Opinión
09Julio
2006
09 |
Opinión

Euskararen aurrerakada

Opinión
Julio 09 | 2006 |
Opinión

EUSKARAZ hitzaldi mordoska entzuteko aukera izan dut ekainaren hondarrean eta uztailaren hasieran: Joan Mari Lekuonari eta Patxi Altunari buruz Ana Toledori eta Miren Azkarateri, Donostian; Lardizabali buruz Mikel Zalbide, Beñat Oihartzabal, Andres Urrutia eta Joxe Joan Txabarriri, Zaldibian; Rikardo Arregi sarien irabazleei, Andoainen. Horiei entzundakoan gogoratu nintzen komunikabideetan eta abarretan edozertaz euskaraz egoki eta errax idazten edo hitz egiten duten guztiekin. Berebiziko aurrerakada egin du euskarak hedabideetan, literaturan, irakaskuntzan eta abarretan.
Rikardo Arregi sarien ekitaldia suertatu zitzaidan deigarriena. Ekitaldi horretara joan ohi zen adineko lagun mordoskaren hutsunea nabaritu nuen. Bizitzaren legeak ez du barkatzen. Aldi berean, ordea, euskaraz gogotsu diharduten gazteak ikusi nituen. Oro har, lehengoen maila erraz gainditzen dutenak; kopuruz, berriz, lehen konta ahalak ziren alorrean ehunka ditugu orain. 30 urteotan egin den aurrerakada ederki islatzen du ikasle batzuek burutu duten "Gu gara euskal prentsa" DVDak. Jauzi harrigarria egin dute kazetaritzak eta euskal komunikabideek.

Jauzi bera egin ote dute irakurleek, entzuleek eta hiztunek? Hor koxka. Egia da, zenbait lekutan lehen baino euskara gehiago entzuten da, euskaraz jakitea eta hitz egitea ez da lehen bezain gutxiesgarri. Baina euskaraz eskolatutako gehiegik jotzen du erdarara lagunartean. Ez dute dakiten guztiek erabiltzen. Eta belaunaldi honen jokabideak zerikusi handia izango du etorkizunean. Berari dagokio euskara gizarteratzea. Euskaltzaleen aurreko belaunaldiak euskara eskolara, komunikabideetara eta abarretara eramaten saiatu dira; gizarteratzea dagokie oraingoei.

Imanol Uria sarituak gogoan izan zituen lan xumea egiten duten kazetariak. Horiek gabe ez litzateke egunkaririk kaleratuko. Orobat, herritarrek erabiltzen ez badute euskarak ez du aurrera egingo.

COMPARTE