Opinión
09Abril
2006
09 |
Opinión

Pl. Muxikaren mendeurrena

Opinión
Abril 09 | 2006 |
Opinión

PLAZIDO Muxika Berrondo jaio zela ehun urte beteko dira datorren igandean. Urnietako auzo zen Orian jaio zenez, «herriz urnietarra naiz ni» errepikatzen zuen, nahiz eta hamar urterekin Altzara bizitzera joan gurasoekin eta nahiz eta Loiolan, Kolonbian, Belgikan, Herbeheretan, Xabierren, Deustun, Oñan, Veruelan eta abarretan bizi izan. Urnietako herriak gogoratu eta goraipatu egin nahi du, beraz, Plazido Muxika jesulagun idazle, itzultzaile eta hiztegigile erraldoia egunotan.
Plazido Muxikari buruzko liburuska bat etxe guztietara banatuz eta aleman hizkuntzatik euskaratu zituen «Noni eta Mani» eta «Mendiko argia» batuan «Egan»en berrargitaratuz eta haren lan, eskuizkribu, liburu, argazki eta abarrekin antolatutako erakusketarekin hasi ziren mendeurreneko ospakizunak. Datorren igandean, 1906ko apirilaren 16an jaio baitzen, meza nagusia emango da eta ondoren brontzezko irudia agertuko Muxikaren ohoretan eta gogoangarri, bere izeneko plaza ederrean. Plazidoren bizitza eta lana goraipatuz Euskaltzandiak apirilaren 27an egingo duen batzarraz amaituko dira mendeurreneko ekitaldiak.

Plazido Muxikak lan eskerga egin zuen. Batez ere, hiztegigintzan egin zuen itzela. Euskararik ez dakiten ausarten eskuetan arriskutsua bada ere, ezinbestekoa izan da idazle, itzultzaile eta hiztegigileentzat. Erabili ere aitortu zaion baino gehiago erabili da, «Diccionario castellano-vasco» izenekoa batik-bat.

Baina inork ez beza uste izan beste zereginik ez zuelako egin zuenik lan erraldoi hori. Plazidok beste edozein jesulagunek bezala eskola eman eta apaiz lanak egin behar izaten zituen. Komentuetan ere, kalean bezalaxe, laguntza eta erraztasun gutxi izaten baitzen euskal lanetarako. Muxikak atsedenari, solasaldiei, loari eta otorduei denbora kenduz egin zituen bere hiztegi handia, itzulpenak eta euskarari buruzko ikerketak. Ongi irabazitako esker ona agertuko diote Plazido Muxikari, beraz, Urnietako herriak eta Euskaltzaindiak.

COMPARTE