Opinión
05Febrero
2006
05 |
Opinión

Damua patrikan

Opinión
Febrero 05 | 2006 |
Opinión

AZKOITIAN piztu da sua. Bergizarteratzeko eskubidea eskatzen dute batzuek; damua eta kalteen ordaina besteek. Eta biek dute arrazoi. Baina ez mina burruka bide bihurtzeko. ETAk gogorkeriari eta PPk mendeku jarrerari uko egiten ez badie elkarbizitza are eta gaiztotuagoa bilakatuko da.
Zuzen ustean egin zenaz ez daiteke damurik izan, noski. Bere ustez, herriaren gudari eta salbatzaile zenak nola onartuko du, bada, gaizkile madarikatu bat izan zela? Herritar bat hiltzea kontzientziak nola onar dezakeen ulertzea ez da erraza. Baina herriaren izenean zuzenetsi duenak ere ekintza hark sortu zuen minaz eta kalteaz beharko luke damua, patrikan bederen. Horretaratu bitartean, berriz, ahal duelarik behintzat,alargunduaren, umezurtzaren edo elbarrituarengandik urrun samar bizitzen ahalegindu beharko luke, nahiz eta zigorra bete duenak nahi duen lekuan bizitzeko eskubidea izan.

Borroka egiten duenak ere baditu bere zauriak. Baina eragin dituenak ez dira gutxiago. Eta hilketen ondoriorik jasan ez duen beste askok ere mehatxu eta beldur asko pairatu du. Gerra garaia eta ondoa kendurik, «frankismoan ere ez genuen horrenbeste eraso eta beldur herritarrengandik jasan», entzuten diot bati baino gehiagori. Izan ere, armen babesak ematen duen lainezaz jokatu du zenbaitek. Alde horretatik, besteren bizia ez ezik berea ere arriskatu duen ETAkoari errazago barkatuko zaio, agian, ezer arriskatu gabe harro eta mehatxari jardun duenari baino. «Herriak ez du barkatuko» aldarria norbere buruaren gainera eror daiteke, beraz.

Istorio triste eta anker hau gehiegi luzatu da bat-batean elkarbizitza goxatzeko. Eta zenbat eta gehiago luzatu are eta nekezago ekarriko dugu bere onera. Mendeku egarria xaxatzen bada, nekezago. PPk jakin beharko luke eta Maria San Gilek ikasi lehen ere gerraren eta diktaduraren erasoagatik senperrak ikusitako jende askok barkatu zuela ordainetan ezer eskatu gabe. Buruzagiak ez daitezke sua pizten ibili.

COMPARTE