Ariztondo: "ETAk beldurra die bakeari eta politikagintzari"
1. Noiz eta zelan enteratu zara notiziaz? Eta zein izan da lehenengo sentsazioa?
ETAren agiria zegoenaz gaur goizeko 6:30ak aldera jakin dut. ETAk su-etena hautsi zuenaren berri odoltsua abenduaren 30ean izan genuen, su-etena ezer bada, armen eta hilketen ukazioa egitea da-eta. Zori txarrez, gaurkoa, duela 5 hilabete luze ETAk bake itxaropena euskaldunoi hautsi zigunaren gogoangarri idatzia da.
2. Zein da su-etenearen hausturaz egiten duzun irakurketa?
ETAk beldurra die bakeari eta politikagintzari; beldurra, gizarte helduek ohi duten bezala, euskaldunok ere itzal armaturik barik gatazka politikoari irtenbideak bilatzeari. ETAk euskal gizarte osoa indarkeriaren biktima izatera kondenatu gaitu eta arazo latza sortu dio, behin gehiagotan, Batasunari zeren “Gora Euskadi askatuta” eta “Behera ETAren indar zapaltzailea” esaten ez duen bitartean ez du politikarik egiterik izango.
3. Aurrera begira zein da egin beharreko bidea?
ETAk badaki ezin izango diola Euskal Herriari inolako proiektu edo irizpide politikorik irentsi arazi. Beste batzuk ere saiatu izan dira eta ez zuten lortu. Eta gure lana izango da hemendik aurrera ere, giza-hausturatik babestuko gaituen oinarrizko akordioa lortzea, oinarri etikoak izango dituena, giza eskubideak babestu eta indarkeria gaitzetsiko duena; salbuespen neurririk barik demokraziaren eremua zabaltzen eta sakontzen joango dena. Eta, hortik aurrera, elkarbizitza politikorako urratsak egiten joatea, euskal gizartearen erabakaienganako errespetua oinarri.