Opinión
18Junio
2006
18 |
Opinión

Da Vinci Kodea

Opinión
Junio 18 | 2006 |
Opinión

ELEBERRIA da Da Vinci Kodea. Asmamena. Eta kitto. Alferrik arituko gara kontraesan bila. Alferrik, zenbait baieztapen gezurtatzen. Bizitasun izugarrizko polizi nobela da. Irentsi egin nuen nik. Bukaera iruditu zitzaidan hutsala. «Ziri ederra sartu didak» erantzun nion.
Ebanjelioak eta kristau iturriak gizonezkoek, gizonezkoen ikuspuntutik eta emakumea erabat gizonaren mendeko zen gizartean idatzi zituzten. Bestalde, ez zuten Jesusen biografiarik edo historiarik idatzi. Kontaerak ez dira, beraz, hitzez hitz hartu beharrekoak. Hala ere, Jesus historikoaren irudi bat izateko adina bide ematen digute. Beti ere, bakoitzaren irudimenaren arabera molda daitekeena.

Gaur egun, lehen baino bide gehiago ditugu horretarako. Da Vinci artista zen. Haren garaitik hona asko aurreratu da lehen kristauek idatzitako testuen ikerkuntzan. Dan Brown, berriz, eleberrigilea da. Ez bata eta ez bestea dira gai horietan adituak. Egia da, ia oraintsu arte, Magdalako Maria zerikusirik ez duen emagalduarekin nahastu duela Elizak. Magdalena Jesusen lagun mina zen eta jarraitzaileen artean toki berezia zuen. Zergatik ukatu behar dugu ikasleen artean emakumezkoak ere bazirela? Apostoluekin batera zebiltzan emakumezkoek zergatik ez zuten azken afarian parte hartu behar? Jesusen ondoan halako aintzindaritza zuten emakumeak gizarte matxistaren eraginak baztertu zituen lehen kristauen artean, ezbairik gabe.

Jesus eta Magdalena senar-emazte zirela pentsatzeak zergatik aztoratzen gaitu? Nork ez du ikusi pelikularen batean Jesus haurra, denbora pasa, lur puskarekin txoriak egiten? Hau ez al da bestea baino eskandalagarriagoa? Jesusen garaian gaizki ikusia zegoen ezkondu gabe geratzea. Eta marmar haiek isildu nahian erantzun zien, agian, Jainkoaren Erregetzagatik antzu edo iren geratuak ere bazirela. Dena den, ezkondua edo ezkongabea izan, zer garrantzi du? Eskandalagarriagoa beharko luke izan gotzaientzat Cope kodeak.

COMPARTE