Opinión
03Febrero
2006
03 |
Opinión

Ispilua eta prozedura

Opinión
Febrero 03 | 2006 |
Opinión

Kataluniako Estatut-aren azken the end agertu aurretik ez dakigu happy end-ik ikusiko dugun, horretarako ERCen onespena behar da eta. ERCk motiboak ditu bere sinadura ez jartzeko, baina arriskutsua da horrelako mugimendua. Atxilotuaren dileman sartuta dago.
Seguruenik, urtea hasi denetik, Zapaterok jasan dituen presioek eragin handia izan dute bere portaeran, eskuma espainiarrak eskura dituen arma guztiak, militarrenak barne, jokoan jarri ditu eta. Presioen artean, bere alderdikideenak ere kontuan hartzekoak dira. Herenegun bertan telebista kate batean, Alfonso Guerrak, betiko lelo batzuk errepikatuta, argi utzi zuen alderdiko sektore handi batek zer uste duen, besteak beste, ezker tradizioak eta nazionalismoak zerikusirik ez dutela esan zuen eta, horren ondorioz, Maragallen jokabidea erratikoa izan dela, ez dagoelarik argi ala sozialista ala nazionalista den.

Testuinguru honetan Zapaterok ez du orain arteko ausardiarik mantendu, makurtu egin da, neurri batean bere aliantzen politika hankaz gora ipintzen duen bidelagun indartsu bat aurkitu du: CiU. Confucioren aginduak jarraiki, arerioaren zerraldoa etxe aurretik igarotzen ikusi arte itxaron du, duela gutxira arte Estatut-aren prozesu guztia baldintzatu du, hasieratik maximalistena izanik eta, amaieran, espero zuen mendekua abian jarrita: ERCri txanpon berberarekin ordaindu.

ERCk gobernu hirukoitza muntatzeko momentuan adarra jo zion CiUri, baina transatlantikoen mugimenduak geldoak dira, urperatzean zurrunbilo handiagoa sortzen dute, baina behin ibilbide zehatz bat hartuta inplakableak dira. ERCk CiU ordezkatzera jokatu du eta momentuz hori ezinezkoa da. Kontua, ordea, hegemonia noren esku dagoen argitzea izango da. CiUk bere rol zentrala berreskuratu du, baina hango hautesleria nazionalista mugitu den ala ez eta zein alderditik hurbilago dagoen jakiteke dago, agian ERCtik. Hurrengo hauteskundeetan ikusiko da, nahiz eta batak zein besteak lortu nahi zuten Estatutua oso antzekoa izan. Egia da, bestalde, eskari ekonomikoak proposamen berriaren ardatza izan direla, baina ERC sinbolikoki puruagoa da eta ez du, CiUk bezala, merkatari irudi erantsirik.

Nolanahi ere, gutxik espero genuen film honen amaitzeko modua, eta duela gutxira arte oso ondo jokatu duen Zapaterok badirudi bere arazo propioa konpondu duela Ðeta baita Mas-ek berea ereÐ, baina Kataluniakoa? Ez ote du urte batzuetarako txingarrik utzi? Areago, arrazoiak arrazoi, erdibidean geratu da eta praktikan PP, eta Estatuko eta PSOEko sektore inmobilistenak saritu ditu, zeren Estatuaren izaera nazioanitza ala naziobakarra zen jokoan zegoena. Aniztasun horri dagokion aparatu administratiboa eta botere banaketa ez da Konstituzioan kabitzen, eta berau aldatzeko momenturik egokiena ez bada oraingoa, bazen behintzat lehen urratsa ezartzekoa: aniztasun nazionala definitzekoa. Honen kontrara, fase guzti honek espainiar naziotasunaren indarrak metatzeko balio ez ote duen susmoa daukat.
Gurera transplantatuz, gure hainbat politikarik dio gurea ez dela eskuduntza kopuru kontua, erabakitzeko gaitasunaren eskubidearen onarpenarena baino. Niri eskaera honek, berarekin bat natorren arren, ez dit koadratzen. Alde batetik, Katalunian gertatukoa dugu eta, bestetik, hangoa baino sakon eta erradikalagoa da hemengo eskaera. Katalandar ordezkari gehienek Parlament-etik testu adostu batekin atera ziren, hemen hori lortzear dago; katalandarren izaera nazionala autoafirmazioan oinarritzen da, gurea anti-espainolismoan; katalandarrek egunerokotasun identitarioa ziurtatua dute eta aspektu instrumentalak hobesten dituzte; gureak egoera berberera heltzeko subiranotasun handiagoa behar du; eta abar... Hangoa ez da gurerako ispilua; bai, ordea, prozedura. Eta prozedura horretatik abiatuta, helburu gisa ez dut sinesgarri ikusten erabakitzeko gaitasunarena. Are gutxiago, hegemonia kontuak gainmetatzen badira fase berberean. Hori ere bada Kataluniako ikasketa.

COMPARTE