Opinión
26Febrero
2006
26 |
Opinión

Amorragarria

Opinión
Febrero 26 | 2006 |
Opinión

BATZUENTZAT etsigarria izan da ETAren agiria. Niretzat amorragarria. Jasangaitza gertatzen zait nik zer egin behar dudan armadunek agintzea. ETA jaiotzerako banekien nik Euskal Herria bazela, Aranaren aurretik ere "Zazpiak bat" aldarrikatzen zutela, gudari askok eman zutela bizia Euskadi aske eta burujabearen alde. Nik ez dut Euskadik duen erabakimena eta bere buruaren jabe izateko duen eskubidea aldarrikatzeko ETAk agindu beharrik. Amorrua eta sua ematen dizkidate horretaratu nahi nauten edo hori guztia ukatu nahi didaten armadunek.
Español asko harro agertzen da Espainiaren batasuna defenditzeko duen ejerzitoarekin. Ezker abertzale batzuk ere harro sumatzen ditut abertzale eskakizun eta egitasmoei ETAk ematen omen dien babesarekin. Niri, berriz, amorrua ematen dit. Eta abertzaletasuna eta euskal ekinbide guztiak zikitzen dituztela jakinik, odol gaizto ere egiten nau.

Nik, jakina, ez diet, ETAk dena zikintzen duelako, euskarari, euskaldunon erabakimenari eta burujabetzari muzinik egingo. Inork ukorik egin al die Espainiari eta gaztelaniari Francok Espainiagatik eta gaztelaniagatik milaka eta milaka hil zituelako? ETA sagardozale aterako balitz sagardotegi guztiak itxi beharko al genituzke? Horixe eskatzen digute ETAk erasotutako batzuek eta horien minaz baliatu nahi duten itsumutilek.

Bukaera elkarrizketatua nahi dut, ahalik eta minik eta zauririk gutxien eta arinenak utziko dituena. Baina ez dut ETAk alderdien mahaian muturrik sartzerik nahi. Eta ez dut irabazle itxuran ateratzerik ere nahi. Aspaldi eman baitzion bizkar euskal gizarteak, alderdiek hauteskundeetan eta demokraziaren plazan jokatzea erabaki zuten egun hartatik hasita. Eta harro izan behar lukete une zail haietan urrats hura egin zuten alderdiek, jeltzaleek bereziki. Orduan galdu baitzuen ETAk bere jokoa. Geroztik hor dihardu gero eta bakarrago eta baztertuago. Demokraziara itzultzeko aukera ematen zaio berriro. Aukera alferrik galduko ote du?

COMPARTE