuden bisitari-kopurua eta autofinantziazioa. Eta, honez gero, Bizkaiko Diputazioak bildu du, zergetan, museoa egitea kostatu zenaren doble.

Bai, zenbaitek zalantzan jarri du Guggenheimek euskal kulturaren alde egindakoa. Gutxitxo ote...? Ez, behintzat, Anoetak edo San Mamesek euskal kirolaren alde egiten dutena baino gutxiago. Barneratua dugu Guggenheim kristoren dirutza kostatu zitzaigula, baina ez du inork esaten San Mames futbol-zelaia Guggenheim museoa baino %50 gehiago kostatuko dela eta, hamabostean behin, bi ordutan irekitzeko baino ez.

Sekulakoa da Guggenheim gurea, "amama" gero: San Mames baino merkeagoa, egunero zabalik eta Txapeldunen Ligan jokatzen du.

COMPARTE