Azkenaldion Espainiako Gobernuak bere garaian frankistek Kataluniako Generalitateari lapurtutako agiriak nola bueltatu dituen ikusi dugu. Erabakiak, berez, gazi-gozoak eragiten ditu.
Pozez hartu dugu albistea, zalantzarik gabe. Izan ere, hirurogeita zazpi urte behar izan dira Espainiako Gobernu batek onar dezan, zilegi dela, frankistek bidegabe ebatsitako eta Salamancan gordetako agiriak berreskuratzeko eskaera egitea. Horretarako, joan den 2004ko abenduan, Espainiako Gobernuak izendatutako aholku batzorde batek, Mayor Zaragoza buru zela, ebazpen bat jakinarazi zuen. Ebazpen horrek jatorri irizpidearen garrantzia nabarmentzen du, frankismoak eragindako kalteak fisikoki eta moralki konpontzeko beharra ere nabarmentzen du, eta, bada kontu gehiago, agirien itzulpenaren justizia eta aldarrikapenaren zilegitasuna ere adierazten da. Gomendio horiek guztiak Madrilgo Kongresuan onartu den Lege Proiektuan izan dute isla. Baina, zerk ematen dio funtsa agirien itzulketa honi? Espainiako Gobernuak arrazonamendu zinez logikoa eman du itzulketa horri bide emateko: Errepublikak bere gain aitortzen zuen gobernu demokratikoa zela Kataluniakoa. Kataluniakoek, printzipio horri jarraiki, sasoi horretako ondarea eskuratu dute dagoeneko. Zorionak.
Orain dator orain eztabaida honen gazia. Baldintza hori betetzen duen kasua da geurea ere. Ez al zuen aitortu Errepublikako Gorteek 1936ko urriaren 1ean Eusko Jaurlaritzaren eraketa? Tresneri beretsua dugu eskuartean. Are gehiago, Espainiako Gobernuaren Kultura Ministroak beronek ere “errepresio” helburuekin ebatsi ziren dokumentuak direla aitortu du Senatuan. Calvo andereak esan bezala; “... Legezko instituzio demokratiko horren existentziaren dokumenturik garrantzitsuenak dira, Errepublika garaiko esparru konstituzionalean, errepresio helburuekin indarrez ebatsi zirenak (...)”. Badirudi Kultura Ministroaren adierazpenak entzunda, zentzu guztietan gatozela bat. Horrela da bai, denok dakigu Salamancako Artxibategian dagoena lapurreta izan zela. 1937ko apirilaren 20an, Francoren gobernuak Informazio eta Propaganda Antikomunistaren Bulegoa sortu zuen, Errepublikaren aldekoen agiriak ebasteko helburuarekin. Salamancan ezarri zen erakunde haren egoitza, altxatuen hiriburua zelako une hartan. 1937ko ekainean, altxatuak Bilbo hartu orduko, agiri harrapaketa hasi zen. Helburua zehatza zuen; Mugimendu Nazionalaren aurkako erakundeen eta pertsonen agiriak berreskuratu, sailkatu eta gordetzea. Fronteak aurrera egin ahala, tokian-tokiko alderdien, sindikatuen, udaletxeen, elkarteen eta hedabideen, banakoen etxeetan sartu eta agiriak hartzen zituzten. “Artxibategi” deitura horrek, beraz, badu bere eufemismo punttua. Artxibatzeko asmorik ez zuten haiek. Altxatuek dokumentuak errekisatu eta indarrez eraman zuten errepresio bidez, eta, gerora ere, jazarpenak urtetan iraun zuen. Jokaera horiek ez dira artxibatzearen praktikari lotzen normalean. Errepresioa? Berbarik egokiena izan daiteke. Errepresio bidez, lapurreta egin zen.
Indarrez ebatsi zirela, errepresio bide izan zela, lapurreta… Kalifikazio guztietan bat gatoz. Exijitutako baldintzak ere betetzen ditugu, Errepublikak aitortu izandako Eusko Jaurlaritza izatea, alegia. Orduan, nire galdera da, zein da auzi honen eragozpen nagusiena? Ulertzeko moduetan ados izanik, zein da orduan hitzetatik ekintzetara pasatzeko zailtasuna? Ez al gara joko zelaian denok eskubide berekoak? Azal diezadatela, mesedez. Ez gaude garaile edo galtzaileetaz hitzegiten ari, ezta arma politikoetaz ere. Zilegi da dagokiguna eskatzea. Rodríguez Zapateroren Gobernuak, legeak lege eta Kataluniakoari jarraiki, arrazoi berengatik, beste hainbeste egin beharko luke Eusko Jaurlaritzaren agiriekin, guk eskatu behar izan gabe. Agiri horiek guztiak gure ondare kolektiboaren erakusle dira eta, beraz, bere kokapen naturalean baino ez dute zentzurik. Orain, Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Zentroan, IRARGIn, eta, aitaren batean, legealdi honen buruan eraikiko den Euskadiko Artxibo Nazionalean.