Opinión
06Agosto
2007
06 |
Opinión

XVI. mendeko izenak

Opinión
Agosto 06 | 2007 |
Opinión

Liburu zaharren artean arakatzen aurkitu dut Irala. Documentos relativos al gobernador Domingo Martínez de Irala (Madrid, 1932), non Valle Lersundik eta Lafuente Machain ikerleek aztertzen duten XVI. mendean Rio de la Platako (Argentina) gobernadorea izan zen bergararraren berri.
Beti pentsatu izan dut Txomin eta horrelako izenak XIX. mendeko beserritarren artekoak baino ez zirela baina horra non Martínez de Irala bera ere Chomin izan zen gaztetan eta bere bost anai-arrebak, berriz, Perico, Chariaco, Chari, Chomen eta Charingo.

Haritik tiratu eta Valle Lersundik frogatu du XVI. mendean tx (ch) hizkia txikigarritzat erabiltzen zela umeen artean, eta bost mende geroago gurean irauten duten Txanton (Antontxu), Matxin (Martintxo) eta Txatalin (Katalintxo) orduko lekuko direla oraindik. Orduan, tx (ch) hizkia, amaieran ezezik, hitzen hasieran eta erdian ere erabiltzen zen.

Hasierakoen adibide dira Txandres (Andrestxo), Txango (Juantxo), Txaria (Maritxo), Txarin (Marinatxo), Txana (Anatxo), Txaxi (Graziatxo), Txadalen (Madalentxo), Txartin (Martintxo), Txekolas (Nikolastxo) Txelena (Elenatxo), Txosan (Osanatxo), Txomin (Domingotxo), Txomen (Domenjatxo) etab. Erdikoen lekuko Antxon (Antontxu), Matxin (Martintxo), Matxalen (Madalentxo) eta Mitxel (Mikeltxo); eta amaierakoena, berriz, Enekotx, Mariatxo eta Perutxo. Baita inoiz, birritan, hasieran zein amaieran: Txariako (Maritxutxo) eta Txaringo (Marinatxutxo).

Segurutik guzti honek ezer gutxi balio du Iker, Malen, Urko eta Nahia modan dauden garai honetan, baina garbi gera bedi behintzat, Joxemari, Joxantonio, Maiñaxi eta Mariapitta baino euskal izen zaharragorik ere izan dela gure artean.

COMPARTE