Zaila da topikoak alde batera uztea orain 50 urte New Yorken desagertutako Jesus Galindezen izaeraren berezitasunak eta garaia argitzeko. Joera hori hausteko, komenigarria izango litzateke, agian, Galindez gure desagertuetako bat dela esanez hastea; ospetsua edo ez, argentinar, txiletar, guatemalar edo bosniarrenak bezalakoa, historia politikoaren inguruko liburuetan ikasten direnetakoa. Candido Saseta, Jose Miguel Etxeberria, Jose Ariztimuño, Popo Larre, Eduardo Moreno eta abar dira gure desagertuetako batzuk... baita Galindez ere. Herrikideek ere ahaztu dute, urrutira begiratzen baitute beste doilorkeria batzuk garbitzeko, unibertsaltasunaren izenean.
Eta zaila da berezitasun horiek aipatzen hastea, Galindez ez baita ospetsu izan gerra hotzaren hasieran AEBetako euskal ordezkaria izateagatik, gerra zibilaren garaian Madrilen edo Bartzelonan euskal komunitatea antolatzeagatik, zuzenbide liburuak eta Euskal Herrian erreferentzia direnak idazteagatik edota Dominikar Errepublikako presidente Leonidas Trujilloren diktadura gaitzesteagatik. Ez, ez du horrek egin ospetsu, baizik Edgard Hooverrek sortutako FBIn sartutako Estatu Batuetako Estatu Departamentuko agente izateak. Hala ere, ezaugarri horrek haren ibilbidean inolaz ere bazter ez uztekoagarrantzia kendu dio, nolabait, haren izaerari.
Xehetasun hori abiapuntu hartuta, eta beste guztiak justifikatzeko inolako borondaterik gabe, hauxe esan beharko litzateke: Bai, Bigarren Mundu Gerran eta gerra hotzaren hasieran Washingtonentzat jardun zuten euskal agenteetan onenetarikoa izan zen Galindez, Agirre lehendakariak 1942an Franklin Roosveltekin hitzartutako akordioen ondoren. EAJk batez ere, eta PSOEk eta talde errepublikanoek bereziki, AEBetako zerbitzu sekretuen alde egin zuten, Hitler eta Mussoliniren erorikoaren ondoren beste hainbat erregimen ere eroriko zirela pentsatzen baitzuten; Francorena, tartean.
1953an, Eisenhowerrek, Vatikanoak eta gerra hotzeko alde urdineko beste hainbatek Franco onartu zutenean «putasemea da, baina gure putasemea» filosofiari jarraituta, hitzok esan baitzituen Roosveltek berak Nikaraguako diktadore Antonio Somozari buruz, nabarmen hoztu ziren euskaldunen eta estatubatuarren arteko harremanak. Horiek horrela, «nazionalista itsuak» bihurtu ziren Jose Antonio Agirre, Jesus Galindez eta haien kideak Estatu Departamentuaren iritziz, «iheslari izateari uzteko irrikan zeuden errefuxiatuak», eta abar. Eta lagun deserosoak bihurtu ziren, etsai bihur zitezkeenak. Urte hartan bertan, gainera, MacCarthy senatariak argi eta garbi azaldu zuenez, bere kabuz bihurtzen ez zena automatikoki bihur zitekeen.
Desagertu baino bi urte lehenago hasi ziren zerbitzu sekretuak Galindez eta haren ingurukoak zehatz-mehatz ikertzen. Eta haren bahiketaren aurreko astean, Estatu Departamenduaren aginduak jasotzera bidaiatu zuen Galindezek Washingtonera.
Galindez eta Agirre izan ziren pertsonaia deserosoenak. Horregatik, ez da harritzekoa Galindezen desagertzea CIArentzat lan egiten zuten agente ohien enpresa batek prestatu izana (Robert Maheu). Enpresa hori bera kontratatu zuten gero Fidel Castro hiltzeko, eta Watergate auzian nahastuta ere ibili zen aurrerago. Gauza gutxi esan dira horri buruz.
Baita guztiz garrantzitsua den beste bati buruz ere; alegia, euskaldunak bere diktadura gaitzetsi izana mendekatzeko, ustez Galindez bahitu zezaten agindu zuen Leonidas Trujillok bulegoa zuela New Yorken bere interesak babesteko, eta euskaldunak babestu zituen Franklin Roosvelt presidentearen semeak Franklin Roosvelt semea, demokrata zuzentzen zuela hori. Horregatik eutsi zioten hura bizirik zegoela zioen hipotesiari, eta munduko lekuren batean ikusi zutela esaten zuten noizean behin. Agerian geratu zen Roosvelt semea. Eisenhower errepublikanoak ez zuen utzi desagertzearen inguruko ikerketa inguru hartatik haratago joan zedin. Eta ezezko hori publiko egin zuen, The New York Times egunkariak behin eta berriz galdetuta. Zertara dator horrenbesteko iskanbila? Zergatik eman behar zuen munduko herrialde boteretsueneko presidenteak mapan ere agertzen ez zen herri baten ordezkariari buruzko argibiderik? Hona hemen desilusio gehiago: ez ziren saiatu, sekula, Trujillori buruzko Galindezen tesiaren argitaratzaile izandako Alfonso Naranjo Urrutia txiletarraren emaztea bahitzeko Los Angelesen izandako saiakera argitzen. Francok difamatu egiten zuen, bitartean. Nork defendatu behar zuen Galindez?
