Entrevistas
03Septiembre
2006
03 |
Entrevistas

Xabier Agirre (Berria)

Entrevistas
Septiembre 03 | 2006 |
Entrevistas

"Alderdian agintea hartzeko interesa zuten askok Ajuriagerra hilez geroztik"
XABIER AGIRRE Zatiketaren garaian EBBko idazkaria eta bozeramailea izandakoa

EBBren ahotsa izan zen Xabier Agirre EAJren zatiketaren garaian. Berari egokitu zitzaion garai hartako erabaki zail eta gogorrei buruzko azalpenak ematea

I. MURUA URIA

Gasteiz

ABBko presidente eta, beraz, EBBko kide izan zen Xabier Agirre (Gasteiz, 1951) EAJren krisialdi osoan, bai Xabier Arzalluz EBBko presidente izan zen urteetan, baita alderdiaren buruzagitza Roman Sudupek eta Jesus Insausti Uzturre-k bete zuten tarteetan ere. Gaur egun, Eusko Legebiltzarreko parlamentaria da.

Zure ustez, zein izan ziren zatiketaren benetako arrazoiak?

Funtsa Lurralde Historikoen Legeari buruzko interpretazioa izan zela esan izan da, arrazoiz neurri batean. Herria antolatzeko bi ikuspegi kontrajarri aurrez aurre ziren: edo herri erabat zentralizatua, Jaurlaritzak gidatua, edo bestelako eredu nolabait konfederala, diputazioen eginkizun garrantzitsuarekin. Tirabira nagusia horrek ekarri zuen, baina arrazoi ugariren ondorioa izan zen haustura, aspalditik zetozen arrazoi ugariren ondorio.

Zein izan ziren beste arrazoi horiek?

Franco hilez geroztik, talde jakin batzuek ahaleginak egin zituzten alderdian agintea hartzeko. Anton Ormazaren talde sonatuak, esate batera. Eta, gainera, une jakin batean bi bururen eskema auzitan jarri zen, Jaurlaritzako lehendakariaren eta alderdiko buruaren arteko eginkizun bereizketaren eskema.

Zer neurritan izan zen nortasun handiko bi buruzagiren arteko borroka?

Ez dut uste hori izan zenik. Egia da Garaikoetxea nortasun handikoa dela, eta oso buru argikoa. Eta Arzalluz, berdin. Baina ez zen hori izan. Une jakin batzuetan, gainera, Arzalluz borrokatik kanpo egon zen, Cambridgen, EBBko lehendakaritza utzita.

Nafarren kanporatzea izan zen krisialdiaren lehen gertaera larria. Erabaki benetan gogorra hartu zenuten, Nafarroako egitura guztiak deseginez eta arduradun guztiak alderditik kanporatuz.

Alderdian beti harro egon gara hitzeko jendea garelako, eta akordio bat egiten baduzu, akordio hori errespetatu egiten da. Gogoan dut Eli Galdosek batzar batean proposamen zehatza egin zuela arazoa bideratzeko, NBBk arazorik gabe bere egin zezakeena, baina ez zuten onartu. Ordurako bazegoen halako irudipena, alderdi barruan mugimendu teluriko jakin batzuk bazirela, ez dut esaten zatiketara joateko asmoz, baina bai alderdia kontrolatzeko asmoz. Hori susmatzen zen guneetako bat Nafarroa zen. NBBko gehienak Garaikoetxearengandik oso hurbil zeuden. Horrek eragina eduki zuen? Ez dakit. Baina, batez ere, pultsua izan zen, alderdiak hartutako akordioa errespetatu beharraren eta erabakia onartzeko ukoaren artean. Benetan modu gogorrean konpondu zen, baina horrelako kolektibo batean zure borondatez parte hartzen duzunean, barne arauak errespetatzeko konpromisoa hartzen duzu. Baten batek hori errespetatzen ez badu, edo joan egiten da, edo, joan nahi ez badu, kanporatu egin behar duzu.

Gero, Lurralde Historikoen Legearen eztabaidarekin lotuta, alderdiaren diziplinaren auzia etorri zen. Lehenengo legealdian diziplinapean jardun beharrik ez izateko salbuespena onartu zenioten Garaikoetxeari, baina bigarrenean diziplinapean aritzea nahi zenuten, ezta?

