Opinión
21Octubre
2006
21 |
Opinión

Mugarik gabeko proiektuak

Opinión
Octubre 21 | 2006 |
Opinión

Egun, 2006. urtearen amaiera aldean, Parisko Itunetik 55 urte, Erromakotik 49 urte eta Maastrichekotik 13 urte iragan direnean, EBn ditugun logistika-arazoak, merkantzien garraioarekin zerikusia duten arazoak, eta pertsonen mugikortasunari lotutakoak, estatu desberdinen mugen haraindian daude. Eta mugen haraindian daude baita ere arazo horiei eman beharreko irtenbideak. Arazoek, diagnosi konpartituek eta irtenbideek halabeharrez mugaz gaindikoa den izaera dute jadanik. Gaur egun, globalizazio gisa ezagutzen dugun horrek prozesu aldakorretan murgiltzen gaitu batzuetan, eta prozesu horietan ez da ezer mantentzen bere horretan. Espazioak, bizi dugun gizarte industrializatu eta teknologikoki aurreratu honetan behintzat, dimentsio sozial berri eta oso desberdina eskuratu du, eta distantzientzako, lekualdatze-denborentzako edo lanera, lo egitera, oporrez gozatzera eta abarrera joateko beharrezkoak diren lekualdaketen etorkizun hurbilenean izango dituen ezaugarri desberdinentzako pertzepzio berri bat ekarri du. Horrek guztiak interpretazio sozial berri bat du, bizitza partikularrari eta sozialari aurre egiteko moduan oihartzun zehatz eta operatiboa baitu. Eta prozesu hori orain hasiberria ez bada ere, egia da azken urte hauetan biziki suspertzen ari dela. Pertenentzia sentimenduekin eta nortasunekin horrelako zerbait gertatzen dela uste dut. Eta ia ezer ez zaigu arrotza egiten. Kanpoalde gisa ezagutzen dugun horretan gertatzen den ia ezer ez zaigu ezezaguna egiten. Ez zaigu ezezaguna egiten duela 20 urtetik Europar Batasuneko kide izatea, Europako Agiri Bakunaren ondorioz, eta ez zaigu ezezaguna egiten, ezta ere, herrialde-kopuruak pixkanaka gorantz egitea. Ez zaigu arrotza egingo Europar Batasuna, berandu baina lehen, 2007ko urtarrilaren 1ean, 27 kide izatera iristea, Bulgariaren eta Errumaniaren atxikipenarekin; Bulgariak 7,8 milioi biztanle ditu, eta %5,5eko hazkunde-erritmoa, eta Errumaniak, berriz, 21,7 milioi herritar, %7ko hazkunde-erritmoarekin. Hori horrela, biek dute urte honetarako aurreikusten den EBren batezbesteko hazkundearen (%2,7) bikoitza baino gehiago. Ez zaigu arrotza egiten, eta ez zaigu egingo, bosgarren handitzearen ondoren 27 kide izango dituen Europar Batasuna, ia 500 milioi biztanlerekin, eta, Nizako Itunaren arabera, legezko testuingurua aldatu ondoren, Kroaziara eta Ekialdeko Turkiara hedatu behar den eztabaidagai duena.
Horrek guztiak eragina du gugan, eragin handia. Ziurrenik, enpresetako logistika arduradunek ondo ezagutu beharko dituzte EBn sartuko diren kide berrien ezaugarriak. Zenbait arduradun politikok lupaz begiratuko dituzte enpresak eskulan merkeen ondorioz ekoizpen gastu gutxiago eragiten dituzten lurraldeetarantz deslokalizatzearen balizko arrisku berriak. Azpiegituratan erantzukizunak dituzten estamentu desberdinetako arduradunek dituzten azpiegiturak optimizatu beharraren eta azpiegitura berrien aldeko apustu egin