Opinión
01Octubre
2006
01 |
Opinión

Hiru pailazo Aritxulegin

Opinión
Octubre 01 | 2006 |
Opinión

MIRESGARRI suertatu zen askorentzat diktadura garaian. Beldurgarri eta gorrotagarri bilakatatu azken aldian. Barregarri bihurtzen ari da, orain, mozorro zuriz eta txapela beltzez estalia agertzen hasi zenetik. Aritxulegikoek, hiru gudari ez, hiru pailazo baitziruditen. ETA eta bere txalogileak ez baitira denboraz eta lekuz kanpora daudenik ohartu, antza denez.
Politika egin nahi omen duen Batasunak, berriz, isilik dirau indarkeriaren aurrean. Ezin du ETAri loturik daukan zilborresterik eten. Bake prozesu honetan urratsak ematen bera bakarrik ari dela aldarrikatatzen digu behin eta berriz. Egia, etengabeko adierazpen, txosten, prentsaurreko eta jendaurreko agerraldi egiten ditu. Gehien-gehienok eskatzen diogun urrats bakar hori ez du egiten, ordea: armekin eta kale borrokarekin mehatxatzen gaituen indarkeria ez du salatzen. Egia da, presoekiko jarrera, epaileen zenbait jokabide, lege batzuen bidegabekeria eta abar aldatu beharra dago. Hori guztia salatzen otso den Batasuna, ordea, zakur leial eta isila da kale borrokaren eta armen mehatxuaren aurrean.

«Kale borrokak zer mesede dakarkio bake prozesuari?» galdetzen zuen Miren Azkaratek Eusko Jaurlaritzaren izenean. Zeri eta nori egiten dio mesede? Euskal Herriaren burujabetzari? Ekonomiari? Ekologiari? Abertzaletasunari? Ezker abertzaleari? Autobusak, diru kutxak, etxeak eta kiskaltzen dituzten tresnak egiten, konpontzen eta saltzen dituztenei, agian. Beste ezeri eta inori ez dio mesederik egiten. Hala ere, berean setatsu, euskal herritar gehienen nahiaren kontra.

Ez baita egia abertzale gehienontzat Euskal Herriak Estatuekin duen gatazka bakarrik denik hemengo anormaltasuna. ETA sortu aurretik ere badugula Espainiarekin moldatu ezin bat eta arazo hori konpondu arte ez dugula elkarbizitza onik izango esateak ez du indarkeriak sortzen duen anormaltasuna isiltzen. Abertzale gehienontzat ere indarkeria baita anormaltasunik larrienetakoa.

COMPARTE