Entrevistas
16Junio
2007
16 |
Entrevistas

Ramuntxo Camblong (Deia)

Entrevistas
Junio 16 | 2007 |
Entrevistas

Camblong: "Nafarroan eta Iparraldean kalte egiteko erabaki kalkulatua hartu du ETAk su-etena hausterakoan"
Humberto Unzueta
BILBO. eaj-pnbk UDF-Modem alderdia sostengatzen du hauteskundeetan eta alderdi honek soilik VI. hautes-barrutian lortu du bigarren itzulira pasatzea (lehen itzuliko hautes-barrutiko bi alderdi bozkatuenak bakarrik lehiatzen dira bigarrenean). EH Baik ez du Iparralde zatikatzen duten hiru barrutietan baten ere bigarren itzulira pasatzea lortu. Ramuntxo Camblong EAJko IBBko presidentearen irudiko, UDF-Modemen aukera da "guregandik hurbilena dena".

Zer itxaropen duzu igande honetarako?

Botuemaileari esaten diogu erne egoteko, batzuen eta besteen programak ondo begiratzeko eta aukeratzeko gugandik hurbilena dena, hiru puntutan: euskararen estatus ofiziala, Euskadi eta Nafarroarekin harremanak sendotu eta azkartu, eta Iparraldeari errekonozimendu instituzional bat emateko gogoa, alegia Euskal Departamendua.

Gai hauen inguruan negoziatu al duzue UDF-Modem mugimendu politikoarekin, ahal duten neurrian horien alde egiteko?

Guk haiekin negoziatu genuen gure sostengua nahi bazuten, aipatu hiru puntuak defendatu eta aurrera eraman behar zituzten, eta denen aurrean azaldu.

Euskal Herria Bai (EH Bai) ez da bigarren itzulian izango. Uste al duzu UDF-Modem bozka dezaketela?

Aurreko hauteskundeekin alderatu EH Baik pittin bat hobetu du hiru alderdiek batera izan zituzten bozka kopurua, oso gutxi aurreratu du, batik bat, VI. hautes-barrutian (Donibane Lohizunen). Baina hortik aurera Euskal Herria Bai osatzen dutenak ezkertiarrak dira eta gehienetan ezkerrari eman nahi diote bozka, V. hautes-barrutian ezik, hemen ezkerreko hautagaia erabat euskaldunen aurkakoa baita. Ez dago argi zer egingo duten.

Lehen itzulian, EH Baik oso emai-tza onak lortu zituela esan zuen, bigarrenera igaro ez arren.

Egia da hiru alderdiek bere aldetik aurkeztuta lortutako bozkak hobetu zituzten, pittin bat bada ere. Pittin bat hobetu ditu VI. hautes-barrutian, beharbada gure botoemaileen zati bat haiengana desbideratuko zen. Oso pozik daude emaitzekin baina ez dira beste mundukoak izan.

UDF-Modem mugimenduak ere ez ditu aurreikuspen onak asebete.

Nik pentsatzen nuen pittin bat gehiago egingo zutela, ez dira iritsi ehuneko 10a eta nik espero nuen ehuneko 12aren inguruan ibiliko zirela. Baina aurrean dute UMP eta mugimendu politiko honek egitura eta bitarteko itzelak dituenez gainetik pasatu ditu beste guztiak. Bozka asko lortu ditu Sarkozy buru duen alderdi honek baita Bayrourenak ziren asko ere. Jendeak Sarkozyren alderdiari eman dio bozka. Oso profesional jokatu dute, oso trebe... gizon argia da.

Notableen fenomenoak ere pisu handia izan du orain ere.

Hemen jendeak beti bozka eman die notableei, hots, hautagai indar-tsu eta ezagunei. Gure hautes-barrutietan Jean Grenet eta Michelle Alliot-Marie, biak ala biak UMPko ordezkariak, dira notableak, lehena Donibane Lohizunen eta bigarrena Baionan. Hoiek izugarrizko abantaila dute igande honetan. Hemengo jendeak, eta euskaldunok ere, bozka ospetsuei ematea gustatzen zaie. Abertzaleok horren aurka borrokatu badugu ere, kontzientzia hori ezin dugu aldatu.