beharraren inguruan hausnartuko dute. Metodo alternatiboen bilaketa azpimarratuko da, eta intermodalitatea bultzatzeko presa berriak sortuko dira. Europar sentitzearen kontzeptuak aldatu egingo dira, nortasunak ezkutatu egingo dira, gizarteen konplexutasuna areagotu egingo da, mestizajeak zabaldu egingo du aniztasuna, eta soziologoek eskenatoki berri eta ezezagunen inguruan hausnartuko dute. Lehen esan dut pertenentzia sentimenduekin eta nortasunekin ere antzeko zerbait gertatuko dela, eta nortasunen ezkutaketak inolako ezeztatzerik suposatzen ez duen bezala, eta nik, pertsonalki, euskaldun izaten jarraituko dudan arren, etengabe aldatzen ari den Europa honetan, Europaren hazkundeak, tipula baten geruza kontzentrikoen metaketa edo alboratze gisako prozesu gisa, beste sentimendu batzuk gainjarriko dizkie nire egungo pertenentzia sentimenduei. “Han”, urrutian, gertatzen denak nigan tximeleta efektua edukiko duen bezala, eta globala edo handia denak ezeztatzen ez nauen bezala, indartu egiten bainau, globala denak tokikoa behar duen bezala, era berean, eta pertsonen mugikortasunaren ikuspegitik, merkantzien garraioaren eta logistikaren ikuspegitik oro har, gaur “kanpoan” gertatuko denak baldintzatu egingo gaitu, eragin egingo gaitu, eta, euskaldun garen heinean, behar eta sintesi historiko berrien ondorio zuzen den errealitate berrira egokitzera behartuko gaitu. Baina horrek ez digu ahantzaraziko ez txikia den hori eta ezta tokikoa dena ere. Horrekin esan nahi dut “han kanpoan” gertatzen ari denak eragiten badu EBko arduradunek, 1994. urtean Essenen (Alemania) egin zen goi-bileran, ezinbestekotzat jotzera Atlantiko Iparralde-Hegoaldeko Trenbide Ardatz Europarra, ikuspegi estrategiko batetik, eta lehentasunezkotzat jotzera, berriz, Lisboa, Madril, Gasteiz, Baiona, Bordele eta Lille Abiadura Handiko linea, horrek guztiak eragin zuzena duela gugan, baina horregatik ez ditugula ahanzten, ezta gutxiago ere, gure “gertuko” azpiegiturak, tokiko egiturak, probintziako egiturak, ibilbide motzekoak edota hiri barruko edo hiri kanpokoak. Eta horrela da, eta horregatik, “Y” delakoak zentzua du, ez bere horretan bakarrik, baita hegoaldeko mesetarantz, mendebaldeko Finisterrerantz, ekialdeko Mediterraneorantz eta iparraldeko Akitaniarantz, Europako aterantz, izango dituen errotula-loturengatik. Zentzua du, logistikari dagokionez, zentzu zabalenean hartuta, pertsonen mugikortasunari dagokionez, eta merkantzien garraioari dagokionez. Zentzua du euskal lurraldea administrazioen eta estatuen gainetik egituratzen baitu, eta bizilagunekin lotzen duelako, mugen haraindian irekitzen eta lotzen delako. Eta horregatik, hain zuzen ere, ez zaigu arrotza egiten Akitanian erabakitzen dutena, Euskadiko eta Akitaniako trenbide-azpiegituren lotura funtsezkoa da bai akitaniarrentzat eta baita euskaldunontzat ere, lehentasunezkoa EBrentzat, eta ondorio positiboak ditu Frantzian eta Penintsula Iberiarrean. Ezer ez da arrotza inorentzat. Historiaren beharrak, zentzu horretan, apelaezinak dira.

