Barkos: "Madrilen interes orokorrak defenditzeko gai garela erakutsi dugu"
Joxerra Senar
Pixkanaka foru eta udal hauteskundeak gerturatzen ari dira, eta horiei begira, Uxue Barkos (Iruñea, 1964) Nafarroa Bairen Iruñeko alkategaia ilusioz dago, galtzeko ezer ez eta irabazteko asko duen sentipenarekin. «Nik ez baitut bide politikorik diseinatua», argudiatu du Nafarroa Bairen Iruñeko Gazteluko plazako egoitzatik. Erabat konbentzitua dago Nafarroako egoera politikoa iraultzeko benetako aukera duela Nafarroa Baik.
Duela bi aste, Nafarroa Bairen batzarrean, oraindik ez dagoela egitarau politikorik egon zen eskaera nagusien artean. Denboraz justu samar al zabiltzate ?
Ez nago ados. Bai gogoetarekin, baina ez datuarekin. Ulertzen dut Nafarroa Bairi begira kritika erraz bat egiteko aukera dela hori. Iruñeko egitarauari begira, proposamenak lantzen ari gara eta bitartean auzoekin, elkarteekin egon nahi dugu diagnostikoa jasotzeko. Ez da soilik mahai honetan idaztea programa. Poliki doa, baina badoa.
Azaroan NaBai osatzen duten lau alderdiak hasi ziren pixkanaka ekimen bateratuak egiten, baina oraindik ere alor askotan bakoitzak bere aldetik jotzen du. Koordinazioa hobetu behar al da?
Bai, argi eta garbi. Bada garaia Nafarroa Bai proiektua lehen unetik bultzatu dutenen aurpegiak kaleratzeko. Arrazoi osoa. Hau da unea azken hiru urteetan egindako koordinazio lan hori kaleratzeko.
Iruñera begira, zein ardatzetan oinarrituko duzu kanpaina?
Proposamenak egon badaude, baina ez ditut orain aurreratuko. Dudarik gabe, gehienak arlo sozialekoak. Eta gero demokrazia kanpaina bat izanen da. Partaidetza behar-beharrezkoa da. Europan hainbat udaletxek dute partaidetza eredu ederra, eta Iruñeak neurri aproposa du horretarako.
Nolakoa da herriz herriko lana? Zenbat udaletan aurkeztu ahalko zarete?
Ahalik eta gehienetan. Zenbait herritan giro berezia eta asmo ederrak aurkitu ditugu. NaBairen independenteen zerrenda handitu da nabarmen. Politika egiteko aukera ederrak sortzen dira. Herriz herri egoera desberdina da. Hainbat herritan, koalizioko alderdiek gehiengo absolutua badute, ez dauka zentzu askorik Nafarroa Bai aurkeztea. Adibidez, Lesakan. Tuteran, alderantziz gertatzen da.
Baduzue barne eztabaidarik mezua hedatzerakoan zeri eman garrantzi handiago: ezkerrari ala abertzaletasunari?
Horrek Nafarroaren errealitateak berak eskatzen du. Hara, gauza bat argi, gure barruan badaude abertzaleak zein euskaltzaleak. Nafarroa Baik Tuteran, abertzaleen botoez gain, euskaltzaleenak jaso ditzake. Hortik aurrera eta esparru sozialari begiratuta, Nafarroa Bai indar ezkertiarra da. Tuteran eta Baztanen mezu berbera izango da gurea, baina bakoitzaren perfilak indartuz. Nafarroaren aniztasuna da gure printzipiorik esanguratsuenetakoa.
Ziurrenik aniztasun hori da punturik sendoena eta, era berean, ahulgunea. Zure iritziz, zein akats ez zenukete egin behar?
Nafarroaren aniztasuna izan da UPNren eta CDNren ia lehenengo etsaia. Horren kontra borrokatu dira azken 20 urteetan eta saiatu dira Nafarroa leun bat egiten. Horren kontra egin nahi du Nafarroa Baik eta hori lan egiteko moduan erakusten da. Koalizioan lan egiteak benetan lan asko ematen du, baina azkenean emaitza politikoa askoz ere aberatsagoa da. Ikuspegi poliedrikoa ematen dizu.
Batasunaren aldetik, EAJren menpe egotea aurpegiratu zaio Nafarroa Bairi, Troiako zaldiaren moduko zerbait izatea.
Ez da kritika zorrotza, nahiz eta izan nahi duen. NaBairen historia labur eta mamitsuak beste gauza bat dio, baina hori izan zen lehen unetik Batasunaren kritiken ardatza. Gure lana argi ikusi dute nafarrek eta eurek erabakiko dute.
UPNren aldetik, berriz, Nafarroaren estatusa aldatu nahi izatea aurpegiratzen dizuete, eta litekeena da kanpainan mamu hori behin eta berriz astintzea.
Hori izan da euren tresna abertzaleon eta euskaltzaleon kontra egiteko. Baina nik uste dut benetan nekatuta dagoela jendea, eta azken bi urteetan UPNk nortasunaren arloan hankasartze handiak egin ditu. Azkenean hainbeste hitz egiteak eta horrelako salaketa larriak egiteak nor bere lekuan uzten dute.
