Opinión
14Octubre
2006
14 |
Opinión

Lan munduan ere aurrera doa euskara

Opinión
Octubre 14 | 2006 |
Opinión

Patxi Baztarrika

Opinión

Noticias de Gipuzkoa


Euskara eta enpresa uztarri berean lotuta agertu dira udazken honetan. Euskalgintzan lanean eta konprometiturik urteak darama-tzagunontzat, nola baita ere enpresen berrikuntzan buru-belarri sinesten dutenentzat pozgarriak eta ilusionagarriak diren albisteak sortu dira. Euskalgintzan dihardugunon ikuspegitik lehentasunezkoa da euskarari lan munduan leku egokia egitea, eta bistan da hori egiteak euskarari ez ezik enpresei ere onura baino ez dakarkiela.
Uzta oparoa eman du Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatu eta zuzendu duen prozesuak, akordioa sinatu dugu enpresaburuen elkarte guztiekin (Confebask, Adegi, Cebek eta SEA), baita lau sindikatu nagusiekin ere (ELA, CCOO, LAB eta UGT). Akordio horien baitan euskara planak diseinatzeko eta garatzeko aholkularitza, lagun-tza teknikoa eta diru-laguntzak emateko konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako LanHitz egitasmo integrala plazaratu dugu, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiekin eta EUDELekin batera. Akordio horietako konpromisoen artean ageri da, halaber, "enpresetan euskararen erabilera ebaluatzeko eta errekonozitzeko eskema bat" diseinatuko duela Eusko Jaurlaritzak, "gaur egun erabiltzen diren kalitate parametroak oinarri hartuta"; horretarako alor hori lantzen duen EUSKALIT elkargoarekin lanean jarri gara euskara kalitatearekin eta berrikuntzarekin uztartuko dituen ziurtagiri ofizial, normalizatu eta prestigiozkoa diseinatzeko.

Progresibotasuna, malgutasuna, zuhurtasuna eta adostasuna dira definitu dugun jarduera-markoaren printzipio nagusiak, borondate ona ez baita nahikoa benetan aurrera joateko. Gauzak ez dira gauetik goizera guztiz aldatuko; enpresaburuek eta langileek bere egin gabeko eta adostu gabeko hizkuntza politikek, paperean ikusgarriak izan arren, porrota besterik ekarriko ez luketenez, lan munduko eragile naturalen adostasuna, kontzertazioa eta inplikazioa dira ezinbesteko makuluak.

Legeak eta dekretuak beharrezkoak dira, baina, Mitxelenak zioenez, "ezin fida daiteke zenbaitek, areago erosokeriaz beste ezertaz baino, egiten duen bezala dekretuaren ondorio miresgarrietan". Enpresetako euskara planak ezin dira dekretuz inposatu. Jakina, erabaki hori hartzeko lagungarri izango dira, batetik gizartea bera gero eta elebidunago izatea, bestetik enpresariak eta sindikatuak gero eta gehiago ohartzea euskararen erabilera bultzatuz gizarte kohesioari eta enpresaren beraren berrikuntzari egiten diotela mesede, eta, azkenik, herri-erakundeek hizkuntza-plangintza eta bitartekoak jartzea, hala nola sustapena egitea. Eta horretan ari gara.

Hain zuzen ere, Quebeceko esperientziatik abiatuta, 1991n Eusko Jaurlaritzak eta Elhuyarrek bost urterako hitzarmena sinatu zuten esperientzia pilotuak bultzatzeko, eta hala egin zen lehen erabilera-plana Elay enpresan. 1996an beste hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Elhuyarrek, eta 1997an zabalkunde faseari ekin zion Jaurlaritzak, diru laguntza deialdi orokorrak eginez. Enpresetako euskara planak, bada, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduak izan dira beti. Aurtengo aurrekontuak %60ko gehikuntza izan zuen Aralarrek aurkezturiko zuzenketa bati esker eta EAJ, EA, EB eta PSEren aldeko botoez onarturiko aurrekontua medio.