Gai horiei guztiei garrantzia kendu gabe, ez dugu ezagutzen Galindezi buruzko beste guztia, nahiz eta gaur egungo historialariok XX. mendeko pertsonaia horri buruz izan datu gehien. Eztabaidaezinak batzuk, eta inplikazio lotsagarrienak korapilatzeko besteak. Agirreren ordezko izan behar zuen Galindezek, lehendakariaren beraren hitzetan. FBIk haren izaera laburtzeko txosten batean esan zuenez, «Agirre baino ezkerrago zegoen, eta hura baino toleranteagoa zen». EAJren barnean, haren jarduera batzuk ez zituzten begi onez ikusten, Latinoamerikako erregimenen oposizio ziren erakunde eta pertsonengana hurbiltzen baitzen, eta Washingtonen aliatu baitziren herrialde haiek. Galindezen aurretik New Yorken euskal ordezkari izandako Anton Iralak haren apetak kritikatu zituen, eta kate motzean lot zezan iradoki zion Agirreri. Erantzukiak ez ziren nahiko izan 40 urterekin desagertuko zenaren espiritua moldatzeko. Garai hartako testuinguruan ohikoa ez bazen ere, katoliko kaskarra izan zen Galindez, seme bihurria (faxisten aldekoa izan zen haren aita), maitale suharra, ezkongabea, telebistako serieetakoak bezalako maitasun istorioak izan zituena (FBIk haren maitale izandako bederatzi emakume identifikatu zituen; Francok, berriz homosexuala zela esan zuen, hura iraintzeko). Baita arraza argirik ez zuen Madrilgo euskalduna. Baina, horren guztiaren gainetik, ustekabeko politikaria.
Egun, haren bizitzari buruzko xehetasun guztiak bi gerra handi haiek baldintzatu dituzte. Gerra argia bata, 36koa, eta isilekoa bestea; gerra hotza, alegia. Batak ekarri zien bestea. Franco eta Mola altxatu izan ez balira, abokatu argi gisa jardun izango zukeen Galindezek Madrilen, eta haren bulegoak euskal auzia defendatuko zukeen Madrilen. Helduaroan, hainbat eleberri kostunbrista idatzi izango zituzkeen, eta, biologia eta estatistika arrazoiengatik, mendearen hasieran hil izango zatekeen. Uztailaren 18ak betiko erabaki zuen guztia, ordea. 21 urterekin, Madrilgo euskal komunitatea antolatu zuen. Galindezek, familia oneko seme eta Justizia Ministerioan Irujoren aholkulari izandakoak, kontzentrazio esparru batean (Gurs) amaitu zuen penintsulako ibilbidea. Bere bulegoko kaobazko mahaitik, Madrilgo auzo dotoreeneko kaleetatik (Salamanca auzoan bizi zen) mila presorentzat ziren bost komunetara. Bermutetik okara.
Kasualitateak, berriz ere, segur aski sekula ezagutuko ez zukeen herrialde batekin lotu zuen, Dominikar Errepublikarekin. Are gehiago: New Yorkeko euskal ordezkari izendatu zuten Agirreren kezkaren eta Manu de la Sotak Miarritzera itzultzeko zuen gogoaren ondorioz, gizateriaren etorkizuna erabakitzen den hirikoa. Gehiegi izan zen hura, hark bere bakardadean egiteko. Alderdiaren diziplinak FBIko agente izatera eraman zuen, Estatu Departamentuaren funtsak EAJrentzat erabiltzera. Gerra hotzak lagun deseroso eta arriskutsua bihurtu zuen. Eta haren azkena Agata Christiek Orient Expresseko hilketa eleberrian hilarazitako Samuel Ratchett pertsonaiarena bezalakoa izan zen hamabi bidaiari zihoazen Europako landetan barrena tren batean, eta hamabi labankadaz hil zuten, bidaiari bakoitzeko labankada batez. Eta ez zuten inolako zigorrik izan, gizateriari mesede egin izanagatik.
Orain artekoa ikusita, uste dut Galindez pertsonaia deserosoa dela oraindik, berrogeita hamar urte joan badira ere. Agian, horrexegatik sortu dit jakin-mina. Zorionez, 1956koa ez bezalako ikuspegia eskaintzen digu distantziak.