Agerian jarri al duzue UPN, Espainiako Kongresuan egindako lanarekin?
Lehengo egunean, Gazteluko Plazan geunden ETAren kontrako elkarretaratze batean eta mutil gazte bat hurbildu zitzaigun eta esan zidan: «Ni ez nago ados zurekin batere, baina asko pozten nau azkenik 30 urte pasatu eta gero diputatu nafar bat ikusteak». Hori da jende askoren sentsazioa.
Nolakoa izan da Madrilgo esperientzia?
Gauza bat erraza zen. Abertzaleon ahotsa eramatea Madrilera. Askok esaten zuten, zertarako? Madrilen ere aldarrikatzeko. Azkenean, begira, ederra izan da. Madril da Estatu osorako eszenatokia, eta ederra izan da han aldarrikatzea Nafarroan abertzaleok %30 garela eta ez garela «lau bizkaitarren ameskeria sabinianoa». Ez hori soilik. Erakutsi dugu abertzaleok gai garela Madrilen ere nafarren interes orokorrak defenditzeko, eta tinko gainera.
Purasek adierazi berri du ez dagoela prest gobernu itunik sinatzeko Nafarroaren estatusa zalantzan jartzen dutenekin.Atentaturen ondorengo egoerak PSNrekiko distantzia handitu al du?
PSNko eledunen jarrera ez dut kritikatuko. Baina ez da oso ondo ulertzen aldaketa esku artean dugunok aldaketaren ateak ixtea. NaBaiko alderdi gehienak eta ia independente gehienak abertzaleak gara. Beraz, Nafarroaren estatusaren aldaketa nahi dugu, bai noski. Orain, hori herritar nafarren borondatearen aurka? Ez, noski. Tresna politikoak erabilita lan egingo dugu besterik ez. Horren kontra egitea ez da joko demokratikoa. Are gehiago, sozialista baten ahotik entzutea aldaketa ez dela posible... Hor ez dago, ez, koherentzia politiko handia.
Aldaketarako giltza bazarete, zer oinarrizko baldintza jarri ditu Nafarroa Baik aldaketaren atea irekitzeko?
Orain hiru urte erabili genuen dekalogo sinplea, eta aldaketa sozialaren aldekoa. Hori da gure giltza. Orain hiru urte, inork ez zuen pentsatzen Nafarroan aldaketa posible zenik. Inork ez. Egun, aldiz, bai. Ez da bakarrik nahia hor dagoelako, baizik eta uneotan badirelako tresnak, eta lehen tresna Nafarroa Bai da, gehiengoen mapa aldatzen duelako. Haren erantzukizuna handia da.
Zure iritziz, atentatuaren zehar-kalteetako bat izan da itxaropenok ahuldu izana, UPN indartu egin daitekeelako?
Ez nuke atentatuaren inguruko interpretazio politikorik egingo, nahiz eta denok jakin badakigun zer kalte egin dion azken urteetan ETAren jarduerak abertzaletasunari politikoki eta erakundeetan Nafarroan, bereziki Nafarroan.
Rubalcabarekin bildu zinen urtarrilaren 10ean, eta datorren astean biltzekoa zara berriro. Zer agertu dizue Barne ministroak?
Atentatuaren informazioa pasatu zigun. Gero prozesuaren amaiera horretan gauzak nola dauden azaldu zigun. Gure asmoa zen helaraztea, une honetan prozesua apurtua badago ere, horrelako arazoa elkarrizketa bidez konpondu beharko dugula. Zabaletak argi utzi zuen. Uneotan ETAren erantzukizuna da prozesuarekin aurrera jarraitu edo ez. ETAk prozesu bat aurrera eramateko baldintzak aldatu ditu eta bere esku dago baldintza berriak sortu eta beste prozesu bat aurrera eramatea. Hori da Kongresuko gehiengoaren jarrera, PPrena salbu.
Azken astean, Gorenak Jarrai Haika eta Segi «erakunde terroristatzat» jo ditu, eta Auzitegi Nazionalak ostegunean ebatzi zuen Iñaki de Juana Chaos espetxean preso mantentzea.
Argi eta garbi. Gorenaren moduko epaiak nahi ez baditugu, legeak aldatu behar dira. Nahiz eta epai horrek analisi asko sortu ditzakeen, benetan diot legea aldatu behar dela. Bigarren kasuan, kontrakoa. Legeak ikusita De Juanaren aurkako epai hori ez da posible. Ez dugu gogora ekarriko Galindoren kasua, eta abar, eta abar.
Beste kontu garrantzitsu bat izango da ea Batasunak hauteskundeetara aurkezterik izango ote duen.
Hor ere legeak aldatu behar dira. Baina ez dugu hori ikusiko. Hori da Nafarroa Baik eta beste zenbait alderdik behin eta berriz aldarrikatu duguna, eta azken hilabeteotako prozesuari begira gu ez gatoz bat alderdi sozialistarekin zenbait gauzetan. Eta gai garrantzitsuetan. Orain bai, prozesuari eusteko gure laguntza osoa du.
Baina PSOEk prozesuari eutsi nahi al dio? Ez al da norabidez aldatzen hasi?
Ez da nire lehen kezka, ETAk nahi ote duen edo ez baizik.