Guztiz sinesten dugu elkarlanean, herri-erakundeen eta ekimen pribatuaren osagarritasunean. Horregatik enpresaz enpresa euskara-planak egiterakoan beren lekua eta lana izango dute eta oso ain-tzakotzat hartuko ditugu zerbitzu-enpresak, enpresei hizkuntza-aholkularitza eskaini diezaieketen zerbitzu-enpresak, berorietako ba-tzuk Kontseiluaren bazkide direnak, beste batzuk ez, baina guztiak, nola ez, euskalgintzako zerbitzu-enpresak, guztiak beharrezkoak ezbairik gabe.

Guztiok gara euskalgintza, eta, beraz, guztiok dugu zeregin franko eta pisuzkoa lan honetan. Horrek ez gintuzke, ordea, bakoitzaren ardurak eta egitekoak besteenekin nahastera eraman behar. Erakunde publikoei dagokie, eta Eusko Jaurlaritzari bereziki, hizkuntza politika definitu eta garabidean jartzea, Jaurlaritza bere eran-tzukizuna betetzen saiatzen da, ardurei bizkar eman gabe, eta egitea dagokiona ez egiteagatik eskatu beharko litzaizkioke kontuak, inola ere ez dagokiona egiteagatik. Azken asteotako zenbait erreakzioren argitan bistan da, ordea, zenbaitek bere burua oso deseroso edo kokatu ezinean aurkitzen duela Eusko Jaurlaritzak egin behar duena egiten duenean. Bitartean, gizarte ekimenaren egitekoak liratekeenak beste zenbait interesekin nahasi eta erakunde publikoekiko paraleloak diren jardunbideak eraiki-tzen erabiltzen dituzte indarrak. Egia esan, erakunde publikoekiko paralelismoetan ibiltzeak eta haiek ordezkatu nahian jarduteak ez du elkarlana batere errazten, zoritxarrez.

Ikuskizun dago Euskalitekin abiaturiko elkarlanak zer nolako fruitua ematen duen. Behar beharrezkoa dugu euskara planak kalitatearen eta berrikuntzaren arda-tzetan jartzea. Behar beharrezkoa dugu euskararen erabilera LanHitz programa oinarritzat hartuta kalitatearen arabera ebaluatu ahal izatea. Horretarako behar dugu euskararen erabileraren kalitate ziurtagiri ofiziala, prestigiozkoa eta behin-betikoa. Hau ez doa ez inoren ez ezeren kontra. Kontseiluaren bai euskarari ziurtagiria 1.300 establezimenduk eskuratua eta ordaindua bide dute, baina horrek bere ezaugarriak ditu, kalitate ziurtagiriarekiko diferenteak direnak.

Badira ziurtagiri gehiago ere. Baina, kalitate-ziurtagirien prozedura, metodologia eta parametroen araberako euskara ziurtagiririk ez dago. Herri erakundeok lan munduko euskara planek ebaluazio bide egoki bat izan dezaten behar duten zutoin hori sortzeko obligazioa daukagulakoan gaude, eta ez dugu euskararen sustapen politiken interes soiletik begiratuta arrazoi bat bera ere ikusten euskararentzat aurrerapauso bikaina litzatekeen hau eman gabe uzteko. Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak enpresa elkarteekin eta sindikatuekin sinaturiko hitzarmenetan harturiko konpromiso hau betetzea oso onuragarri izango zaio gure hizkun-tzari.

Inoiz izan ez dugun bezalako abiapuntuan jarri dugu euskararen erabilera lan munduan modu serio eta sistematizatuan sustatzearen aldeko ekimena. Ziur gaude enpresa-buruak, langileak, hizkuntza-aholkularitza zerbitzuak eta herri-erakundeak gai izango garela eta asmatuko dugula erronka zoragarri hau arrakasta bidean gainditzen.

COMPARTE