Eztabaida aurreneko legealditik zetorren, 1980tik. Iñaki Anasagastik proposatu zuen batzar batean, Jose Antonio Agirreri alderdiaren diziplinapean jardun beharra kendu bazioten Garaikoetxeari ere kendu behar zitzaiola betebehar hori. Onartu zen, baina eztabaida izan zen, baldintzak ez baitziren Agirreren garaiko baldintzen parekoak. Eta 1984an, tentsio horretan, mesfidantza handitu egin zen, eta jendeak pentsatu zuen: kontuan hartuta lehendakaria alderdiari zer pultsu egiten ari zaizkion, berriro ere alderdi diziplina kentzen badiogu, zeharo bere kasa joango da, eta auskalo gobernua nondik nora joango den. Alderdiak beste erremediorik ez zuelako onartu zituen azkenean Garaikoetxearen baldintzak, bi edo hiru hilabete baino ez zirelako falta hauteskundeetarako eta beste hautagairik ez genuelako. Baina kontua da horrek ere ez zuela baretu tentsioa.

Arteako batzarrean izan al zinen, Garaikoetxeari konfiantza kendu ziotenean?

Bai. Dramaren bururatzea izan zen. Tentsio ikaragarria zegoen egoitza kanpoan, sartu aurretik. Barruan, eztabaida oso luze joan zen. Auskalo zenbat ordu. Ehun mila galdera eta erantzunen ondoren, Javier Atutxak egin zuen urregorrizko galdera: alderdiak jarrera hau baldin badu, Garaikoetxeak onartzen du edo ez? Onartzen badu, aurrera, eta onartzen ez badu, kanpora. Garaikoetxea egoskortu egin zen. Ezetz. Horrela bukatu zen batzarra, Garaikoetxeak lehendakari izateari utziko ziola erabakita.

Zer onartu behar zuen Garaikoetxeak?

Arbitratze dokumentu bat egin zuen EBBk, diputazioen eta Jaurlaritzaren eskumenak zehazteko. Roman Sudupe EBBko presidentea eta biok joan ginen diputazioetara eta gobernura agiria aurkeztera. Gero, EAJko batzarrak txostena onartu egin zuen, baina Garaikoetxeak ez. «Onartzen ez baduzu, konfiantza kentzen zaizu». Eta hala izan zen.

Orduan sumatu zenuen zatiketak erremediorik ez zuela?

Beti daukazu esperantza noizbait adostasuna helduko dela, baina batzar hartan Carlosek [Garaikoetxea] behin betiko ezetza eman zuenetik aurrera zaila zen krisiak atzerabidea izatea. Gero, kanpaina moduko bat izan zen lehendakariari atxikimendua agertzeko; omenezko ekitaldiak herriz herri, lehendakariaren hitzaldiarekin beti... Hor suma zitekeen gero zoritxarrez etorri zena lantzen ari zirela.

Ordezkaritza sistema konfederalarekin, alderdiaren batzarra eta EBB kontrolatzen zenuten ildo ofizialekoek. Baina alderdikide gehienak zuekin zeuden?

Ez dakit zer proportziotan, baina gehienak EBBren ildokoak ziren. Baina garai hartan bi aldeetako inork ez geneukan garbi. Ez zegoen tresnarik hori modu fidagarrian neurtzeko. EBBn beldurra zegoen gerta zitekeenari buruz. Carlosen aldekoek, berriz, irabazteko moduan zirela usteko zuten, zuen karismagatik. Baina zatiketaren ondoren hauteskundeetan, guk 17 eta haiek 13. Eta PSOEk 19.

Eta Garaikoetxea ia lehendakari. Historia bestelakoa izango litzateke, zatiketa gertatu berritan PSOE, EA eta EE koalizioa gauzatu izan balitz.

Gizarte Segurantzaren gobernua esaten genion guk saio hari. PSOE ez zen ausartzen, gehiengoa berak izan arren, gobernua lideratzen, eta egia da Carlosek lehendakari izateko aukera ona izan zuela. Baina oso gogor jokatu zuen hasieratik: «Hasteko, Gizarte Segurantzaz, kutxa bakarraz eta abarrez negozia dezagun». Carlos oso negoziatzaile gogorra da: soka azkeneraino tenkatu, eta apurtuko dela ematen duenean, taka. Baina ez ziren konpondu, eta PSOEk guri deitu zigun.

Gaur egun zer uste duzu, zatitu beste erremediorik ez zegoela?

Ideologiaren arloan aldeak hainbesterako ez zirela uste dut, baina 1976tik egin zuen euri guztiaren ondoren, ziur asko une hartan ezinezkoa zen zatiketa geldiaraztea. Halako punturaino heldu zen krisia, hainbeste ziren arrazoiak... Arrazoi askok egin baitzuten bat une hartan. Uste dut jende asko zegoela behin Juan Ajuriagerra hilez geroztik alderdian agintea hartzeko interesarekin. Ajuriagerra hil zenean, barruko ildo eta tentsioak agertzen hasi ziren.

COMPARTE