Nolanahi ere, lehen itzulian EH Baik 10.781 bozka erdietsi zituen eta EAJ-PNBk beste hauteskundeetan lortutakoak ez dira bi milara iristen. Abertzaletasunaren zenbakiak oso txikiak dira Iparralden.

Atentaturik ez zegoenean Hegoalden eta lau alderdiak (AB, EA, Batasuna eta EAJ-PNB) elkarlanean aritu ginenean ehuneko 10-12a lortuko genuela pentsatzen genuen. Eta horrek eragin bat izan zezakeen. Baina hori ezinezkoa izan zen Batasunak ez ziolako uko egiten ETAren indarkeriari eta guk hori ezinbestekotzat genuen. Izan ere, guk horregatik utzi genuen koalizioa urtarrilean, ez zuelako indarkeria baztertu. Gainera, guk proposatu genien Abertzaleen Batasuna (AB) eta Eusko Alkartasunari gurekin batera koalizio bat osatzea, Nafarroa Bai-ren ildo beretik, baina ABk eta EAk nahiago izan dute Batasuna jarraitu, PNBrekin batera joatea baino. Hori da Iparraldean gertatu dena.

ETAk, Hegoalden, hauteskundeak igaro arte itxaron zuen suetena hausten zuela iragartzeko. Iparralden, berriz, bozen atarian eman zen, hauteskundeetan izan zezakeen eragina kontuan hartu gabe. Hemengo abertzale ezkertiak ani-tzek nahi luke ikusi Batasuna PNBren tokia hartzen. Batasunak ezin du hori jasan, Nafarroan Na-Bairekin gertatu dena jasan ezin duten modu berean. ETAren azken erabakia oso kalkulatua izan da, Nafarroaren kasuan Na-Bai kalte-tzeko eta Iparraldean gure aurka egiteko.

Aitzitik, ETA Zazpiak Bat eraiki-tzearen alde azaltzen da beti.

Eta nahi dute Zazpiak Bat aurrera eraman, baina arazoa ez da hori, arazoa da beraiek buru izan nahi dutela.

Sarkozyren agintepean, abertzaletasunaren eragozpenak handitu egingo al dira?

Sarkozyrekin inmobilismo aro batean sartuko garela uste dut. Akaso euskararen arloan zerbait egin dezake, 2003an hona etorri zenean esan baitzuen euskara bultzatu nahi zuela. Ez dakit orain gogoratuko duen orduan esandakoa. Gainerako gauzetan, hots, Euskal Departamentuan, euskal unibertsitatean eta laborantza ganbaran ez dut uste ezer aurreratuko dugunik. Iparraldea itsasoan ur tanta bat bezalakoxea da. Guk oso gutxi, oso indar gutxi dugu.

Sinbologiatik haratago, Hegoaldeak benetan aintzat hartzen du Iparraldea?

Oraindik ez hainbeste, baina azken urteetan urrats batzuk eman dira. Adibidez, euskararen arloan, Eusko Jaurlaritzak Euskal Erakunde Publikoarekin egindako hitzarmena, edo oraintsu Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Akitanikoa Departamenduak eta Fran-tziako Estatuak berak sortu duten Euroeskualdeko Konferentzia, zeinak mugaz gaindiko harremanak bultzatzea dituen helburutzat. Horretaz landa, Hegoalderekin etorkizun bat dagoelako kon-tzientzia zabaltzen ari da hemen Iparralden.

Lan mardula dago egiteko.

Harremanetan batez ere. Hainbeste denbora egon gara gu, Iparraldean, Parisa begira, eta zuek Hegoaldean Madrila begira... Orain elkarri begira jarri behar gara zerbait aurreratzeko.

COMPARTE