EUSKOTAR gehienok, batez ere abertzale gehienok, bizkar eman diogulako ahuldu da ETA. Estatu demokratikoak eta demokraziaren plazan jokatu nahi izan duen EAJk badute zerikusirik horretan, jakina. Are eta ahulduagoa aurkituko litzateke, ezbairik gabe, estatu demokratikoak jokabide demokratikoagoak erabili izan balitu beti eta Gernikako Estatutuari hainbeste azpijan egin ez balitzaio. Eta euskal erakundeetan agintzen duen abertzaletasunak nola-halako jokabide horiek bakarrik salatu ditu, "Aldaketa-Cambio" delakoak besterik badio ere.
Demokraziaren arau eta eskakizunekiko zenbat eta errespeto handiagoa orduan eta azpijan handiagoa egiten zaie bortizkeriaren sustraiei. Eta demokraziaren bidez zenbat eta aurrerabide eta onura handiagoak lortu orduan eta azkarrago ahultzen dira indarkeriarekiko miresmena eta atxikimendua. Hori egin du, eragozpenak eragozpen, abertzaletasunak euskal erakundeetatik. Eta emaitzei eta lorpenei esker sinetsi du euskal gizarteak demokraziaren bidez aldarrika eta eskura daitekeela edozein egitasmo. Uste eta itxaropide horri uko egiteko eskatzen digu orain, indarkeria desagertzen denean, "Aldaketa-Cambio"k, isuritako odola medio, kolore bakarreko odola balitz bezala. Amarru bilaua da hori. Euskadiren askatasunaren aldeko guduan bizia galdu zuten milaka gudari haiek zer esango ote lukete?
Indarkeriari uko eginez gero, edozer aldarrika eta lor daitekeela errepikatu ondoren, «armekin lortu ez dutena ez dute politikoki lortuko» mehatxatu gintuen Mayor Orejak. "Aldaketa-Cambio"k ez dela etikoki zilegi errepikatzen digu. Ehun urteotan amestu eta aldarrikatu ditugun helburu eta egitasmoei uko egitera behartu nahi gaituzte, alazankoa! Gehienon nahiarentzat «nazio bakar zatiezinaren» leloa beste erantzunik ez al du Espainiako Estatuak? Eta armadarekin mehatxatzen ez bagaituzte, gaitzerdi.