Opinión
27Agosto
2006
27 |
Opinión

Bideko gidariak

Opinión
Agosto 27 | 2006 |
Opinión

JAINKOA badela erakusten duten bost bide eskaintzen zituzten lehengo zaharrek. Izadiaren antolamendua zen horietako bat. Batak bestea txikitu gabe, nahas-mahas bihurtu gabe, izadiak irauten baldin badu, antolatzaile bat izan den seinalea da. Norbaitek aurrez atondu duelako dabil ordenadorea. Jainkoa izan badela erakusten duen arrazoibideetako bat hori zen.
Gidaririk gabeko bi autobusekin egin dute aproba Bilbon. Bazterra jo dute. Orandik ez du teknologiak horrenbeste aurreratu. Bihurgunez eta aldapaz betetako lurralde honetarako, gutxiago. Auzoetan festarik jartzen ez dutelako arranguraturik sumatu ditut Donostian batzuk. Egia da, festarik nahi duenak Donostia polit eta zaharrera jo behar du. Zorionez niretzat. Ni jendetzari eta zaratari ihesi ibiltzen bainaiz. Espaloi hutsak bezalakorik ez da ibiltzeko, isiltasuna bezalakorik ez da lo egiteko. Amara Berriko tabernariek ere badakite jai dutela, ez dutela bezerorik izango, eta itxi egiten dituzte. Hala ere, geratzen garen pizarrontzat bada nahikorik. Baina bat izan da argia. Goizean goiz ekin zion garbitzaileak. Sukaldariak ere ipiniak zeuzkan pintxo guztiak 10,30etarako. Tabernako nagusia edo zerbitzaria etorri zain egon gabe joan ziren garbitzailea eta sukaldaria, taberna betiko bezero baten esku utzita. «Ez dago inor» erantzunez bidaltzen zuen jendea. Baina betiko bezero batzuk bertan geratzen ziren behar zutena hartzeko. «Tabernari honek asmatu dik zerbitzaririk gabe taberna martxan edukitzeko modua», pentsatu nuen. Baina kobratzailerik gabe laster joko du bazterra.

Zorioneko bake prozesu hau ere bere gisa, gidaririk gabe, dabilela, dirudi. Ondo egitarautua eta ibilbidea aurrez antolatua balego ere, gidaririk gabe noiznahi amil daiteke, bidean beti gertatzen baitira ezustekoak. Bazterra joko balu, berriz, txikizioak auzora botatzen saiatuko lirateke. Eta sarritan gogorarazten diguten Bertolt Brecht-en iragarpenaz mehatxatuko gaituzte, berriro, batzuek eta besteek lasai bizi omen garenok.

COMPARTE