Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hauteskundeak igaro berri dira, ez, ostera, Euskal Herri kontinentalean. Lurraldetasunaz horrenbeste alditan hitz egiten dutenei ebidentzia hori ahaztu egin zaie nonbait.
Izan ere, gure lurraldearen zati batean hauteskundeak igaro arte itxaron du ETAk, abenduan leherrarazi zuenari behin betiko lurra emateko, itxaropenari ateak aldi baterako itxiz, bidenabar. Herri honen gehiengo zabal batek indarkeria bazterrean uzteko eskakizunak zer dira ETArentzat? Eta zer kalez kale herriaren gogoa errespetatzea goiburutzat darabiltenentzat? Herri honen desioari men egin diezaion noiz eskatuko diote ETAri? Gure lurraldearen zati batean burututako hauteskundeen emaitzak prozesuaren aldekoak omen dira. Alabaina, beste behin, herri hau askotarikoa dela ahaztu egiten zaio ezker abertzale tradizionalistari.
ETAk eta enparauek irudikatutako prozesua ez da hala gainerakoek haien proiektua ez besterik onar-tzea badu oinarri, hori ez da demokratikoa, ezartzailea baizik.
Horrek ez dauka etorkizunik, orain arte indarkeriarekiko morrontza ez besterik erakutsi duen mugimendu politikoak katea eten ezean etorkizunik ez duen bezala.
Estatuak hartutako erabakiek bake eta normalizazio politikoan ez dute laguntzen, hori egia biribila da, baina, gizartearen gutxiengo batek indarkeriaz baliatzeko ez ezik proiektu totalitario bat ezartzeko nahiak egiten du ezein prozesu ezinezko.
Horiek horrela, gatozen abiaburura, gizarte hau askotarikoa da, askotarikoen artean eraiki behar dugu herri hau, eta gure borondatea, elkarrekin egin beharreko bidea