Opinión
12Febrero
2006
12 |
Opinión

Islamiarren aztoramena

Opinión
Febrero 12 | 2006 |
Opinión

ELIZAK ez dio irudikatzeari ukorik egin. Ikusezin den Jainko Aita ere bizar eta guzti irudikatu du. Hor dauka Mikel aingerua ezpata altxata. Argazkirik ez zen garaiko Jesus, Maria, apostoluak eta santuak ere irudikatzen ditu. Horri eskerrak artelan harrigarriak ikus ditzakegu mendebaldean. Eta islamiarrak ez bezala irudietara ohitutako gizartea da gurea. Kristautasunak bestalde, islamak ez bezala, ilustrazioaren arragoan, arrazoiaren argitan gardendu behar izan zuen eta demokraziaren jokora eta adierazpen askatasunera ohitu.
Gure gizarteari ulertezin gertatzen zaio islamiar gizartea, erlijioak eta erlijioko lege eta arauek agintzen eta gidatzen duten gizarte hori. Eta ez du ulertzen Mahomaren irudi tzar bat erreketak eta hilketak baino eskandalagarriagoa nola izan daitekeen. Gure artean, gainera, etorkinekin batera iristen ari zaizkigun erlijio motei baino irri gehiago egin ohi zaio nagusi den kristau erlijioari. Joan Paulo Aita Santua, adibidez, eguneroko txotxongillo bihurtu zuten.

Adierazpen askatasuna oinarrizkoa da demokrazian. Baina adierazpen askatasun hori gidatuegia da askotan, zoritxarrez. Islamiarren aztoramen berantiar hau lekuko. Adierazpen askatasunak, sakratua eta ukiezina denez, badu, bestalde, errazkeriara eta arinkeriara jotzeko arriskurik. Hil ala bizikoa al da adierazpen askatasunarentzat Mahomaren karikatura bat egitea?

Dena den, bada telebistarekin mindutakorik ere. Jainkoa baztertua den gure gizarte honetan baino birao gehiago esaten den beste gizarterik ez da izango. Ohituraz, lainezaz edo hiztegi faltaz esaten direnetaz landa, lehiaren beroaldian botatzen direnak ere hobeto entzun ditzagun mikrofonoa jartzen zaie kirolariei. Telebistako emanaldi batzuetan beti aitarenka ari den elizgizon gizajorik ez da falta. Baina kontuz «zozoa» deitu andaluz bati. Gauza bat dira graziazko karikaturak eta irriak eta oso besterik narras eta iraingarriak.

COMPARTE