Opinión
29Octubre
2006
29 |
Opinión

Gosetea

Opinión
Octubre 29 | 2006 |
Opinión

GOSETEAREN aurkako manifestaldiak, adierazpenak eta kanpainak sumatu ditut. Oso ongi. Ea, bada, barruko harra ziztaka hasten zaigun. Baina beldur naiz, guretako bakoitzak zerikusirik ez balu bezala, erru eta erantzukizun guztia estatuei eta agintariei egotziz ez ote dugun gure burua lasaituko. Giroaren, inguruaren, egituren eta abarren aitzakian gure buruak zuritzeko ohitura handia baitugu. Egia da, horrek guztiak eragin handia du bakoitzarengan, baina ez bakoitzaren askatasuna eta erantzukizuna ezabatzerainokoa.
Agintariek hartzen dituzte erabakiak eta neurriak, jakina. Ez, ordea, gure erantzuna kontuan izan gabe. Eta gu prest al gaude gure gutizia, erosotasun, ibili eta bonbonkeria batzuei uko egiteko? Neguan ere alkandora hutsik nahi dugu egon etxean eta bulegoan. Prest al gaude berogailua pizteko ordez jertsea jazteko? Prest al gaude argi eta erregai gutxiago xahutzeko? Moda-modako eta markarik oneneko oinetakoak eta jantziak ezezik, eskuko telefonoa ere behar ditu edozein umek. Nora botatzen ditugu soberan ditugun botikak eta jantziak? Lanik gabe dauden herrialdeei lana eman behar omen zaie. Baina enpresaren bat lekuz aldatzen hasten denean laster asaldatzen gara. Aldi berean, etorkin gehiegirik ere ez dugu hartu nahi, behar ditugunak bakarrik.

Manifestaldiek badute beren eragina agintariengan, jendetsuak badira batez ere. Baina norberaregan ba al dute? «Betikontra» izenekoek egiten dituzten lau katukoek, berriz, beren buruak erakusteko bakarrik balio dute. Telebistan eta egunkarietako argazkietan agertzea da beren helburua. Besteak baino gartxuago eta xumeago bizi direnik ez dirudi, behintzat. Errepideak itota eta argirik gabe geratzen badira edo ustekabeko istripuren bat eta beste gabeziaren bat sortzen bada, inor baino zaratatsuago agertuko dira.

Zein agintari ausartzen da hain eroso ohitutako gizartean ezer murrizten? Zenbat denboran iraungo luke agintean? Kontsumoko ekonomia honek ere ez al luke porrot egingo?

COMPARTE