Opinión
30Abril
2006
30 |
Opinión

Noni eta Mani

Opinión
Abril 30 | 2006 |
Opinión

PLAZIDO MUXIKA jesulaguna, merezi bezala, gogoratu eta goraipatu dute Urnietak eta Euskaltzaindiak. Hainbeste itzultzaile eta hiztegigilek erabilitako "Diccionario castellano-vasco" goraipatu dute, batez ere, nahiz eta bi liburukitan argitaratu zuen "Diccionacio vasco-castellano" ere gogoan izan. Baina itzalean geratu dira aleman hizkuntzatik euskaratu zituen "Noni eta Mani" eta "Mendiko argia" eleberriak. Lehenengoaren laugarren argitaraldia eta bigarrenaren hirugarren argitaraldia eskaini dizkigu liburu bakar batean Gillermo Etxeberria Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen "Egan" aldizkariaren zuzendariak. Oraingoan, ordea, Joxe Antonio Mujika Plazidoren ilobak euskara batuan moldaturik plazaratu dira.
Gerra ondoan eskolaratu ginen euskaldunok euskarazko liburu bakarra izan genuen: «Kristau-ikasbidea». Euskara idatzia irakurtzen ikasteko beste libururik ez genuen. Izan ere, gerra ondoko euskarazko liburuak atzerrian bakarrik argitaratu ziren 1950 arte. Patxi Unzurrunzagak eta Joxe Artetxek lortutako baimenari esker argitaratu ziren lehenengoak hemen. Eta baimen horri esker Patxi Unzurrunzagak hasi zuen "Kulixka Sorta"ren lehen liburua Plazido Muxikaren «Noni eta Mani» eleberria izan zen. Nik eskuratu nuen lehenengoetakoa eta «Garoa»ren ondoren irakurri nuen bigarren eleberria huraxe zen, noski. Oso atsegina gertatu zitzaidan ixtorio hura.

"Noni eta Mani" eta "Mendiko argia", Joxe Antonio Mujikak dioen bezala, «eleberri laburrak dira biak ere, kontakizun bizi eta irakurterrezak, gazteak onbidera ekartzeko eta haiei jarraibide egokia eskaintzeko xedez eginak». Ez dira eleberri bihurri eta korapilatsuak, aurrera eta atzera, behin eta berriz, katramilatzen direnak. Euskaraz irakurtzen hasiberrientzat eta gutxi ohitutakoentzat oso egokiak. Zaharragoek bizi izan genuen giroaz jabetzeko ere oso baliagarriak. Bide batez, Muxikaren oroigarri on bat ere eskuratuko du, jakina.

COMPARTE