Atzean geratzen dira mugak, atzean estatu-nazioaren eremu zaharrak ekarri zituzten baldintzatzaile historiko eta ekonomikoak, atzean ez dakigu zein arrazoirengatik Bidasoako mugan bide-zabalera desberdinak eraiki zituzten filosofia lokalista eta itxietan oinarritutako zilbor txikiak. Historian zehar, oso gutxitan historian suposatu dute hain bereizketa absurdua eta garraio eta mugikortasunerako hainbeste zailtasun bide-zabalera baten eta bestearen artean emandako milimetro-diferentziek; 2,73 cm horiek ondorio ugari eta handiak izan dituzte Bidasoaren alde bateko zein besteko euskaldunengan, elkarrekiko inkomunikazioan eta ezjakintasunean egon baitira, ezarritako nortasun eta pertenentzia sentimenduen distortsioan. “Bakoitzarena” zekenki zaintzeko xedez diferentziaren aldeko apustua egin zuenaren mentalitateak jadanik gainbehera etorritako testuinguru soziopolitiko bati erantzuten zion kasu orotan. Eta egun, hori, gainditu beharreko zailtasun objektibo eta historikoa ere bada. Historian zehar, garapen sozioekonomikoko etapa bakoitzak bizi-espazio jakin bat behar izan du, eta, horregatik, egun, diferentziak, tokikoa dena, nortasun intimoena, pertenentzia sentimendu besterenezinena, naturaltasun osoz zaintzen dira, irekitzearekin, bestea onartzearekin, bestearekin erlazionatzearekin, elkar trukatzearekin, eta komunikazioarekin. Ibilgailuen gehiegizko trafikoak, merkantzien garraioak eta pertsonen mugikortasunak sortzen dituzten arazoek irtenbidea bilatuko dute erlazioa, koordinazioa, irekitzea, eta bestearen ezagutza kontuan hartzen dituen eta horiekiko inplikatzen den logistika batekin, antzua eta absurdua izateagatik inkomunikazioa ukatzen duen filosofia batean oinarritutako logistika batekin, eta, aitzitik, ikuspegi moderno eta ordezkatzaile batean oinarritutako logistika batekin, berria, intermodala eta solidarioa denaren aldeko apustua egiten duen logistika batekin. Nire iritziz, gure mugez haraindian ezagutarazi behar gara, funtsezkoa baita euskaldunontzat; asmatu egin behar dugu, eta hemen gaudela esan, kanpokoekin ere harremanak izan nahi ditugula. Hori da Euskal Trenbide Sare Berriaren apustua, “Y” delakoaren apustua, etorkizuneko euskal nortasunaren apustua. Mugarik gabeko apustuak eta proiektuak dira, euskal gizartearen bilakaera-maila jakin bati eta hartzen gaituen nazioarteko testuinguruari erantzuten diotenak. Baina gure etxe euskal-akitaniarrean badugu egin gabe dugun zerbait. 4 portu garrantzitsu ditugu gure kostaldean: Bilbokoa, Bordelekoa, Pasaiakoa eta Baionakoa. Eta Espainian Portuen Legearen erreforma blokeatuta badago ere, Baionako portua jadanik transferitu dute Akitaniara. Bidasoaren alde batean zein bestean ditugu aireportuak, eta Espainian AENAren funtzioa birplanteatzeko beharrari eta, horren ondorioz, aireportuen kudeaketa deszentralizatzeko beharrari buruzko eztabaida eragin behar da. Frantzian eta Akitanian, bitartean, urrats zehatzak eman dira zentzu horretan. Plataforma logistikoak ditugu: Arasur, CTVi, Zaisa, Bikakobo Aparkabisa, Mouguerre, Hourcade eta trenbide-instalazio bat, Irun Hendaiakoa. Ez dakit asko diren ala gutxi diren, baina hor daude, eta uste dut erraza izango ez den arren, irekitzea funtsezkoa dela esaten dugun bezala, argi izan behar dugula gu geu ere optimizatu behar garela.

Nortasunak, pertenentzia sentimenduak, garraioak, mugikortasunak eta logistikak erronka bikoitza dute: txikia dena zaintzea eta optimizatzea, kanpoaldera irentsiak izatearen beldurrik gabe irteteko, 27 kidez osatutako Europa horretara irten eta nor garen esateko, daukaguna duguna esateko, arazoaren zati garela baina irtenbidearen zati ere bagarela esateko, eta hemengoen eta hangoen artean, mugakide garen eta elkarrengandik hain gertu ez gaudenen artean, muga zaharren gainetik, lankidetza solidarioarekin, gure adinekoek ezagutu, bizi eta jasan duten horrekiko guztiarekiko aldakorrak diren hainbat erreferentzia dituen etorkizun desberdin bat idazten. Gaur jadanik diseinatzen ari den etorkizun bat; nortasunak eta pertenentzia sentimenduak, beti izan den bezala, mugikortasunaren bilakaeraren eskutik aldatzen joango diren etorkizuna. Gauza bakarra baita aldaezina, aldaketa bera.

COMPARTE